Albisteak

Parte Hartuz 2020: herritarrek proposaturiko 15 hobekuntza egingo dira

Aurrekontu irekien parte hartze prozesu berri bat burutu du Urnietako Udalak 2020ko aurrekontuan barneratuta zeuden 150.000 euro zertan gastatu erabakitzeko.

Urnietan erroldaturiko 16 urtetik gorako pertsonek izan zuten haien auzo eta kaleetan hobetzeko, konpontzeko edo egiteko ikusten zituzten gauzak aintzat hartuta proposamenak aurkezteko aukera urtarrilaren 15tik otsailaren 2 arte.

Epe horretan, 344 galdetegi jaso ziren, inoizko kopuru handiera. Horietatik 119 urtarrilaren 24an eta 25ean jarri ziren informazio karpetan, 164 herriko puntu desberdinetan ipinitako buzoi eta kutxetan, 26 Udalaren webgunean eta 35 APP-an.

Galdetegiak beteriko pertsonen datuak aztertu ondoren, 341 galdetegi eman ziren ontzat. Onartu ez ziren hiru proposamenak, horien egilea Urnietan erroldatuta ez egoteagatik edo proposamenaren egilea ez identifikatzeagatik baztertu ziren.

Udaleko lurralde saileko teknikariek proposamen horiek guztiak aztertu zituzten gero, prozesuaren hasieran zehazturiko baldintza teknikoak betetzen zituzten ikusteko, eta azkenik, jasotako proposamenetatik zeintzuk egingo diren erabaki dute.

Aurrekontu irekien parte hartze prozesua gauzatu den laugarren urtea izan da aurtengoa, eta beste urteetako zifrekin alderatuta, parte hartzea dezente altuagoa izan da.  2017an esaterako, 201 galdetegi jaso ziren, 2018an berriz, 157, eta aurreko urtean 171. Beraz, herritarrek erakutsi dute parte hartzeko kultura barneratu dutela eta herria hobetzeko bidean ekarpenak egiteko borondatea dutela, eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie jarraera eraikitzaile horregatik.

Ondorengo 15 proposamenak izango dira gauzatuko direnak. Hori bai, kontuan hartuta Udalaren diru-sarrerak nabarmen murriztuko direla, Covid 19k eragindako egoeraren ondorioz, eta, gainera, aurrekontuak asko doitu behar izan direla egoera zail honetan egoera ahulenean dauden kolektiboei laguntzeko, Udalak urte honetarako aurreikusitako inbertsio gehienak geldiarazi behar izan ditu. Horien artean, parte-hartze prozesu honetan hautatutako hobekuntzak daude, baina Udalak horiek datorren urtean gauzatzeko konpromisoa hartzen du.

1. San Juan plaza inguruan komun publiko bat jarri 47.400 euro

2.San Juan kalea eta Plazido Muxika plaza elkartzen dituzten eskaileren barandak ordezkatu 20.000 euro

3.Lizardi plazako eskailerak konpondu 15.000 euro

4.San Juan plazatik Lekaioko sarrerara joateko dagoen espaloia zabaldu 15.000 euro

5.Berrasoetako parkera joateko bidean argiak jarri 10.000 euro

6.Kamarak jarri herriko puntu beltzetan 10.000 euro

7.Matxo tabernaren ondoan dagoen autobus geltokian markesina jarri 10.000 euro

8.Hainbat zebrabideren ondoan aparkatzeak sortzen dituen segurtasun arazoak ekiditeko neurriak hartu 5.000 euro

9.Herrian bizikletak garbitzeko gune bat sortu 5.000 euro

10.Zaldundegi jatetxearen ondoan dagoen parkeko eskaileretan barandak jarri 3.000 euro

11.Paseatzeko geratzen den jendearentzako topagunea egin Erratzuko zubiaren ondoan 2.800 euro

12.Idiazabal 26ko zebrabidean dauden zuloak konpondu 2.500 euro

13.Parkeetan erabilera gomendioak dituzten kartelak jarri 2.000 euro

14.Autoen abiada gutxitzeko kojin berlinesak jarri puntu desberdinetan 2.000 euro

15.Txoritagaingo aparkalekua iragartzeko seinalea jarri 300 euro

AMAIERAKO TXOSTENA
Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika