Albisteak

Konfinamendu osteko lehen ikuskizuna Saroben ekainaren 21ean: Tanttaka Teatroaren “Agirre” antzezlana

Koronabirusak eraginda herritarren mugikortasuna murrizten zuten neurri zorrotzekin bizi behar izan dugu azken hilabeteetan birusaren hedapena saihesteko. Egindako esfortzu horrekin egoerak bilakaera positiboa izan du, nahiz eta oraindik egoera zail batean murgiduta jarraitzen dugun, eta hortaz, arduraz jokatzen jarraitu behar dugun.

Dena den, gauzaturiko garapena oinarri hartuta, gizarteko alor desberdinak normaltasun berrirako transizioa egiten ari dira pixkanaka, baita kulturaren sektorea ere. Hala, maiatzeko azken asteburuan, berez herriko Gazte Festak ospatu behar ziren asteburuan, kultur egitarau labur bat antolatu zen segurtasun neurri zorrotzekin eta Egape Dantza Taldearen, Txanbolin Txistulari Bandaren eta Urnietako Bertso Eskolen partaidetzarekin. Jendeak errespetu handiz erantzun zuen eta dena primeran irten zen.

Sarobe ere martxan

Sarobe arte eszenikoen gunea ere ari da apurka bere martxa berreskuratzen, eta Aukeran Dantza Konpainia eta antzerki taldeek ekin diete dagoeneko haien entseguei segurtasun protokoloak jarraituz.

Bada, aste honetan, beste pauso txiki bat emango da laborategian lantzen ari diren ikuskizunetako baten aurkezpenarekin. Tanttaka Teatroak “Agirre” antzezlana taularatuko du “prozesuak agerian” formatuan, izan ere, erabat amaitu gabe dago, baina orain arte landurikoa erakutsiko dute. Konfinamendu ostean Saroben eskaintzen den lehen ikuskizuna izango da.

  • Eguna: ekainak 21
  • Ordua: 19:00
  • Sarrera: doan
  • Hizkuntza: elebitan
  • Edukiera: %50 edukiera bete arte

Sinopsia: antzezlan ibiltari honek Agirrek erbesteratu beharra izan eta denbora gutxira Europa okupatuan zehar egindako bidaia epikoa kontatzen du. Etengabeko hausnarketarako bidaia zirraragarria da, bere herriaren kausari emana bizi den politikari bat protagonista duena. Bertan, Lehendakariak New Yorkera iritsi arte izan zituen bizipen esanguratsuenak antzeztuko dira. Hain zuzen ere, antzerkiaren libretoa sortzeko gida modura lehendakariak berak idatzitako eta “Gernikatik New Yorkera, Berlinetik pasatuz” izenburupean argitaratutako egunkaria erabili da.

Fitxa teknikoa:

  • Zuzendaria: Fernando Bernués
  • Gidoilaria: Patxo Telleria
  • Aktorea: Iñaki Rikarte
  • Musika: Iñaki Salvador
  • Ikus-entzunezkoak: Baleuko
  • Ekoizpena: Baleuko

Segurtasun neurriak bermatuta

Saroberen itzulera baina, egoera berrira egokituta eta segurtasun neurriak bermatuta gauzatuko da. Horretarako, lehen neurri moduan aforoa %50era murriztuko da bertaratzen diren pertsonen artean distantzia minimo bat egon dadin. Halaber, beste hainbat neurri hartuko dira:

  • Musukoa derrigorrezkoa: antzoki barruan ezinbestean musukoa jarrita eduki beharko da momentuoro. Ikusle bakoitzak bere musukoa eraman beharko du etxetik.
  • Eskuak garbitu: antzokira sartzerakoan eskuak garbitu beharko dira gel hidroalkoholikoarekin.
  • Ilaran distantziak mantendu: Sarobeko langileek kontrolatuko dute ilara modu zuzen batean egituratzea eta bertaratzen diren pertsonen artean segurtasun distantziak mantentzea.
  • Ez etorri azken orduan: Emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dira antzokiko ateak, eta beraz, sartzeko azken unera arte ez itxarotea eskatzen da.
  • Igogailua mugikortasun urria duten pertsonentzat soilik: igogailua mugikortasun urria duten pertsonek soilik erabili ahal izango dute. Horretarako ezinbestekoa da aldez aurretik abisatzea Sarobeko bulegora deituta (943 00 80 42).
  • Eserlekuak: edukiera %50era murriztuko da eta antzokiko arduradunek adieraziko diete bertaratutakoei non eseri behar duten.
  • Komunak: komunak ezingo dira erabili.
  • Irteera: Emanaldia amaitzerakoan, aretoko arduradunek antolatuko dute irteera. Atetik gertuen dauden pertsonek lehentasuna izango dute  irteteko. Bitartean, gainerako ikus-entzuleek haien besaulkietan itxaron beharko dute eserita, dagokien txanda heldu arte.

Sarobera bertaratzen diren pertsonei, markaturiko irizpideak jarraitzea eta aretoko langileen esanei jaramon egitea eskatzen da, ekitaldia arazorik gabe eta segurtasun bermeekin gauzatu dadin.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika