Albisteak

Bizikidetza, Memoria eta Giza Eskubideen jardunaldiak Urnietan

Urnietako Udalak hainbat urte darama bizikidetzaren eta memoriaren gaineko lanketa egiten Urnietan ahalik eta elkarbizitza egokiena lortzeko eta memoria partekatu eta inklusibo bat sortzeko xedez. Aurten ere jardunaldi berri batzuk antolatu ditu eta berauetan giza eskubideak ere landuko dira, izan ere, jardunaldiak Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren (abenduak 10) inguruan antolatu dira.

2019ko jardunaldietarako ondorengo 3 ekintzak antolatu dira:

Dokumentala: “In Dialogue”

  • Eguna: abenduak 10, asteartea
  • Ordua: 19:00
  • Lekua: Lekaio kultur etxea
  • Hizkuntza: ingelera / azpitituluak gaztelaniaz

Ipar Irlandako gatazka eta elkarrizketaren boterea uztartzen dituen dokumentala

Sinopsia: Sira Abenoza filosofoaren iritziz, gure gizartean gertatzen diren gatazka gehienak elkarrizketa ezaren ondorio dira. Premisa horretatik abiatuta, aspaldi ekin zion jatorri, maila sozial eta ekonomiko, pentsaera politiko diferente edota oro har, izaera ezberdineko pertsonen arteko topaketak antolatzeari. Elkarrizketa sokratikoaren bere metodoa Espainian eta Hego Amerikan egiaztatu eta gero, Ipar Irlandara jo du, eta mahai beraren inguruan bildu ditu IRA-ko eta talde paramilitar unionistetako kide ohiak, soldadu britainiar ohi bat eta polizia ohi bat. Elkarrekin, elkarrizketa-ariketa batean murgiltzen dira. Protagonisten hitzetan, “ezezagunerantz egindako bidea da” eta aldi berean “bakea eraikitzeko modu bakarra da”.

Zineforuma Paul Rios-ekin

Abenduaren 10ean, dokumentalaren ostean

Paul Ríos: Zuzenbidean lizentziatua eta giza-eskubideetan, bakean eta demokrazian aditua. Bere ibilbide profesionala bakearen, elkarrizketaren eta berradiskidetzearen lanari lotua egon da. Lehenik Elkarrin aritu zen, eta ondoren, 2006 eta 2015 artean Lokarriko zuzendaria izan zen. Ordutik, kontsultore autonomo gisa lan egiten du. Era berean, kolaboratzailea da Columbiako Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak babestutako ikerketa politiko eta sozialetarako Agirre Lehendakaria Centerren.

Mahai-ingurua: gaztedia, memoria eta transmisioa

  • Eguna: abenduak 12, osteguna
  • Ordua: 19:00
  • Lekua: Lekaio kultur etxea
  • Hizkuntza: euskara eta gaztelania

Zer dakite gure gazteek? Zer ez dakite? Zer kontatu diegu? Zer jakin nahi dute? Zergatik da horren garrantzitsua transmisioa? Nola landu behar da transmisioa? Noren ardura da transmisioa?

Iker Uson: Gizarte langilea, bakegintzan espezializatua eta “Unibertsitateko gazteek Euskadin bizi izan den terrorismoari eta giza eskubideen urraketei buruz dakitena eta duten diskurtsoa” ikerketaren egilea.

Leire Ostiza: Donostian jaioa, xientzia politikoa eta zuzenbidea ikasi zituen Madrilen. Orain, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko bake eta bizikidetza teknikaria da.

Film laburrak: giza eskubideak

Abenduak 10, 11 eta 12

Ikasleentzat bakarrik

DBH-ko 4. ikasturteko, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleei zuzendutako ekimen berezia.

Sinopsia: Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian azken urteetan ikusi izan diren bost film laburrek osatzen dute bilduma, eta besteak beste, honako gai konplexuak jorratzen dituzte: identitatea, migrazioa, politika, emakumezkoen sexu-organoen erauzketa eta Indiako azido erasoen biktimak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika