Albisteak

Erika Lopez Arribillaga: “ikerketa honek minbizia duten gaixoei terapia zehatz eta pertsonalizatuak eskaintzen lagunduko du”

Koloneko minbizia duten gaixoengan kimioterapia tratamenduek dituzten eraginak hobeto ezagutzea da Bartzelonako Biomedikuntzako Ikerketa Institutuko Erika Lopez Arribillaga doktore urnietarra egiten ari den ikerketaren helburua, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak emandako bekari esker. Ikerketak bere fruituak ematean, terapia zehatz eta pertsonalizatuak eskaintzen lagunduko du, gaixo bakoitzaren egoera eta ezaugarri zehatzak kontuan hartuta.

15 urte daramatza Lopezek Bartzelonan, baina urnietarra izaki, irmo mantentzen du herriarekiko lotura, eta ahal duen guztietan itzultzen da familia eta lagunak bisitatzera. Gabonak etxean pasatzera etorri dela aprobetxatuta berarekin elkartu gara.

Zertan datza zehazki ikerketa?

Doktoretza ondoko beka bat eman didate. Nire lantaldea 20 pertsona inguruk osatzen dugu eta gehienak informatikariak dira. Ni berriz, laborategian nago biologo moduan lanean. Kimioterapia mota batzuk mina eragiten dute ADN-an. Zelulak berez badituzte min horiek errepara ditzaketen mekanismoak, baina beti ez da erreparatzea lortzen eta mutazioak sortzen dira.

Ikerketa honekin jakin nahi dugu kimioterapia eman eta momentu gutxira zer gertatzen zaion ADN-ari. Beraz, ez ditugu mutazioak begiratu nahi, hori ondorio bat baita, begiratu nahi duguna da kimioterapiak zein eremutan egiten duen min. Halaber, ezagutu nahi dugu zelulak zein eremutan konpontzen duen min hori bereziki, horrela jakin ahal izango baitugu zein puntutan jarri behar dugun indargunea, ahulagoak diren puntuetan, hain zuzen.

Zein onura ekarriko du ikerkuntzak?

Egiten dugun ikerketa oinarrizkoa da, baina terapia pertsonalizatura bideratuta dago, izan ere, minbizi bakoitza desberdina da. Ondo ulertzen badugu kasu bakoitza bere genoma kontuan hartuta, eta erreperatzeko dituen mekanismoak aintzat hartuta, gero hobe aukeratu daiteke zein terapiak emango dion erantzun hobea gaixo bakoitzari bere ezaugarrien arabera.

Adibide bat jartzerik bai?

Demagun badakigula tratamendu batek eragindako mina ezin duela erreparatu tumoreak, baina bai ordea, pertsona horren zelulak. Kasu horretan pentsatu dezakezu tratamendu hori ona dela gaixo horrentzat, izan ere, tumoreak ez dauka mina erreparatzeko mekanismorik eta ez du inporta minbizian zelula horiek hiltzea. Baina era berean, badakizu pertsona horren zelulek min hori erreparatzeko gaitasuna izango dutela. Beraz, ikerkuntza oinarrizko hau behar dugu ulertzeko zelula horietan zer gertatzen den, ondoren terapia konkretuak garatzeko.

Horrelako beka bat jasotzea ez da batere erraza eta zure proiektua hautatua izana harro egoteko modukoa da ezta?

2019an,  6 doktoretza ondoko beka soilik eman zituen Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak eta horrek erakusten du zein zaila den aukeratua izatea. Gainera nire proiektua balorazio altuena eskuratu zuena izan zen, eta ondorioz, poz itzela izan zen bai niretzat eta baita nire lantaldeko kide guztientzat ere. Esan daiteke orain hasi naizela jasotzen landatu ditudan hazi guztien fruituak.

Zer egin behar da beka horretara aurkezteko?

Dokumentu pilo bat aurkeztu behar dira: ikasketak, tituluak, curriculuma eta proiektua bere atal guztiekin: kronograma, bide orria, helburuak, erronkak eta ezagutzak, besteak beste. Horretaz gain, zientziaren alorrean ikertzaile bakoitzak egindako aurkikuntzen argitalpenak ere asko baloratzen dira.

Lehiakortasuna ere handia izango da.

Ikaragarria. Oker ez banago 80 lan inguru aurkeztu ziren. Nik beka hau eskatzen nuen bigarren aldia zen. Aurrekoan ez zen posible izan, eta oraingoan bai.

Konpetentzia handia, eta imajinatzen dut presioa eta autoexigentzia ere baietz. Izan ere, beka ematen dutenek emaitzak esperoko dituzte.

Hala da. Orain hasi da benetako lana. Erronka handia da baina aurre egiteko prest eta gogotsu gaude. Gainera beka honekin mundu honen partaide sentitzen zara. Minbiziaren aurkako elkarteak beka bat emandakoan familia horren barruan sartzen zarela sentitzen duzu. Beraiek ere hori sinestarazten dizute, interes handia erakusten dute zu ikerlari moduan ezagutzeko eta zure lanak ezagutzeko. Beka Estatuak emanez gero aldiz, badirudi urrunagoko zerbait dela.

Ikerketa Bartzelonan garatzen ari zara, azken urteetako zure bizilekuan.

15 urte daramatzat Bartzelonan. Azken hirurak lan talde honekin. Laborategia Bartzelonako Biomedikuntzako Ikerketa Institutuan dugu, Parke Zientifikoan kokatzen dena, Camp Nou-ren ondoan dago. Aurretik 7 urte egin nituen beste laborategi batean, tesia egin nuenean, IMIM-Mar Hospitalean.

Nolakoa da ikerketa talde bat kudeatzea?

Ni proiektu zehatz honetako arduraduna naiz, baina Nuria Lopez Bigas doktorea da taldea zuzentzen duena. Nik egin behar dut lana, nahiz eta informatikari talde bat dudan atzean. Bakoitza bere esparruaz arduratzen den arren, elkarlanean jarduten dugu eta bilera asko egiten ditugu. Egindako esperimentuak azaltzen dizkiet nik, eta beraiek ostera, datuak eta grafikak ematen dizkidate interpretatzeko. Horretaz gain, unibertsitateko karrera edo masterra egiten ari diren ikasleak izaten ditut nirekin, laguntzen.

Nolakoa da ikertzaile baten egunerokoa?

Korreoa begiratzen dut laborategira iritsi bezain pronto. Izan ere, gauza mordoa bildatzen digute eta argitalpen berriak ikusten ditut, etengabe gauza berriak ikasi behar ditugulako eta egunean egon behar dugulako. Bestalde, zelulak ditut laborantza gela batean eta zaindu egin behar ditut, ondo mantendu daitezen esperimentuetarako. Beraz, zelulekin esperimentuak ere egiten ditugu eta ordenagailuan ere denbora asko pasatzen dut, ikertutakoari buruz idatzi behar dudalako.

Zergatik da garrantzitsua ikerketak egitea?

Ikerketa garapenaren oinarri nagusia delako. Ikerketarik gabe ezin dira ezagutzak handitu. Hortaz, ikerketak ezagutzak handitzeko balio du, eta ezagutza horrek era berean, gure osasuna hobetzeko medikuntzaren alorrean. Beste horrenbeste gertatzen da gainerako alorretan. Teknologia, makineria eta energia berriak ere ikerkuntzaren emaitza dira. Gizartea garatzen joateko eta bizi baldintzak hobetzeko ezinbestekoa dela esango nuke.

Ematen diogu behar adinako garrantzia?

Ikertzaileen artean bilerak egiten ditugu eta askotan hitz egiten dugu horri buruz. Gure ustez ez zaio ematen beharko lukeen garrantzia inondik ere. Oker ez banago, Espainian aurrekontu osoaren %1,2 inguru soilik bideratzen da ikerketara. Euskadin zerbait gehiago jartzen da (batez besteko %1,85a, %2,38 Gipuzkoan), baina ez da nahikoa. Kontuan eduki behar da gure ikerketak gizartearen onurarako direla. Jakituria eta ezagutza funtsezkoa da gizarte garatu bat izateko. Beste herrialde batzuetan bultzada handiagoa ematen zaio ikerkuntzaren arloari. Niretzat erronka bat izan da nire lana garatzen jarraitu ahal izateko Estatutik ez irtetea, atzerrira joateko zorian izan nintzen. Ikertzaileak ez gaude behar bezala baloratuta. Horretan zerikusi handia du jende askok ez dakiela zertarako balio duen gure lanak. Hezkuntza kontua da.

Behar bezala baloratuta egon ez arren, horrelako ikerketa baten arduraduna izatea hitz potoloa da.

Egia da, baina nik ez diot garrantzirik ematen. Niretzat nire lana besterik ez da ikertzea eta artikuluak idaztea.

Espero zenuen iritsi zaren lekura iristea?

Niretzat amets bat zen. Egin dudan guztia hona iristeko egin dut, baina banekien oso zaila zela. Gainera sorpresa izan da egiten dudanarekin hainbeste gozatzea. Karreran eta doktoretzan asko ikasi nuen honen inguruan eta banekien gustatuko zitzaidala, baina horrenbeste gozatzea… Jende askok galdetzen dit ea noiz joango naizen enpresa pribatu batera diru gehiago irabaztera, baina orain egiten ditudan ikerkuntzek askoz askatasun handiagoa ematen didate, eta hori oso aberasgarria da niretzat. Hori ez nuke izango enpresa pribatu batean, eta dena ez da dirua.

Honaino iristeko bidea luzea izan da, kontaiguzu.

Urnietako Presentacion de Maria ikastetxean ikasi nuen 6.mailara arte. Ondoren, bigarren hezkuntza Salesiarretan egin nuen eta batxilergoa berriz, Donostiako Aita Barandiaranen, izan ere, nire ingeles mailan beste jauzi bat eman nahi nuen eta han hiru hizkuntzatan egiten ziren ikasketak.

Behin unibertsitaterako jauzia emateko garaia iritsita Bartzelonara joan nintzen Giza Biologia ikastera Pompeu Fabra unibertsitatera, gaur egun biomedikuntza gradua dena. Niretzat aukera ezin hobea zen, izan ere, medikuntza asko gustatzen zitzaidan, baina ez nuen mediku bezala lan egin nahi. Hala, giza gorputzari buruz dena ikasteko aukera izan nuen baina ikerkuntzari bideratuta. Karrera 5 urte ziren, baina nik azken urte erdia Toronton (Kanada) egin nuen.

Eta gero, masterra eta doktoretza.

Behin karrera bukatuta banekien ikerkuntzan lan egiteko masterra eta doktorego tesia behar nituela. Ikerkuntza Biomedikuari buruzko Masterra Bartzelonako unibertsitatean burutu nuen La Caixaren beka bati esker, eta doktoretza Pompeu Fabran egin nuen Eusko Jaurlaritzaren beka batekin. 5 urte pasa nituen Kolon minbiziari buruzko doktoretza aurrera eramaten.

Urte asko kanpoan eginagatik ez duzu Urnieta ahazten.

Ni urnietarra naiz eta bertan ditut familia eta lagunak, eta ahal dudan aldiro itzultzen naiz bisitan. Galdetzen didaten guztietan esaten dut Urnietakoa naizela eta ondo idazteko eskatzen diet kar, kar, kar.

Nola irudikatzen duzu etorkizuna?

Orain ikerketa hau aurrera eramatean nago zentratuta. Eta begirada aurrerago jarrita ez dut pentsatzen kanpora joatea. Garai batean baloratu nuen Estatu Batuetara joatea, baina han dagoen konpetentzia ez da osasuntsua, eta uste dut ez nukeela gozatuko. Niretzat hoberena Urnieta ondora bueltatzea izango litzateke, Donostiara esaterako. Kontua da hemen gauza asko ondo egiten diren arren, biomedikuntza alorrean zertxobait falta dela, baina auskalo.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika