Nested Applications
Albisteak
Back “Urnietako izarrak” izango da aurtengo inauterien gaia
2023·02·03
Herriko elkarteek, koadrilek eta Urnietako Udalak inauteriei begirako egitaraua zehaztu dute. Otsailaren 18an ospatuko dira eta “Urnietako izarrak” (abeslariak, musika taldeak…) izango da aurtengo inauterien gaia Jai Batzordeak hala adostuta.
Ekintza mordoa izango dira egunez zein gauez. Eguerdiko 12:00etan herriko taldeen xouak ikusteko aukera izango da Idiazabal kalean eta herrian zehar. 14:00etan berriz, gazteen bazkaria ospatuko da Egape ikastolan Poxta Zaharrek antolatuta.
Arratsaldeko lehen ekitaldia ere Egape ikastolan izango da 17.00etan, Poxta Zaharrek antolaturiko kontzertua, hain zuzen. Ordu horretan bertan beste bi ekintza izango dira. Alde batetik, herritarren mozorro kalejira irtengo da San Joan plazatik Bosko Anitz txarangak girotuta. Ondoren, mozorro onenaren aukeraketa egingo da Idiazabal kalean. Eta bestalde, Sorginek eta Topatuen taldeak antolatuta xouak ikusgai izango dira Idiazabal kalean.
Azkenik, gaueko 21:00etan 80-90. hamarkadako musika saioa izango da Idiazabal kalean, Urnietako Gau Elektronikoa taldeak antolatuta.
Herriko elkarte eta koadrilak animatzen ditu Jai batzordeak haien abestiak eta ikuskizunak prestatzera eta inauteriez gozatzera errespetuzko giro sano batean.
Trafiko mozketak Idiazabal kalean
Inauterietako jaien eraginez, Idiazabal kalean errepide mozketak egingo dira otsailaren 18an ondorengo orduetan:
- 12:00-21:00 Eroski eta Xauxar artean.
- 21:00-02:00 Zaldundegi eta Xauxar arten.
Bestalde, autobus parada Jubilatuen Egoitzaren biribilgunean egongo da.