Albisteak

Gabonetan ondo pasatzeko eskaintza zabala

Gabonetarako ekintza mordoa antolatu dituzte Urnietako Udalak eta herritarrek urtero bezala. Abenduaren 16tik urtarrilaren 5era arte haur, gazte eta helduentzako jarduerak izango dira herriko toki desberdinetan.

Lourdes Iriondo Musika Eskolako ikasleek esaterako, kontzertuak eskainiko dituzte abenduaren 16tik abenduaren 19ra bitarte. Hitzordu gehienak Saroben izango dira arratsaldeko 18:30ean.

Abenduaren 21ean berriz, Santo Tomas eguna ospatuko da. Salestarretako Gabonetako jaialdia izango da Bosko Anitzek antolatuta eta Sorginek ere postu bat jarriko dute eguna girotzeko.

Olentzero eta Mari Domingi

Bi egun beranduago, abenduaren 23an, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera izango da Egape Dantza Taldeak antolatuta, umeentzako zita berezia inondik ere.  Berrasoeta parketik San Joan plazaraino ibilbidea gauzatuko dute 17:30ean hasita. Hurrengo egunean ostera, 12:00etan, gabon-kantak izango dira ikastetxeetako ikasleekin, eta 16:30etik aurrera aldiz, gabon kantak entzun ahal izango dira kalez kale Kantazaun kantujiraren eskutik.

Haurrentzako “Sormen txokoek” eta “Topaguneak” ere protagonismo berezia izango dute abenduaren 26an, 27an, 30ean, eta 31n. Magia trukoak ikusteko parada abenduaren 29an izango da Txan magoarekin, eta musika gogoko dutenek bestalde, Gospel kontzertuaz gozatzeko modua izango dute abenduaren 30ean, 19:30ean, elizan. Urtea osasuntsu amaitzeko ostera, azken urteotan indarrra hartu duen San Silbestre lasterketa ospatuko da Poxta Zahar elkarteak antolatuta abenduaren 31n. Izen ematea 15:00-16:00 bitartean izango da San Joan plazan. Ordu horretan abiatuko da umeen lasterketa, eta ondoren, hartuko dute lekukoa helduek.

Errege magoak

Urtarrileko lehen egunetarako ere hainbat ekimen programatu dira. Urtarrilaren 3an adibidez, Ludobus egurrezko jolasak eskainiko dira kiroldegian. Hurrengo egunean aldiz, puzgarriak ipiniko dira kiroldegian, eta urtarrilaren 5ean azkenik, Errege magoen txanda iritsiko da. Harrera San Migel elizan egingo zaie 16:00etan, eta bertan, haurrekin argazkiak egin eta gutunak jasotzeko aukera egongo da.

Desfilea Lobera baserritik 18:00etan abiatuko da. Beraz, haur guztiak Erratzuko zubira hurbiltzera deitzen dira. Pregoia irakurri eta gero, Errege Magoek Urnietako 0 eta 6 urte arteko haur guztiei oparitxo bat banatuko diete, udaletxe azpiko arkupeetan. Hau 19:00ak aldera hasiko da.

Ekintza guztiak APP-an

Horiek dira Gabonetarako programatu diren ekintzetako batzuk, baina guztien gaineko informazioa herritarren eskura jartzeko Udalak atal berezi bat sortu du bere APP-an egun bakoitzean dauden ekintza guztiekin. Bihartik aurrera izango da ikusgai.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika