Albisteak

Sarobe 25 urte: elkarrizketak bertatik igarotako 4 pertsona ezagunei

Sarobe arte eszenikoen gunea bere 25.urteurreneko ospakizunetan murgilduta dagoen honetan,  urte hauetan guztietan bertan landu diren lau diziplina nagusietatik (antzerkia, dantza, musika eta zinea) igarotako lau pertsona ezagunekin elkartu gara, haien bizipenak ezagutzeko eta beraien ibilbidean Sarobek izan duen garrantzia ezagutarazteko. Aitor Arregi zine zuzendaria, Edu Muruamendiaraz Aukeran Dantza Konpainiako zuzendaria, Mireia Gabilondo antzezle eta zuzendaria, eta Mikel Makala musikaria, hain zuzen.

Aitor Arregi: ”ate salbagarri bat ireki zitzaidan Saroben”

Gaur egun jende askok ezagutzen zaitu arrakasta handia lortu duten lanak sortu dituzulako, baina denek jakingo ez dutena da Saroben eman zenituela lehen urratsak zinemagintzan.

1999-2000 ikasturtean izan nintzen ni Saroben eta ilusio eta nostalgiarekin oroitzen dut garai hura.  Zinezale amorratua nintzen garai hartan, baina aldi berean ez nekien nola kudeatu jakin nahi nuen hura, eta ate salbagarri bat ireki zitzaidan Saroben. Horrelako ikasketak egiteko lekurik ez zegoen orduan.

Gainera, goi mailako irakasleak izan zenituen.

Gidoigintza Michel Gaztambiderekin ikasi nuen eta zuzendaritza Enrique Urbizurekin. Harrituta geratzen nintzen irakasleek esaten ziguten guztiarekin eta mahai gainean jartzen zizkiguten kontzeptuekin. Nik gainera nire lehenengo film laburrak Saroben egin nituen. Lehenengo aldia izan zen errealitatearekin topo egin nuena, filmazio erreal batekin, alegia. Hori Sarobek eman zidan eta oso eskertuta nago.

Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga ere bertan ezagutu zenituen ezta?

Hala da, Saroben ezagutu genuen elkar eta Sarobetik atera genuen jakituria horretatik sortu zen Moriarti ekoiztetxeko hazia.

Beraz, giltzarri izan da zuen ibilbidean.

Sarobe gabe ziurrenik gure egarri hori asetzeko gunerik ez genukeen izango, eta agian, Garaño eta Goenaga ere ez nituen ezagutuko. Sarobegatik izan ez balitz ez ginateke gaur egun gauden lekuan eta puntuan izango.

Zuek hiruretaz aparte harrobi emankorra izan da.

Puntu hori azpimarratzekoa da dudarik gabe. Sarobeko eskolan ezagutu ginen hainbat  honetara dedikatu dira gero. Esango nuke 10 baino gehiago garela jarraitu dugunak: Goya sari bat duen Jon Serrano, Iñaki Diez eta beste hainbat Saroben ikasitakoak dira.

“La trinchera infinita” Saroben ikusgai izango da abenduaren 15ean. Berezia izango da hasi zineten lekuan pelikula eskaintzea hain data berezian ezta?

Dudarik gabe. Ni aspaldian ez naiz izan Saroben eta kuriositate handia daukat ikusteko nola dagoen. Urte askoren ostean maitasun berezia diozun leku batera bueltatzen zarenean magia berezi bat sortzen da, eta espero dut horrela izatea. Oroitzapen on asko etorriko zaizkit gogora. Aspaldi ikusi ez duzun jendea berriro ikustea ere oso polita da.

Mireia Gabilondo: ”Sarobe etxe bat bezalakoa da guretzat, behar bezalako lekua ikuskizunak eratzeko eta garatzeko”

Euskal Herriko antzerki konpainia esanguratsuenen ikuskizunen eraketa prozesuen eta emanaldien testigu zuzen izan da Sarobe.

Sarobe behar bezalako leku bat da ikuskizunak eratzeko, garatzeko eta hobetzeko. Oso toki aproposa da, izan ere, benetako antzoki batean lan egiteko aukera ematen du. Eta hori oso garrantzitsua da. Hasierako lanketak areto txikietan egin daitezke, baina gero, ezinbestekoa da leku zabal bat edukitzea, dimentsio egokiak dituena eta fokuak erabil ditzakezuna. Eraketa lan prozesua modu serio eta egoki batean egiteko lekua da Sarobe. Urteak atzera eginda ez genuen baliabide bat da. Jauzi garrantzitsu bat eman zen Saroberekin.

Beraz, Sarobe hitza entzundakoan sentimendu berezi bat etorriko zaizu burura.

Guretzako etxe bat bezalakoa da. Urte asko egin ditugu bertan. Gure ikuskizun guztiak bertan sortu ditugu. Sarobera sartu orduko bertako usainak hainbeste obretako eta aurrestreinaldietako oroitzapenak ekartzen dizkizu, eskaileratxo horiek igo ahala. Nerbioak, bizipozak, ezjakintasunak… denetarik bizi izan dugu bertan. Gainera, publikoarekin egiaztatzeko aukera ematen digute aurrestreinaldiek eta hori ere funtsezkoa da.

Egindako lan guztietatik baten bat oroitzen duzu bereziki?

Ikuskizun mordoa egin ditut bai antzezle moduan eta baita zuzendari moduan ere, baina batekin geratzea oso zaila egiten zait. Hori bai, duela gutxi oso festa berezi bat egin genuen Saroben. Edi Naudo zendu egin zen duela hilabete Madrilen lanean ari ginela. Gurekin 30 urte inguru egin ditu lan Tanttakan, eta pentsatu genuen despedida txiki bat egitea lanbideko guztiak bilduta. Segituan ikusi genuen lekurik aproposena Sarobe zela, eta beraz, pentsatu guretzat zer nolako esanahia duen Sarobek.

Zuzendari eta antzezle paperak oso desberdinak dira?

Zuzendari moduan osotasuna begiratzen duzu. Zure pertsonaia txiki hori defenditu behar duzunean beste toki batetik aritzen zara. Bietan oso gustura sentitzen naiz.

Kultura sortzeko horrelako guneek duten garrantziaz jakitun gara?

Gehiago beharko genituzte. Euskal Herrian edo Gipuzkoan ez gara horrenbeste baina askotan tokatzen da data konkretu batzuetan lan egiteko zailtasunak izatea eta horrelako lekuei behar besteko garrantzia eman behar zaie. Lan egiteko guneak ezinbestekoak ditugu.

Orduan Sarobek aurrera egitea eta  berritzen joatea funtsezkoa da.

Sarobek aurrera egin behar du. Etxe guztietan bezala beti dago zerbati hobetzeko eta berritzeko, eta behar berriei erantzun behar zaie, baina aurrera eginez.

Edu Muruamendiaraz: ”Sarobe erreferente bat zen, erreferente bat da eta erreferente izango da”

2010.urtean iritsi zen Aukeran Sarobera. Zer suposatu zuen konpainiarentzat?

Guretzat aurrerapauso handia izan zen. Inflexio puntu bat suposatu zuen Sarobera etortzeak. Heldutasuna eman dio konpainiari. Profesionaltasuneruntz pausoak ematen jarraitzeko ezinbestekoa da, oinarri nagusia, eta hori da nire helburua.

Aukeran iritsi den lekura iristeko egin duen bidean Sarobe oinarrietako bat dela esan daiteke?

Saroberik gabe kontua bestelakoa izango zen. Sarobek konpainiari lasaitasun handia eman dio gauzak patxadaz eta behar bezala sortzeko. Guretzako arnasa da. Lehen zerbait berezia prestatu behar genuenean etortzen ginen Sarobera, azken ukituak emateko, eta dena presaka egiten genuen, presio handiagoarekin.  2010etik aurrera ordea, sorkuntza guztiak hemen egiten ditugu. Guretzat Sarobe laborategi bat da, esperimentu guztiak bertan egiten ditugu, eta hortik irteten dira gure ikuskizunak.

Aukeran eta batez ere zu, Urnietan dantzaren ikono bihurtu zarete.

Ni Bergaratik Donostiara etorri nintzen eta duela 22 urte Egape Dantza Taldeko irakasle izateko aukera eman zidaten. Horrela iritsi nintzen Urnietara zer geratuko zen jakin gabe, eta begira zein bide polita egin dugun, ni oso gustura nago. Urnietak ikaragarri eman dit niri, eta nik ere Urnietari zerbait eman diodala uste dut. Elkartruke bat da.

Elkartruke horretan aurrestreinaldiak bertan eskaintzen dituzue beti, eta dantzaren zabalpenean lan ederra egiten duzue.

Aukeran erreferentzia bat da Urnietarentzat, eta nik uste dut herriarentzat ere Aukeran Urnietako parte dela. Gainera, Urnietako dantzari gazteentzat oso positiboa da, izan ere, beti dute bizirik Aukeran-era jauzi egiteko ilusioa. Niri horrek lan egiteko gogo gehiago ematen dit, herriko jendea nirekin oso lotua sentitzen dudalako.

25 urte bete ditu Sarobek, baina oraindik bide luzea du egiteke.

Espero dut baietz. Guk hemen jarraitu nahi dugu. Sarobe bizirik dago. Sarobe erreferente bat zen, erreferente bat da eta erreferente izango da.

Mikel Makala: ”Sarobe pauso bat aurretik egon da beti eta apostu finko batzuetatik haratagoko apostuak egin ditu”

Promotore lanak egin zenituen Saroben antolatzen ziren kontzertuetan. Zein oroitzapen dituzu?

Oroitzapen oso onak. Hilabetean behin egiten genuen eta  hainbat talde interesgarri eraman genituen Sarobera ondoren nahiko potenteak izan direnak. Esate baterako, Anari edo Delorean bertatik pasa ziren. Orain, perspektibarekin ikusita zerbait polita egitea lortu genuela uste dut.

Nolako giroa izaten zen?

Oso ona. Herriko jendeaz gain inguruko herrietako jendea mugitzea lortzen genuen. Ez ginen bakarrik estilo batera mugatzen, estilo desberdinak lantzen genituen, izan ere, aniztasuna oso garrantzitsua zen niretzat. Jendea erakartzen genuen. Batez ere, Donostialdeakoa, baina baita, Euskal Herriko beste txokoetakoa ere.

Aniztasuna aberastasun iturri da ezta?

Nik beti ikusi dut Sarobe pauso bat aurretik egon dela eta apostu finko batzuetatik haratagoko apostuak egin ditu. Gaur egun, aretoetako antolatzaileek, oro har, ez dute arriskurik hartzen taldeak aukeratzerakoan, gauza ziurretara joaten dira emaitzak nahi dituztelako epe motzean. Saroben hartzen genituen arriskuak, kontzertu desberdinak eginez, hip hopekoak adibidez.

Zer gustatzen zitzaion bereziki gerturatzen zen jendeari?

Euskal musika eta rock-a. Euskal Herriko zutabea eta euskarria izan delako rock-a.

Musikazaleentzat aukera ezin hobea zen.

Jendeari plan eder bat egiten genion eta prezio nahiko merke batean gainera, Saroben eskaintzen diren gainerako kultur ekimenak bezala, eta hori zorte handi bat da.

Sarobeko urteurrenean parte hartzea berezia izango da zuretzat ezta? (elkarrizketa kontzertuaren aurretik egina dago)

Ilusioa egiten dit hain data berezian Saroben jotzeak. Gu aurrera goaz baina garai bateko aurpegi ezagunak ikustea berezia eta hunkigarria izango da. Garai bateko oroitzapenak etorriko zaizkit.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika