Albisteak

Joxan Goñi: “kalean dagoen unibertso txiki hori islatzen saiatzen gara, ikuskizunaren eta lehiaketaren arteko oreka bat lortuz”

Joxan Goñi urnietarra da “El Conquistador” saio arrakastatsuko zuzendarietako bat eta eginiko ibilbide oparoaren arduradun nagusietako bat. Aitortzen du programa martxan jarritakoan ez zuela honaino iristea espero, baina 16. edizioa da aurtengoa, eta inoiz baino osasuntsuago dago saioa. ETB-ko programarik ezagunena bilakatu da ikusle datu ikusgarriekin. Urte hauetan guztietan saioa erabat aldatu dela kontatzen du Goñik, baina oinarri nagusiak berdinak izaten jarraitzen dutela dio, lehiakideak eta benetakotasuna, hain zuzen ere. Bestalde, azaltzen du telebistan ikusten dena bezain ikusgarria dela grabaketa prozesuan kameren atzean gertatzen dena, eta prozesu horren gaineko xehetasunak kontatu dizkigu buruturiko bidearen errepasoa egitearekin batera.

Beste behin oso indartsu hasi du denboraldia saioak. Estreinaldian %24,7ko ikusle kuota lortu zenuten eta gainerako programak ere oso ondo joan dira.

Hasi aurretik emaitzaren zain geunden, izan ere, aurreko urteko arrakasta ikusita bai ETB barruan eta baita kanpoan ere aurreikuspen oso handiak zeuden, eta hori guretzat presio handia zen. Dena den, ondo hasi gara eta oso gustura gaude momentuz saioa izaten ari den erantzunarekin.

ETB2-ren ikusle kuota %8,3koa izan zen 2019an, eta “El Conquistador” saioarena berriz, %22,5ekoa. Argi dago katearen bataz bestekotik oso gora dagoela eta programarik ezagunena dela.

Zorionez horrela da. Halere, ikusle datuez haratago jendearen harrera goraipatzea gustatzen zait niri. Astelehenean saioa bota ostean, asteartean taberna batera joan eta jende mordoa saioaz hitz egiten ari dela ikustea oso pozgarria da.

Datu horiek are eta garrantzi handiago dute telebista eskaintza inoiz baino zabalagoa dela aintzat hartuta.

Gaur egun kanal pilo bat ditugu eskura eta gero eta gehiago kostatzen da ikusle datu altuak lortzea, horregatik asko eskertzen eta baloratzen dugu jendea gure saioarekin geratzea. Zentzu horretan bitxia da audientzia nola banatzen den Euskal Herrian. Askok uste dute hemen dokumentalak eta antzeko edukiak soilik ikusten direla, baina datuak aztertuta jabetzen zara hau dela Telecinco gehien ikusten den lekua. Jendeari reality-ak interesatzen zaizkio.

Zein da arrakastaren giltza?

Lehiakideak dira gure saioaren oinarri nagusia eta arrakastaren %85a beraiei esker lortzen dugula esango nuke. Euskal Herriko lehiakideak oso bereziak dira. Beste lekuetakoak ez daude Conquisen jasaten diren egoerak jasateko prest, baina hemengoak bai.

Zer bilatzen dute?

Gehienak erronka pertsonalengatik joaten dira eta ez fama edo diruarengatik, nahiz eta salbuespenak badauden. Bere burua probatzera joaten da jendea, norberari erakusteko esperientzia hori bizitu eta gainditu dezaketela. Horrek saioari sekulako indarra ematen dio, benetakotasuna. Etxean ikusten dena benetan gertatzen da. Beste saio batzuetan ezkutuan janaria ematen diete partaideei, baina hemen ez. Hori guztia transmititu egiten da, eta hori da ikusleei gustatzen zaiena.

Zein perfil bilatzen dituzue lehiakideen artean?

Gu saiatzen gara kalean dagoen unibertso txiki hori islatzen. Ez daukagu perfil konkreturik, denetarik sartzen dugu: kirola egiten dutenak, prestatu gabe daudenak, intelektualki jantziak direnak, berezixeagoak direnak, adinekoak, gazteak, emakumeak, gizonak…. Azkenean, gizarte txiki bat sortzen dugu eta nik uste dut horrek funtzionatzen duela, saltsa sortzen delako. Ikuskizunaren eta lehiaketaren arteko oreka bat lortzen saiatzen gara.

Zer egin behar da casting-ean hautatua izateko?

Conquistador-eko probarik zailena casting-a da. Izan ere, 10 minutu dira eta zerbait berezia erakutsi behar da denbora horretan hautatua izateko. Azken finean lan elkarrizketa baten antzekoa da. Batzuk bere burua saltzeko gaitasun handia dute, eta beste batzuk aldiz, nahiz eta lanean oso onak izan, kosta egiten zaie haien nortasuna une horretan azaleratzea. Guk denbora horretan hori erakustea behar dugu. Gero kontrakoa ere badago, batzuk sekulako pelikulak kontatzen dituzte antzezlanak eginez.

Beraz, sorpresak hartzen dituzue.

Askotan gertatzen da. Baina hori ere ondo dago. Guk casting-aren baitan ideia bat eginda taldeak osatzen ditugu, eta gero, saioa hastean beste aurpegi bat erakusten dute lehiakide batzuek, aurreikuspenak aldatzen dizkigute, eta gidoia aldatu behar izaten dugu.

Hori guztia kontuan hartuta, ez da samurra izango lehiakideak aukeratzea.

Aukeraketa egitea ez da batere erraza, kontuan eduki urtero 1.500 pertsona inguru aurkezten direla.

Dagoeneko 400 lehiakidetik gora eta 15 konkistatzaile izan dira.

Ikaragarria da. Bi talde bereiziko nituzke partaideen artean. Batetik txintxoak edo direnak. Hor sartuko lirateke Eneko Van Horenbeke eta Gotzon Mantuliz, besteak beste. Eta gero, beste batzuk gaizto papera egiten dute, eta hor sartzen dira esaterako, Manu Maritxalar edo Mikel Goñi. Ying eta Yang-a nolabait esateko. Baina denak behar ditugu, bai heroiak eta baita anti-heroiak ere.

Kapitainen artean ere dantza handia izan da, baina Juanito eta Kortarekin bizitutako pasarteek ikusleen oroitzapenean jarraitzen dute.

Programa asko aldatu da 16 urte hauetan. Korta eta Juanitok sekulako ibilbidea egin zuten, baina programak eta pertsonaiek desgaste bat dute, eta aldaketa bat behar zen. Borroka handia izan genuen ETB-k ez zuelako pertsonaiak aldatzea nahi, ondo funtzionatzen zutelako, baina lortu genuen jauzia ematea. Egia da urte arraroa izan zela, trantsizio modukoa, baina gero, berriro gora egin zuen saioak.

Zer ematen diote saioari kapitain berriek?

Gazteagoak dira, beste ukitu bat ematen diote eta horrek jende gazte asko erakartzen du. Gotzon Burgos aurtengo kapitaina adibidez, telebistarako kriston pertsonaia da, nahiz eta askok ezin duten ikusi ere egin.

Programa asko aldatu dela esan duzu, zertan?

Lehenengo edizioa esperimentu bat izan zen, mendiko lasterketen eta proben arteko nahasketa bat, reality gutxirekin. Orain berriz, oso proba gogorrak daude, baina elkarbizitzak pisu handia bereganatu du. Bestalde, 10 urte Patagonian egin genituen. Oso leku polita izan arren, sekulako hotza egiten zuen eta jendea tapatu eta isildu egiten zen. Orain ostera, karibean beroarekin beste bizitza bat dago, jendea alaiago egoten da eta aldaketa handia suposatu du.

Saioarekin hasitakoan espero zenuten honaino iristea?

Ez, ez. Lehen urteetan ez zuen oraingo audientzia  izan. Uste dut lehenengo edizioan ETB2-k %18ko ikusle kuota zuela eta Conquisek berriz, %12 inguru eman zuen. Denboraldia amaiturikoan pentsatzen genuen ez genuela gehiago egingo, baina Peio Sarasolak, ETB-ko zuzendari ohiak apustua egin zuen horrenbesteko audientzia ematen ez zuen arren, eta denborak arrazoia eman dio.

Guk telebistan kameren aurrean gertatzen dena ikusten dugu, baina kameren atzeko lana ere ikustekoa izango da. Kontaiguzu zuen zuzendari lana zertan datzan.

Hori beste programa bat da kar, kar, kar. Programa bat amaitu orduko casting-a egiten dugu hurrengo ediziorako, eta era berean, leku berriak bilatzen hasten gara. Behin lekua lortuta hango jendearekin elkarlanean jartzen gara. Bilera mordo bat egin eta gauza asko lotu behar izaten dira. Gero, grabaketak hasi baino hilabete lehenago joaten gara gu lekura bertara, dena prestatzera. Eta ondoren, grabaketak hilabete inguru irauten du. Bueltatzen garenean berriz, beste 6 hilabete inguru pasatzen ditugu grabaturiko guztia muntatzen telebistan emateko.

Zenbat pertsonako lantaldea izaten duzue grabaketa garaian?

100 pertsonatik gora izaten gara lanean, ikustekoa da. Euskal Herritik hamar bat joaten gara, eta gainerakoak leku desberdinetako langileak izaten dira. Aurten, laurden bat argentinarrak ziren, beste laurden bat kolonbiarrak eta beste laurden bat dominikarrak. Nahasketa handia da, lanerako beste ohitura eta erritmo bat dute haiek, eta ohitu egin beharra dago.

Zein eginkizun dituzte langile horiek guztiek?

Lau talde nagusi daude langileen artean. Alde batetik, teknikako jendea dago, kamarak eta audio arduradunak. Bestalde, produkzioko jendea, dena antolatzeaz arduratzen dena (non bazkaldu, txalupak non utzi…). Gero gidoilariak eta erreportariak daude, eta azken taldea jokuak prestatzen dituztenek osatzen dute: arotzak, soldatzaileak… tailerra manejatzen duen jendea. Horretaz gain, aurten 25 txalupa erabili genituen grabaketan, eta beraz, 25 gidari izan genituen.

Nolakoa da zuen lan egun bat?

Gure muga nagusia argia da grabatzerako orduan. Eguzkia 6:00etan ateratzen zenez, ordu horretan grabatzen hasteko 4:00 aldera esnatzen ginen eta jokua egiten genuen. Gero, batzarra, eta azkenik, duelua. Grabaketa 18:00 aldera amaitzen genuen, eta ondoren, hotelera joan eta hurrengo eguneko gauza guztiak prestatzeko bilerak egiten genituen: jokuak antolatzeko, gidoia aldatzeko…. Egun osoa lanean igarotzen genuen. Lo gainera, walkia ondoan genuela egiten genuen eta zerbait pasatzen bazen, baten bat gaixo jarri adibidez, txalupa hartu eta kanpamenduetara joan behar izaten genuen. Gogorra da, etxera lehertuta bueltatzen gara.

Beraz, lehiaketa ez da partaideentzat soilik gogorra, zuentzat ere bai.

Nire ustez gogorragoa da lantaldearentzat lehiakideentzat baino. Nik aurten 6 kilo galdu nituen grabaketak iraun zuen bitartean.

Lan horren barruan, jokuen diseinua da beste zutabe garrantzitsuetako bat. Arlo horretan ere izan da garapena.

Indarrak pisua galdu du urteek aurrera egin ahala, eta abilezia eta trebezia garrantzia hartzen joan dira. Azkenean, partaide guztiek aukerak izatea nahi dugu, eta gaitasun gehiago dituztenak aurrera joatea. Saiatzen gara gauza desberdinak tartekatzen: ura, sokak, mendia…

Esan duzu, 100 pertsonatik gora biltzen zaretela grabaketa garaian, baina horren guztiaren ardura, zurea eta Txema Montoyarena da.

Urte asko egin ditugu batera eta ondo moldatzen gara, begiratu hutsarekin badakigu nondik jo. Errespetu handia diogu elkarri.

Gaur egun jendeak ezagutuko zaitu, baina agian jakingo ez duena da zein izan den zure ibilbidea Conquiseko zuzendari izatera iritsi aurretik.

Kazetaritza eta errealizadore ikasketak egin ostean, ETB-ko informatiboetan hasi nintzen lanean, eta gero, kiroletara pasa nintzen. Bertan Reala jarraitzen aritu nintzen urte luzez. Athletic ere bai denboraldiren batean. 1998. urtean Frantzian jokaturiko Mundialean izan nintzen, baita Eurokopan ere. Kontua da futbolarekin nekatu egin nintzela, beste gauza batzuk egin nahi nituela, eta lana uztea erabaki nuen.

ETB-n ONG desberdinen gaineko saio bat egiten zuten orduan, eta bi urte pasa nituen programa hartan lanean munduari buelta emanez. Gero, Basetxea egiteko proiektua sortu zen Txema Montoya eta Patxi Alonsorekin, aurretik kiroletan lankide izan nituen biak. Horrela lotu ziren berriro gure bideak, eta ordutik saio mordoa egin ditugu: 10 Basetxe, 16 Conquistador, 101 Gaztelu, Invictus, Aconcagua… denetarik.

Zein puntutan zaude gaur egun?

Oso gustura nago oraingo lanarekin. Conquisek leku berriak eta jende berria ezagutzeko aukera ematen dit, eta hori oso aberasgarria da. Gainera gu ez gara oporretan bezala hotel onetara joaten, hango herritarren bizitzan murgiltzen gara, eta asko ikasten da, beraiekin elkarbizitzen dugulako. Kontentu nago.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika