Albisteak

Aldaketak ur, zabor eta terrazen tasetan merkatariei laguntzeko

Urnietako Udalak aho batez erabaki du ur eta zabor tasetan aldaketak egitea, eta terrazak handitzeko aukera eskaintzea, gaur goizean modu telematikoan ospatu den Udalbatzarrean. Horrela, egoera zail honetan herriko merkatariei laguntzea da asmoa. Ondorengoak dira onarturiko aldaketak.

Zaborrak

  • Lehen hiruhilekoa: derrigorrez ordaindu behar da. Ordaintzeko borondatezko epea atzeratu egin da maiatzaren 1etik ekainaren 30era.
  • 2. hiruhilekoa: itxita egon diren lokalek ez dute ordaindu beharko.
  • 3. eta 4. hiruhilekoak: ez dira kobratuko eta neurri hau establezimendu guztientzat izango da.

Ura

Uraren ordainagirian bi kontzeptu agertzen dira: finkoa eta aldakorra.

  • Lehen hiruhilekoa: derrigorrez ordaindu behar da. Ordaintzeko borondatezko epea atzeratu egin da maiatzaren 1etik ekainaren 30era.
  • 2. hiruhilekoa: itxitako lokaletan, kontsumorik ez dagoenez aldakorra den kontzeptua zero izango da. Beraz, finkoa bakarrik kobratuko zaie.
  • 3. eta 4. hiruhilekoak: finkoa ez zaio inori kobratuko eta aldakorraren prezioa, 1 -120 m3 tartean, 0,88 zentimotik 0,50 zentimora jaitsiko da.

Tabernetako terrazak

  • Urtarrilaren 1etik martxoaren 14ra arte, lokalak irekita egon diren epea, zati proportzionala kobratuko da. Borondatezko ordainketa atzeratu egingo da azaroaren 1etik abenduaren 15era.
  • Martxoaren 14tik abenduaran 31rako tartea ez da kobratuko (ezta terraza handitzen den kasuetan ere).
  • Terrazak handitzeko aukera dago baina, horretarako, udalari egin behar zaio eskaera dagokion eskaera orria beteta. Udalak erantzuna emango du kasu bakoitza aztertu ondoren. Terraza handitzeak ez du kostu gehigarririk izango. Aukera honek 2020rako bakarrik balioko du.

Terrazen handitzeari dagokionean, baimentzen den kasuetan, arduradunei kolaborazioa eta arduraz jokatzea eskatu die alkateak, herritarrak eta oinezkoen pasabideak errespetatuz, eta irisgarritasun neurriak bermatuz.

Urnietako Udaleko zinegotziek uko egin diote soldatetan egokitzen zitzaien %2ko igoerari

Puntu horretaz gain, beste hainbat onartu dira gaurko bilkuran. Esaterako, Urnietako Udaleko zinegotziek haien soldatetan egokitzen zitzaien %2ko igoerari uko egitea erabaki dute.

Urnietako Udaleko karrerako eta bitarteko funtzionarien eta behin behineko langileen soldatek berriz, %2ko igoera izango dute 2020ko urtarrilaren 1eko atzeraeraginezko efektuarekin EAJ-ren eta PSE-ren aldeko bozkei esker. Alkateak adierazi du, erabakia martxoan hartzeko zen arren, azken asteetako gertaeren ondorioz, gaur arte atzeratu behar izan dela, baina langileei legez dagokien eskubide bat dela, eta beraz, bete beharrekoa.

EH Bilduk abstentziora jo du puntu honetan, baina Ainara de Miguel alderdiko bozeramaileak argitu du erabakia ez dutela hartu langileriaren igoeraren aurka daudelako, baizik eta krisi egoera honetan igoera hitza mahai gainean jartzea ez dutelako egoki ikusten.

Bestalde, 2021. urteko tokiko jai-egunak uztailaren 31a eta irailaren 29a izatea erabaki da Udalean ordezkaritza duten hiru alderdien aldeko bozkarekin.

2019ko aurrekontuaren likidazioa

Azkenik, 2019.urteko likidazioaren berri eman du Udaleko kontuhartzaileak.

Azaldu du itxiera egin ondoren diruzaintzan 7.855.011 euroko gerakin gordina geratu dela, baina horri, saldo kobragaitzak kendu behar zaizkiola, 114.767 euro, hain zuzen. Gainera, diru horretatik finantzaketa lotua duten gastuak daudela adierazi du, eta horiek, 351.937 euro osatzen dituztela. Beraz, guztira geratzen den gastu orokorretako diruzaintza gerakina 7.388.307 eurokoa dela zehaztu du.

Dena den, 7.388.307 euro horietatik 7.054.000 txertatutako kredituak finantzatzeko erabili direla azaldu du eta aurtengo aurrekontuan txertatuko direla. Gerakin hori aurreko urteetatik zetozen inbertsioak gauzatzeko erabili da. Hortaz, erabilera horrek ez du arriskuan jartzen Udalaren aurrekontu egonkortasuna. Bestalde, Udalaren urteko emaitza positiboa izan da, 575.656 eurokoa zehazki.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika