Albisteak

Udalak jakinarazten du San Miel jaiak bertan behera geratzen direla, Koronabirusa dela eta

Udalak ulermena, zuhurtzia eta erantzukizuna eskatzen die urnietarrei, neurri horren helburua herritar guztien osasuna eta ongizatea zaintzea baita

Urnietako Udalak jakinarazten du aurtengo San Miel jaiak ez ospatzeko erabakia hartu duela, Koronabirusaren ondorioz bizi dugun egoeragatik, eta ospakizunak bermeekin egiteko bete behar diren baldintza soziosanitarioak bermatzen ez direla kontuan hartuta.

Erabaki hori Udalean ordezkaritza duten hiru alderdi politikoek babesten dute (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE), eta aurretik ere adostu da Jai Batzordearekin, orain arte egindako bileretan. Urnietako Udalak herritarren osasuna erdigunean jartzen du, eta azken asteetan izandako kasuen gorakadak eta birusaren zabalpena ekiditeko hartu beharreko segurtasun neurriek bateraezina egiten dute jaiak ospatzea.

Erabaki tristea izan da, eta, jakina, ez da inork nahi duen egoera, baina jakin behar dugu urte desberdin baten aurrean gaudela eta egoera guztiz ezohikoa bizitzen ari garela. Hori dela eta, erabakia zuhurtasun eta segurtasun irizpideetan oinarrituta hartu da batez ere, gure bizilagunen osasuna bermatzeko.

Berriro ere erantzukizuna eskatzen dugu. Ildo horretan, hartutako erabakia errespetatzea espero dugu, eta ospakizun alternatiborik ez egitea. Ospakizun horiek arrisku larrian jarriko lukete guztion osasuna, horrelako ekintzek eragiten baitituzte kutsadura gehien. Une honetan, birusak lekurik ez irabaztea eta hedatzen ez jarraitzea da lehentasuna.

Ziur gaude guztion lankidetzarekin aurrera egingo dugula, eta datozen urteetan gure herriko jaiez gozatzeko aukera izango dugula. Jai giroan eta errespetuz ospatzen dira Urnietan San Miel jaiak, eta urtetik urtera gero eta ospe handiagoa hartzen ari dira, udalerriko elkarteek egiten duten etengabeko lanari esker.

Hurrengo urtean Miela ikusteko esperantzaz.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika