Albisteak

Diru-laguntzen plan estrategikoa onartuta ia 453.000 euro banatuko dira herriko elkarte eta erabiltzaileen artean

Diru-laguntzen plan estrategikoaren aldaketa onartu zen atzo Urnietako Udalean ospaturiko udalbatzarrean, eta horrenbestez, hasi da 2020.urteko diru-laguntzak banatzeko jarraitu behar den prozesua. Orotara, “ia 453.000 euro banatuko zaizkie herriko elkarte eta erabiltzaileei haien jarduerak aurrera eraman ditzaten” azaldu zuen Mikel Pagola alkateak.

Iaz baino 13.000 euro gehiago

Aurreko urteko aurrekontu kopuruarekin alderaketa eginez gero, 13.000 euro gehiago bideratuko dira diru-laguntzen atalera, eta 2019.urteko likidazioarekin konparatuz gero berriz, ia 40.000 euro gehiago aurreikusten dira. Elkarte bakoitzari banatuko zaizkion kopuruak zehazterako orduan, eta partida berriak sortzerako orduan, Pagolak esan zuen, elkarte horiek aurreikusita duten programazioa hartu dela kontuan.

7 partida berri sortu dira

2020.urteko diru-laguntzen plan estrategikoan 7 partida berri sortu dira eta beste hainbat aldatu dira. Esate baterako, Buruntzaldeako kiroldegietan igeriketa ikastaroetan parte hartzen duten urnietarrei laguntzak emateko 9.700 euro bideratuko dira. Bestalde, Urnietako parrokiarekin lankidetza hitzarmen bat sinatuko da San Migel elizako erlojua aldatzeko eta zaintzeko. 23.000 euro bideratuko dira zeregin horretara. Era berean, nabarmendu behar da Urnietako Caritasi 4.000 euroko diru-laguntza berri bat emango zaiola. Eta azkenik, bi elkarterekin hitzarmen berriak gauzatuko dira, Etxeberri auzoko bizilagunen elkartearekin eta Andoaingo Txirrindularitza eskolarekin, hain zuzen. Izan ere, bi elkarte horiek hitzarmen bidez izan beharrean konkurrentzia bidez jasotzen zituzten diru-laguntzak orain arte. 4.000 euro eta 2.600 euro emango zaizkie hurrenez hurren.

Diru-laguntzen plan estrategikoa EAJ-ren aldeko bozkarekin atera zen aurrera. EH Bilduk eta PSE-k ostera, abstentziora jo zuten plan honek lanketa sakonago baten premia duela argudiatuta. Behin plana onartuta, elkarteei lehenbailehen laguntzak eman ahal izateko jarraitu beharreko bideari hasiera emango zaio.

Aldundiarekin akordioa eta herriko merkataritza indartzeko ekimena

Beste hainbat puntu ere onartu ziren atzoko udalbatzarrean. Alde batetik, ldiazabal 46-48 udal espazioen erabilera Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzea. Trukean Aldundiak bere gain hartuko du Etxeberrin egingo diren tutoritzapeko etxebizitza zerbitzurako pisu berrien kostua, eta gainera, 450.000 euroko ekarpena egingo dio Udalari Jubilatuen Egoitza berritzen laguntzeko.

Bestalde, herritarren arreta zerbitzua lan egiteko modu berri batera egokitzeko enplegu plan bat onartu zen. Lau urteko gauzatze epea izango du planak, legealdiarekin lotuta. Halaber, 2020ko martxoaren 8ari buruzko EUDELen erakunde-adierazpen proposamena aurrera atera zen, eta baita, EH Bilduk Urnietako komertzioari lehentasuna emateko, beharrezko ekimenak abian jartzeko eta epe motzean egikaritzeko eskatzen zuen mozioa ere. Udala hasi lanean, izan ere, dagoeneko ospatu da bilera bat herriko merkatariekin eta bigarrengo bat deituta dago martxoaren bederatzirako. Zentzu horretan, Pagola alkateak konpromisoa adierazi zuen “mahai hori aurrera bultzatzeko eta merkatariek eskatu diguten laguntza emateko”.

Azken puntu horiek aho batez onartu zituzten Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika