Albisteak

San Miel jaiak bertan behera: Jai Batzordearen jakinarazpena herritarrei

Jai Batzordeko ordezkariak

Urnietako Jai Batzordea abuztuaren 26ean eta irailaren 2an elkartu zen, eta aurten SanMielak ospatzeko baldintza soziosanitario egokiak  ez daudela ondorioztatu da. Osasun eta segurtasun neurriak lehenetsiz, udalak ez du ohiko jai  ospakizunik antolatuko eta Jai Batzordean baloratu dugu elkarteek beraien ekitaldiak garatzeko baldintzarik ez dagoela. Udalak eta Jai Batzordeko zein txoznetako ordezkariek  ekainean eta uztailean hainbat bilera egin genituen herritarren osasuna eta jai/kultur ekintzak nola uztartu aztertzeko, baina pandemiaren gaur egungo zabaltze egoeran, jende  pilaketak saihesteko neurri egokiena jai giroa ez sustatzea dela ondorioztatu da.

Urnietarrontzat  SanMielak  une garrantzizkoak izan ohi dira kalean elkartu, herriko elkarteen ekitaldietan parte hartu eta kulturaz gozatzeko, baina aurten kutsatze arriskuaren ondorioz gure desio asko ezingo ditugu gauzatu eta ohitura batzuk aldatu beharko ditugu: jaien hutsunea nabarituko dugu, baina gure arteko harremanei, herri nortasunari eta kulturaren garapenari bide ematen jarraitu nahi dugu.

Urnietako elkarteen eta kulturgileen lana bizirik dagoela nabarmendu nahi dugu, pertsona askoren urte osoko lanari esker: herri baten izaeran ezinbesteko jarduerak dira kantua, dantza, musika, gastronomia, haur, gazte eta adinekoen aisialdia eta dinamizazioa, antzerkia,  kirola,… gizartea aberasten dutenak eta osasuntsu mantentzen gaituztenak ere.

Horregatik guztiagatik, aurten jaiak ez ospatu arren, bat egiten dugu Urnieta osatzen duten norbanako,familia, lagun koadrilla eta elkarte bakoitzak, bere abiapuntu eta ekinetik,  herri bezala hobetu eta  garatzeko agertzen duen borondate eta ahaleginarekin.

Hurrengo urtera arte Miela!!!

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika