Albisteak

UdazkeneanK ekimenaren barruan aste honetarako programaturiko kultur ekintzak bertan behera

Covid 19 kasuek Urnietan izandako gorakada handia ikusirik Urnietako Udalak aurreko astean harturiko neurriak gutxienez beste astebete luzatzea erabakia du joera nebatibo hori aldatzen saiatzeko. Beraz,  UdazkeneanK ekimenaren barruan aste honetarako programaturiko kultur ekintzak ere bertan behera geratu dira.

Bertan behera geraturiko ekintzak:

  • Urriak 30: Marisa Tabernero ipuin kontalaria Lekaion, Udalak antolatuta.
  • Urriak 30: JMartina + Ameba kontzertua Saroben, Poxta Zaharrek antolatuta.
  • Urriak 31: Jimena ¿Y ahora qué? musikala Saroben, Udalak antolatuta.

Sarreren dirua bueltatuko da

Hiru ekintza horietatik bi doakoak ziren, baina “Jimena, ¿Y ahora qué” musikalerako sarrera erosia zuten herritarrei dirua itzuliko zaie. Sarrerak online erosi dituztenei zuzenean ordainketa egindako kontu edo txartelera itzuliko zaie dirua, eta sarrerak Sarobeko leihatilan erosi dituztenen kasuan berriz, Sarobeko leihatilan bertan bueltatuko zaie sarrera aurkeztuta.

Ondorengo asteetako ekintzen sarrerak ez dira salmentan jarriko momentuz

Aste honetako garapena zein den ikusi arte, eta harturiko neurriak berriro luzatu edo ez erabaki arte, hurrengo ekintzetarako sarreren salmenta geratu du Udalak. Azkenean ospatzeko aukera balego, hurrengo astean jarriko lirateke sarrerak herritarren eskura.

Ekintza horiek aurrerago berreskuratzeko saiakera

Bizi dugun egoeraren ondorioz bertan behera geratu diren ekintza horiek hurrengo hilabeteetan berreskuratzeko saiakera egingo du Udalak, betiere osasun egoerak ahalbidetzen badu. Hala, Poxta Zaharrek antolaturiko JMartina + Ameba kontzertua azaroaren 27an, 19:00etan, Saroben ospatzea aurreikusten da, esate baterako.

Hasiera arrakastatsua

Garai zail hauetan kultura balorean jartzeko eta  aisialdiaz osasun bermeekin gozatu ahal izateko jarri zuen abian Urnietako Udalak UdazkeneanK ekimena. Lehen asteburuko datuak ikusita, oso harrera ona izan zuen herritarren aldetik, izan ere, Malas Compañiasen “Prozak” kale antzerkian 60 pertsona izan ziren, Marisa Taberneroren ipuin kontaketa jarraitzeko bete egin zen Lekaioko aretoa, eta beste horrenbeste gertatu zen Poxta Zahar elkarteak antolatuta Kyxo herriko taldeak Saroben eskaini zuen kontzertuan.

Guztiok norabide berean lan eginda eta erantzukizunez jokatuta azken asteetako joera negatiboa aldatzea, egoera normaltzea eta bertan behera geraturiko ekintzak aurrerago programatzea espero du Udalak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika