Nested Applications
Albisteak
Back Maitelanek zaintzaile profesionalen sare bat sortuko du Urnietan, elkarri babesa eta laguntza eskaintzeko
2026·07·14
Azken hamarkadetan, emakume askok jardun dute pertsonen zaintzaile moduan lanean. Horietako gehienak beste herrialde batzuetatik iritsi dira Euskadira lan hori modu profesionalean egiteko, aukera ekonomiko eta lan-aukera hobeen bila, beren herrialdea, familia eta kasu askotan haurrak atzean utzita.
Batzuk bakarrik iristen dira, inolako laguntzarik gabe, egoera oso konplexu bati aurre eginez. Testuinguru horretan, asko eskertzen da nolabaiteko babesa. Horixe da, hain zuzen ere, Maitelanek Urnietan abian jarriko duen ekimenaren helburua, zaintzaile profesionalei laguntza eskaintzea.
Maitelan irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko kooperatiba bat da, batez ere zaintzaren arloan aritzen dena. Beterri-Buruntzako Udalen eskutik sortu zen 2020an, arlo honetako lana duintzeko asmoz.
Maria Elisa Peredo Quiroz eta Soledad Granada Castañeda kooperatibako bi bazkide dira. Biak emakume migratzaileak dira, eta zainketen esparruan lan egiteko kanpotik iristen diren pertsonek bizi duten egoera barrutik ezagutzen dute, beraiek ere egoera beretik igaro baitziren: "badakigu zein egoera duten, eta gure esperientziari esker hobeto lagun diezaiekegu", azaldu dute.
Maria Elisa Boliviakoa da eta Euskadin ia 18 urte daramatzala kontatzen du: "Maitelanen bazkide fundatzailea naiz, duela egun gutxi arte presidentea nintzen, baina orain artezkaritza kontseilua berritzeko prozesuan gaude". Soledad, berriz, kolonbiarra da eta 3 urte daramatza Hernanin bizitzen. "Bake Ikasketetan doktoretza egiten ari naiz eta kooperatibako bazkide laguntzailea naiz. Mankomunitatearekiko hitzarmenean laguntzeko aukera sortu zen, eta proiektuen koordinazioaz arduratzen ari naiz", zehaztu du.
Bi ordezkariek azaldu dute asko hitz egiten dela zainketak jasotzen dituzten pertsonei eta haien familiei buruz, "baina hutsune bat zegoen zaintzaileei dagokienez. Asko egoera prekarioan eta irregularrean daude, eta barne-erregimenaren gaia ere oso zaila da. Baserrietan lan egiten duten zaintzaile batzuek, adibidez, ez dute aisialdian atseden hartzera eta beste pertsona batzuekin harremanak izatera ateratzeko modurik, eta proiektu honek behar horiei erantzun nahi die". "Geure burua antolatzeko eta zaintzaileen artean esperientziak partekatzeko espazio propioa sortu nahi dugu, izan ere, bakarrik zaudenean galduta sentitzen zara, eta modu erregularrean egonda, baliabideetara joateak beldurra ematen du. Eskura dituzten baliabideei buruzko informazioa ere emango dugu". Nabarmendu dutenez, "lagundu nahi dien ahots bat entzuten dutenean, oso eskertuta sentitzen dira".
Zerbitzuak
Maitelanek helburu horrekin bultzatzen duen proiektuak bi zerbitzu jartzen ditu kolektibo horren eskura. "Lehenengoa 633177321 telefonoaren bidez egiten den arreta-zerbitzua da, astelehenetik ostiralera dago gaituta, 14:00etatik 18:00etara. Denetariko pertsonek deitzen gaituzte. Laguntza gisa eta guk ez ditugun beste baliabide batzuetara eramateko modu gisa funtzionatzen du. Guk ez dugu askotan euren egoerak konpontzeko ahalmenik, baina bilatzen gaituen pertsona bakoitzaren egoerari jarraipena egiten saiatzen gara".
Bigarren zerbitzua zaintzaileen sarea martxan jartzea izango da. "Hernanin, Usurbilen, Lasarte-Orian eta Andoainen taldeak dinamizatzen ari gara, eta Urnietan eta Astigarragan orain hasi gara lanean. Mapaketa egiten ari gara zaintzan lan egiten duten pertsonak identifikatzeko eta Urnietako taldea sortzeko. Dagoeneko hiru pertsona identifikatu ditugu eta uztailean lehen hitzorduak egiten hasi nahi dugu". Horretarako, ekimen hau babesten duen Udalak Elkarteen Etxeko areto bat utzi die. Puntu horretan nabarmendu dutenez, "horrelako udal-espazioak erabiltzeak herritarrak direla sentiarazten die zaintzaileei, eskubideak dituztela, erakundeetarako sarbidea dutela, espazio publikoa okupa dezaketela", eta hori ere oso garrantzitsua da euren aburuz..
Sare horren hitzorduen egunak eta ordutegiak parte-hartzaileen aukeren arabera zehaztuko dira, baina aurreratu dutenez, normalean 17:00etatik 19:00etara izaten dira hitzorduak, zaintzaile gehienek duten atsedenaldiarekin bat etorriz.
Sare horren barruan, informazio-hitzaldiak, jolas-topaketak eta prestakuntzak antolatu nahi dituzte, betiere parte-hartzaileen beharren arabera. "Sare komunitarioa taldearen beharretara egokitzen saiatzen gara, eta hor ere garrantzitsua izaten da entzuteko espazio bat sortzea. Familia eta seme-alabak atzean utzi dituen pertsona iritsi berri batentzat dolua oso gogorra da, eta, beraz, enpatizatu eta entzun egin behar da".
Ekimena Urnietan ere martxan jartzeko gogoz daude, eta herriko zaintzaileak gune berri honetara hurbiltzera animatu dituzte: "Hemen gaude laguntzeko, babesa emateko eta koadrila egiteko", amaitu dute.

