Albisteak

Parte Hartuz 2020 aurrekontuko 150.000 euro zertan gastatu erabakitzeko

Urnietako Udalak 2020. urteko aurrekontu irekien parte hartze prozesua martxan jarri du aurrekontuko 150.000 euro zertan gastatu erabakitzeko. Horrela, herritarrek beraien auzo eta kaleetan hobetzeko, konpontzeko edo egiteko ikusten dituzten gauzak aintzat hartuta proposamenak egiteko aukera dute beste behin.

Prozesuaren nondik-norakoak azaltzeko aurkezpen publikoa egin zuen Udalak atzo Lekaion herritarren aurrean, eta gaur berriz, herriko etxe guztietara informazio liburuxkak bidali ditu, horien barruan proposamenak idazteko erabili beharreko orriak daudelarik.

Bi berritasun: hobekuntza bakoitzerako 50.000 euro eta Photocall-a

Parte hartze prozesura bideratuko den kantitate osoa aldatuko ez den arren, bai igoko dela hobekuntza bakoitzera bideratu daitekeen gehienezko kopurua. Orain arte, hobekuntza bakoitzerako muga 25.000 euroan (BEZa barne) izaten zen, eta aurten aldiz, 50.000 euroraino igo da langa hori. Horretarako arrazoi nagusia herritarrek eginiko proposamenen egokitasuna asko handitu den arren, kasu batzuetan, 25.000 euro pasatxoko aurrekontua zuten proposamen interesgarriak prozesu hauetatik kanpoan utzi behar izan direla da. Aldaketa honekin herritarrei aukera zabalagoak eskainiko zaizkie.

Bestalde, aurten, berritasun berezi batekin datoz informazio karpak, izan ere, photocall bat ipiniko da hilaren 24an. Bertan parte hartzen duten pertsonei argazki bat aterako zaie eta argazki hori eramango duen oroigarri bat oparituko zaie.

Proposamenak aurkezteko epea urtarrilak 15 – otsailak 2

Urnietan erroldaturiko 16 urtetik gorako edozein pertsonak dauka proposamenak aurkezteko aukera. Horretarako epea urtarrilaren 15etik otsailaren 2 arte izango da.

Ondorengo bide hauen bitartez dago proposamenak helarazteko aukera:

  • Herriko puntu desberdinetan ipini diren kutxetan: Bertan, Lekaio, Kiroldegia, Jubilatuen Egoitza, Anbulatorioa, Egape ikastola (Lizardi eta Azkorte) eta Magale ikastetxea (Presentacion de Maria eta Salesiarrak).
  • Udalerriko hainbat puntutan ipini diren buzoietan.
  • Udalaren webgunean sorturiko atal berezian: www.urnieta.eus
  • Udalaren APP-an.

Informazio karpak urtarrilaren 24an eta 25ean

Bestalde, herritarrek dituzten zalantza guztiak argitzeko eta proposamenak helarazteko informazio karpak jarriko dira bi egunetan:

  • Urtarrilaren 24an 10:00etatik 14:30era Etxeberri plazan eta 17:00etatik 20:00etara Guria tabernaren inguruan.
  • Urtarrilaren 25ean 10:00etatik 14:30era kiroldegiaren kanpoaldean.

Baldintza hauek bete beharko dituzte proposamenek balekoak izateko:

  1. Udal-eskumenekoak diren proposamenak, jarduera-arlo hauei lotuta: obrak, hirigintza eta mantentze-lanak.
  2. Ekonomia edo/eta teknika aldetik bideragarriak diren proposamenak. Gauzatzeko 50.000€ (BEZa barne) baino gehiagoko kosturik ez dutenak.
  3. Iraunkortasun ekonomikoa eta finantzarioa bermatzen dituzten proposamenak.
  4. Urnietan bizi diren herritar guztien interesa norberaren interesen gainetik jartzen duten proposamenak.
  5. Udalerriko auzoen arteko oreka bermatzen duten proposamenak.

Proposamenak aurkezteko epea amaituta, udaleko teknikariek proposamen guztiak aztertuko dituzte teknikoki eta ekonomikoki, eta lehenetsi egingo dituzte ondoren gauzatzeko. Azkenik, hartutako erabakiak jakinaraziko zaizkie herritarrei aurkezpen publiko baten bidez. Halaber, emaitzekin informe bat osatuko da, zeina zuzenean bidaliko zaien prozesuan parte hartzen duten pertsona guztiei, azalduz beraien proposamena onartua izan den, edo kontrako kasuan, kanpoan geratzeko arrazoia zein izan den zehaztuz.

Aurreko urteetako parte hartze prozesuetan jendearen erantzuna oso ona izan zen, eta oraingoan ere jendeak erantzutea espero du Udalak. Horretara animatzen ditu herritarrak, haien beharrak ezagutu nahi ditu eta.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika