Albisteak

Urnietako Udalak laguntza zuzenen lerro bat eta bonu kanpaina bat abian jarri ditu, egoera zail honetan herriko merkataritzari zein autonomoei laguntzeko

  • 195.000 euro bideratuko dira udalerriko establezimendu eta autonomoei zuzeneko laguntzak eskaintzeko.
  • 1.500 euro jasoko dituzte itxi egin behar izan duten establezimenduek edo apirilean fakturazioa % 70 baino gehiago murriztu dutenek.
  • Egoera berean dauden Urnietako autonomoek 350 euro jasoko dituzte.
  • 70.000 euro bideratuko dira bonuen kanpainara: nahi duten udalerriko establezimenduak atxiki daitezke.
  • 30 euroko 7.000 bonu-sorta banatuko dira; horietatik 20 euro herritarrek ordainduko dituzte eta 10 euro berriz, Udalak.

Gizarteko sektore guztiak ari dira pairatzen Koronabirusaren ondorioak, eta Urnietako Udala lanean ari da krisia hasi zenetik, ahal den neurrian haren ondorioak arintzen saiatzeko. Bi dira une honetako lehentasun nagusiak. Alde batetik, babes soziala indartzea okerren dauden pertsonei laguntzeko, familia bat ere atzean gera ez dadin baliabide faltagatik. Eta, bestetik, suspertze ekonomikorako plan bat aktibatzea, arreta jarriz merkataritzan, ostalaritzan eta tokiko zerbitzuetan, bai eta udalerriko pertsona autonomoetan ere.

Udalak badaki krisi honek gogor jo duela udalerriarentzat funtsezkoa den sektore hori, eta, beraz, sektore hori babesteko eta bultzatzeko erabakia hartu du. Hori dela eta, laguntza zuzenen lerro bat eta bonu kanpaina bat aktibatuko ditu, herrian kontsumoa sustatzeko. Gainera, aurretik beste neurri batzuk hartu ziren, hala nola, zenbait tasa atzeratzea, murriztea eta kentzea edo terrazak handitzea baimentzea.

1.500 euroko laguntza zuzenak establezimenduentzat

Zuzeneko laguntzei dagokienez, bi taldetan banatu dira. Lehenengo lerroa Urnietan merkataritza- edo ekonomia-jarduera garatzen duten eta udalerrian lokal irekia duten pertsona fisiko edo juridikoei zuzenduta egongo da, baldin eta itxi egin behar izan badute edo apirilean fakturazioa %70 baino gehiago murriztu badute 2019ko urritik 2020ko martxora bitarteko seihilekoa hileko batez bestekoarekin alderatuta.

Zer laguntza jasoko dute ezarritako baldintzak betetzen dituzten establezimenduek? Urnietako merkatariekin hainbat bilera egin ondoren, eta haien proposamenak kontuan hartuta, ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonei 1.500 euroko laguntza zuzena ematea erabaki da. Lerro horretarako gehieneko zenbatekoa 132.000 euro da.

350 euro Urnietako autonomoei

Bigarren lerroa, berriz, Urnietako autonomoentzat izango da, baldin eta itxi egin behar izan badute edo apirilean fakturazioa %70 baino gehiago murriztu badute 2019ko urritik 2020ko martxora bitarteko seihileko hileko batez bestekoarekin alderatuta.

Baldintza horiek betetzen dituzten pertsonei 350 euroko zenbateko finkoa emango zaie. Lerro horretarako gehieneko zenbatekoa 63.000 eurokoa izango da.

Zein epe dago bi kasuetan laguntzak eskatzeko? Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hau da, ekainaren 18tik uztailaren 1era.

Non egin beharko da eskaera?

Eskabidea egiteko, beheko botoian dagoen orria deskargatu eta bete beharko dute, ondoren bide hauetakoren batetik entregatzeko:

  • Ahal dela, Urnietako Udalaren erregistro elektronikoaren bidez: www.urnieta.eus
  • Bertan herritarren arretarako bulegoan, hitzordua eskatuta: 943 00 80 00
  • Edozein zalantza izanez gero ondoko telefono zenbakira dei daiteke: 943 00 94 21

DESKARGATU ESKAERA ORRIA

GAUZATU ESKAERA ONLINE

DESKARGATU ESKAERA ONLINE EGITEKO GIDA

Zer dokumentazio aurkeztu beharko da? Aurkeztu beharreko dokumentazioa laguntzen oinarrietan zehazten da.

DESKARGATU OINARRIAK

DESKARGATU OINARRIEN LABURPENA

Noiz jakinaraziko da eskaeraren ebazpena? Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea hilabetekoa da gehienez, eskaera eta eskatutako dokumentazio guztia jasotzen denetik, baina ahalik eta azkarren gauzatzen saiatuko da.

Nola ordainduko dira laguntzak? Eskabidea onartuta, diru-laguntzak ordainketa bakar baten bidez ordainduko zaizkio onuradunari.

Bonu-kanpaina

Bestalde, herrian kontsumoa sustatu eta bultzatzeko, Udalak 70.000 euro bideratuko ditu bonu kanpaina bat martxan jartzeko.

20 euro ordaindu eta 30 euroko balioa duen erosketa egin: Udalak 30 euroko 7.000 bonu-sorta banatuko ditu, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan. Herritarrek 20 euro ordainduko dituzte bonu-sorta bakoitzeko, gainerako 10 euroak Udalak ordainduko baititu.

Bi bonu mota:

Herritarrek aipatutako 30 euroko bi bonu-sorta mota erosi ahal izango dituzte:

  • 5 euroko 6 bonu
  • 10 euroko 3 bonu

Bonoen kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduek zein epe izango dute kanpainan atxikitzeko? Ekainaren 17tik ekainaren 23ra bitarte.

Non aurkeztu behar dute atxikitzeko eskaera establezimendu interesdunek?

Eskabidea egiteko, beheko botoian dagoen orria deskargatu eta bete beharko dute, ondoren bide hauetakoren batetik entregatzeko:

  • Ahal dela, Urnietako Udalaren erregistro elektronikoaren bidez: www.urnieta.eus
  • Lekaio kultur etxean. Edozein zalantza izanez gero ondoko telefono zenbakira dei dezakete: 688776267

DESKARGATU ESKAERA ORRIA

GAUZATU ATXIKITZEA ONLINE

DESKARGATU OINARRIAK

Edozein establezimendutan erabili ahal izango dira bonuak? Bonuak erositako establezimenduetan bakarrik erabili ahal izango dira.

Zenbat bonu eros ditzake pertsona bakoitzak? Pertsona bakoitzak gehienez 3 bonu eros ditzake establezimendu bakoitzeko.

Noiztik aurrera erosi ahal izango dira bonuak? Ekainaren 29tik aurrera.

Zer indarraldi izango dute bonuek? Azaroaren 30a baino lehen gastatu beharko dira. Behin epe hori igarota, bonuek ez dute baliorik izango.

Erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, aldea itzuliko da? Ez. Erosketaren zenbatekoak bonuaren balioaren berdina edo handiagoa izan beharko du. Hau da, bonu bakoitza erosketa bakoitzean agortu beharko da.

Tasak geroratzea, murriztea eta kentzeak 70.000 suposatzen dute

Aipatutako zuzeneko laguntzez eta laster abian jarriko den bonuen kanpainaz gain, Udalak aldaketak egin zituen uraren eta zaborraren tasetan, eta terrazak handitzea ahalbidetu zuen, sektoreari laguntzeko. Kenkari horiek guztiek 70.000 euroko balioa dute Udalaren diru-sarreretan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika