Nested Applications
Asset Publisher
2024·07·09
Urnietako Egape eta Magale ikastetxeetako ikasleek, aspalditik egiten den bezala, Eskolako Agenda 2030 programan parte hartzen dute. Artelatz enpresaren koordinazioarekin batera egiten den proiektua da, eta ingurumenarekin lotutako gaiak lantzen dira. Aurten energia izan da aukeratutako gaia, eta horretan oinarrituta hainbat azterketa eta lan egin dituzte.
Esaterako, faktura elektrikoaren kontzeptuak aztertu eta identifikatu dira, energia erabiltzeko eta aurrezteko gomendioak eman dira, eta puntu beltzak edo herriko argiztapena hobetzea komeni den guneak detektatu dira. Planteatutako azterketa-dinamikaren barruan, inkesta bat egin zuten herritarren artean, eta inkesta horren arabera, gehienen iritziz, herriko argiztapen-maila egokia da.
Aurten egindako lanaren ondorio gisa, ikasleek triptiko bat egin zuten erabilera energetikoari buruzko gomendioekin eta faktura elektrikoaren azalpenarekin, eta Udalak etxe guztietara bidali zuen. Hobetu beharreko puntu beltzak kokatzeko plano batzuk ere diseinatu ziren. Plano horiek herritarren eskura daude udal kiroldegiaren sarreran, urnietarrek kontsultatu ahal izan ditzaten. Udalak puntu horiek aztertzeko eta dagozkion neurriak hartzeko konpromisoa hartu zuen. Adierazi behar da datozen hilabeteetan aldaketa garrantzitsu bat egingo dela herrian energiari eta argiztapenari dagokienez, izan ere, egungo argiteria publiko guztien ordez LED motako argiak jarriko dira, horrek dakarren hobekuntza eta murrizketa energetikoarekin.