Albisteak

Urnietako Udalak erakundeen arteko koordinazio-protokoloa sinatu du, indarkeria matxistaren biktimei eta biziraun dutenei arreta hobea emateko

Indarkeria matxistaren biktimei eskaintzen zaien arreta integrala hobetzeko asmoz, Urnietako Udalak erakundeen arteko koordinazio-protokolo bat prestatu du indarkeria matxistaren biktimei eta biziraun dutenei arreta hobea emateko, Osakidetzarekin eta Ertzaintzarekin batera.

Protokoloa garatzeko, prozesu parte-hartzaile bat egin da teknikariekin eta indarkeria horren biktimei eta bizirik atera direnei arreta eta laguntza emateko mailetan parte hartzen duten profesionalekin. Lana amaitu eta protokoloan jaso ondoren, sinatu egin da, abian jartzeko eta biktimei ahalik eta erantzunik onena emateko. Aurkezpen ekitaldian Mikel Pagola Urnietako alkatea, Ainara de Miguel eta Herme Gonzalez EH Bilduko eta PSE-ko bozeramaileak, Luke Goñi Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun politikoa, Itziar Perez ESI Donostialdeako zuzendari-gerentea eta Josean Hernandez Hernaniko ertzain-etxeko zuzendaria izan dira, besteak beste.

Arazo sozial larri bati erantzuna

Indarkeria matxista arazo sozial larria da, emakumeen eta gizonen artean dagoen egiturazko desberdintasunean du jatorria, eta emakumeen autonomia- eta erabaki-gaitasunak menderatzea eta kontrolatzea du helburu. Helburu horrekin hainbat mailatan jarduten du: egiturazkoa, sinbolikoa eta pertsonen artekoa, eta modu fisikoan, psikologikoan, ekonomikoan, ondarezkoan eta sexualean ager daiteke.

Indarkeria matxista ez da indarkeria hori pairatzen duten pertsonen banakako arazo soila; aitzitik, gizarte-arazo sakona da, eta erakundeen laguntza irmoa eta koordinatua eskatzen du, indarkeria hori desagerrarazten saiatzeko eta biktimei laguntzeko estrategia ahalik eta eraginkorrena eta egokiena izan dadin. Horretarako, indarkeria matxista bere konplexutasun osoan ulertu behar da, eta biktimei lagundu behar zaie indarkeriatik ateratzeko egiten duten ibilbide osoan, berriz biktimizatzea eta haien eskubideak behin eta berriz urratzea saihestuz. Horregatik, arazo multidimentsional hori, ahalduntzea helburu izanik, ikuspegi zabal batetik landu behar da, emakumeek indarkeria horretatik ateratzeko dituzten aukerak eta gaitasunak handituz. Aldi berean, prozesuak aldaketa sozialak sendotzea eskatzen du.

Erakundeen arteko koordinazioa

Horrekin guztiarekin, sinatutako protokoloaren helburu nagusia erakunde sinatzaileen arteko koordinazioa da, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakume biktimei eta haren mendeko pertsonei ematen zaien arreta hobetzeko. Dokumentuan, udalerrian indarkeria matxistako eta sexu-erasoetako egoerei aurre egiten dieten emakumeei eta haien umeei erreparazioa emateko ikuspegia erabiliz detekzioa eta arreta hobetzeko tresnak eta jarduketa zehatzak integratzen dira.

Era berean, koordinazio-mahai bat sortuko da, dokumentua sinatu duten erakundeen ordezkariek osatua. Mahai horrek zereginak eta erantzukizunak banatuko ditu, baita horiek gauzatu eta kontrolatu ere. Ardatz nagusi hauek izango ditu:

  • Laguntza integrala eta pertsonalizatua
  • Segurtasuna eta babesa
  • Ahalduntzea eta normalizazioa
  • Adingabeak

Dokumentu bizia

Protokolo hau dokumentu bizia da, aldaketak eta hobekuntzak izan ditzakeena, eta egokitzen eta eguneratzen joango da. Egungo arau-esparrua kontuan hartuta, genero-indarkeriaren biktimei (bikotekidearengan edo bikotekide ohiarengan sortutako indarkeria) eta sexu-erasoei eman zaie arreta. Ildo horretan, esan behar da Urnietako Udala lanean ari dela arreta eta baliabide-hornidura indarkeria matxistaren biktima guztietara zabaltzeko, biktima horiek indarkeria horren zuzeneko edo zeharkako biktimak izan.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika