Albisteak

Puertas erakusketa Urnietan artearen bitartez indarkeria matxista ikusarazteko eta hausnartzeko

Puertas, artearen bidez indarkeria matxista ikusarazteko eta arazo larri horren gainean hausnartzeko Dimesion agentziak sorturiko proiektu artistiko bat da. Erakusketak, ateak oinarri hartuta artista desberdinek sorturiko 48 obra erakusten ditu. Ate bat 2018.urtean Estatuan indarkeria matxistaren ondorioz eraila izan zen biktima bakoitzeko.

Aurreko urtean zehar, Estatuan gizon batek erail zuen emakume bakoitzeko, Dimensionek ate bat bidali zion artista bati, ate hori erabil zezan bere obra ezagutzera emateko oinarri gisa. Ate horrek beste aldean dagoen errealitatea irudikatzen du, ikusarazteko helburuz.

Asier Nieblaren atea erakusketan barneratuta

Puertas erakusketak Berdintasun Ministerioko datu ofizialetan agertzen diren indarkeria matxistaren biktimak biltzen ditu, baina Asier Nieblaren atea ere erakusten du. Asier, emakume baten bikotekide ohiak emakumearekiko mendeku ekintza batean erail izanagatik, oraindik ez baita zerrenda ofizialetan indarkeria matxistaren biktima moduan aitortzen.

2018.urteko Donostiako Aste Nagusian, Asier Niebla lagun batekin hizketan ari zen taberna baten sarreran, eraso bortitz eta ulertezin bat jasan zuenean. Espero gabe eta bizkarrez jaso zuen kolpe hark koma egoeran utzi zuen. Bi hilabete egoera horretan egon ostean, 2018ko urrian hil zen Asier. Arrazoia: gizon baten zentzugabekeria, bere lagunaren bikotekide ohiarena, hain zuzen.

Puertas erakusketak indarkeria matxistaren gaineko hausnarketa sakon bat eragin nahi duela kontuan hartuta, 47 biktima ofizial horietatik haratago doa Sandra Garayoak sorturiko Asierren atea barneratuz, zeina erakusketan presente dagoen uztailaz geroztik. Asier, indarkeria mota hau datu ofizialez haratago doala erakusten duen adibide garbi bat da. Bere atearekin estatistika ofizialetatik kanpo dauden dozenaka kasu guztiak sinbolizatu nahi dira, izan ere, zerrenda ofizialetatik kanpo egonagatik maila bereko biktimak dira horiek ere. Gaur, gai horren inguruko debate irekia dagoenean, Asierren atea inoiz baino beharrezkoagoa da.

Inaugurazioa abenduaren 19an, 19:00etan, Lekaion

Donostian, Iruñean, Gijonen, Vigon, Barakaldon, A Coruñan, Alicanten eta Zaragozan izan ostean, erakusketa Urnietara iritsiko da abenduaren erdian bere zikloa ixteko eta gaur burutu da aurkezpeneko prentsaurrekoa. Bertan izan dira, Mikel Pagola Urnietako alkatea, Jon Martija Dimensioneko ordezkaria, Sandra Garayoa Asierren atearen sortzailea eta Yoana eta Juanjo Asierren anai-arrebak. Inaugurazio ofiziala berriz, abenduaren 19an, arratsaldeko 19:00etan gauzatuko da Lekaio kultur etxeko areto nagusian, eta herritar guztiei irekia izango da.

Ate bakoitzak bere plaka izango du biktimaren izenarekin eta adinarekin. Halaber, eraila izan zen lekuaren eta dataren inguruko informazioa emango da. Gainera, QR kodearen bitartez, atearen sorkutza prozesuaren bideoa ikusi ahalko da artisaren azalpenekin batera.

Bestalde, ate huts bat ipiniko da erakusteka ikustera joaten diren herritarrek haien hausnarketak txertatu ditzaten.

Erakusketa ikusgai urtarrilak 7 bitarte

Inauguraziora joateko aukera ez duten herritarrek izango dute erakusketa ikusteko parada 2020ko urtarrilaren 7 bitarte. Ordutegia 17:00-20:00 izango da astelehenetik ostiralera. Larunbatetan (abenduak 28 eta urtarrilak 4) 10:00-13:00 bitartean egongo da irekita, eta ondorengo egunetan berriz, erakusketa itxita izango da: abenduak 21, 24, 25, 31 eta urtarrilak 1.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika