Albisteak

2021. urteko ordenantza fiskalak aldaketa handirik gabe, gaur egun bizi dugun egoera zaila dela eta

Covik 19-ak gizarteko alor guztiak eragin ditu eta erabaki gehienak bere ondorioen baitan hartu behar dira ezinbestean. Hala, bizi dugun egoerak pisu handia izan du 2021.urteko ordenantza fiskalen eraketan, izan ere, tasa eta zerga gehienak bere horretan mantenduko dira, eta egindako aldaketa batzuk egoera zail honetan herritarrei laguntze aldera gauzatuko dira. Ordentza fiskalen hasierako onarpena asteartean Urnietako Udalean ospaturiko udalbatzarrean gauzatu zen.

EAJ-ren Gobernu Taldeak azaldu moduan, aldaketei dagokienean, urte honen azken 6 hilabeteetan, uraren kasuan etxeko hornidurak ez direnen prezioak jaitsi egin dira, eta zaborraren kasuan, epealdi berean establezimenduei ez zaie kobratuko. 2021ean berriz, 2020 hasierako prezioak mantenduko dira urarentzat eta zaborrarentzat. Kale salmentaren kasuan urteko azken 6 hilabeteetan ez da ezer kobratuko eta beste horrenbeste egingo da hurrengo urtean ere. Tabernen terrazei dagokienez aldiz, aurten metro karratuko 31,74 euro kobratzen zen eta ordenantza berrietan kantitate hori erdira jaitsiko da. Horretaz gain, etxeetan efizientzia energetikoa hobetzeko obrak egiten diren kasuetan, kale eremuan aldamioa erabiltzeagatik zegoen prezioa erdira jaitsiko da. Bestalde, aldi baterako etxebizitzaren puntuan, eskualde mailan gizarte zerbitzuek egindako lanketan ikusi zen Urnietan prezioak oso baxuak zirela, eta egokitu egin dira. Indartu diren zerbitzu batzuk aldiz, kobratu egingo dira, musika eskolako errefortzu klaseak edo jabetza eskolak kasu.

Azalpen horiekin batera, Gobernu Taldeak zehaztu zuen Udalak kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitu behar duela eta horretarako zergetan kobrantza minimo bat egin behar duela, hori baita hain zuzen, Udalaren diru sarrera nagusia fofinarekin (udalak finantzatzeko funtsa) batera. Zentzu horretan gogoratu behar da, aurten, foru funtsetik Udalak hasiera batean aurreikusitakoa baino %15,9 gutxiago jasoko duela.

Ordenantza fiskalen hasierako onarpena EAJ-ren aldeko bozkekin atera zen aurrera. EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin ziren. PSE-EE-k adierazi zuen zaila dela zergak izozteari ezezkoa esatea, nahiz eta izozte horrek %0,43 gehikuntza suposatu herritarrei. EH Bilduk bere aldetik, abstentzioa eztabaida gunerik sustatu ez izanari egotzi zion.

Udalbatzarrean kide anitzeko organoetako Udal ordezkariak ere izendatu ziren. Ondorengoak izango dira:

  • San Markos mankomunitatea: Jorge Segurado eta Agurtzane Merkader
  • Añarbe: Jorge Segurado
  • Behemendi: Mikel Artola
  • Egape eskola kontseilua: Luke Goñi
  • Azkorte DBH eskola kontseilua: Luke Goñi.
  • Magale Presentación de Maria HH-LH eskola kontseilua: David Rosco
  • Magale Salestarrak eskola kontseilua: Mikel Artola
  • Beterri-Buruntza agentzia: Jorge Segurado eta Agurtzane Merkader
  • Eudel: Jorge Segurado
  • Beterri-Buruntza mankomunitatea batzorde sustatzailea: Jorge Segurado
  • Haurreskolen partzuergoa: Mikel Artola

EH Bilduk eta PSE-EE-k ez zituzten babestu izendapen horiek Udalak kolore bakarra duela argudiatuz. EAJ-k ostera, gobernu kudeaketa aurrera eramateko modurik egokiena zela adierazi zuen.

Horretaz gain, dedikazio esklusibo eta partzialeko karguen aldaketa ere burutu zen. Hala, Jorge Segurado lanaldi osoko alkatea da. Luke Goñi herritargoko-batzordeko presidentea %50eko dedikazio partzialarekin. Agurtzane Merkaderrek antolaketa batzordeko presidenteak %50eko dedikazio partziala du. David Rosco sustapen saileko arduradun politikoak %50eko dedikazio partziala du. Eta azkenik, Ainara de Miguel EH Bilduko bozeramaileak ere %50eko dedikazio partziala du. Bozketa aurreko puntuko emaitza berarekin amaitu zen. EH Bilduk kritikatu egin zuen Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek liberaziorik ez izatea, eta PSEk azaldu zuen bere alderdiak ere lan handia egiten duela eta kontuan hartu beharko litzatekeela.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika