Albisteak

Estela Cuevas: “feedback oso interesgarria sortzen da bertaratzen diren pertsonen artean, iraganaren eta geroaren arteko mugarria ekartzen du”

Estela Cuevasek, Etxeberri plaza auzo-elkartearekin eta pertsona immigrante batzuen laguntzarekin batera, azaroaren 16an Egape ikastolan egingo den kulturarteko jaia antolatu du. Helburu nagusia da “geure burua aberastea, elkarrengandik ikastea eta beste herrialde batzuetatik bizitzera etortzen diren pertsonak gizarteratzen laguntzea” azaldu du Cuevasek. Eta erantsi du, horretarako, oso garrantzitsua dela “egun bat izan dezatela herriaren aurrean haien burua erakusteko”.

Egunean zehar denetatik izango da: tailerrak, afrorapa, janari-dastatzea, kontzertua eta Tai Jia. Edonola ere, Cuevasek azpimarra berezia jarri du egingo den janari-dastatzean. Errazio bat eraman behar da bertaratzen den pertsona bakoitzeko, ondoren gainerako pertsonekin partekatzeko, baina berdin du zer eramaten den, hori gutxienekoa da: “janariaren bidez eta beste pertsona batzuek prestatu duten gauzak dastatuz, feedback oso interesgarria sortzen da bertaratzen diren pertsonen artean, iraganaren eta geroaren arteko mugarria ekartzen du”.

Jada ez da ezer geratzen eta urduri dago, egindako lan guztiak bere fruituak eman ditzan nahi duelako. Egun polit batez disfrutatzea espero du, eta horretarako, urnietar guztiak animatzen ditu parte hartzera:

Jarduera oso interesgarria antolatu duzue.

Guk hau 3 urtez antolatu dugu Egapeko Aballarri gurasoen elkartetik. Fran Bravoren eta nire ideia izan zen, Fran jada elkarlanean aritu baitzen GKE batekin antzeko jardueratan. Kontua da soilik Egapeko familientzat bideratuta zegoela, eta orain, ordea, herri guztiari dago zuzenduta.

Ze erantzun jaso zenuten jendearen aldetik?

70 pertsona inguru etortzen ziren 12 bat herrialde desberdinetatik, gutxi gorabehera. Kopuru polita da, baina Urnietako jende gehiago animatzea gustatuko litzaidake. Beste herrialde batzuetatik herrira bizitzera datorren jendea animatu ohi da mota honetako ekitaldietan parte hartzera, baina gehiago kostatzen da bertako jendea erakartzea. Atzerritarrek haiei egindako gonbidapena dela sentitzen dute eta errazago parte hartzen dute, baina bertakoak itxiagoak gara zentzu horretan eta gehiago kostatzen zaigu. Jendarte euskalduna anima dadila nahi dut.

Atzerritarrek eskertuko dituzte mota honetako ekimenak ezta?

Pilo bat; izan ere, jendeak gero urte osoan zehar galdetzen dit noiz izango den hurrengo data. Halaber, eskertzen dituzte udal-zerbitzu desberdinak aurkezteko Udalak antolatzen dituen ongietorri-saioak, esaten dute inoiz ez dietela halakorik egin. Guk, elkarte gisa, parte hartu dugu ere ongietorri horietan, eta iruditzen zitzaidan egun bat egon behar zuela beraientzat. Hortik dator 16ko jaia. Izan ere, antolaketan laguntzen didaten pertsona batzuk ongietorri-saio batean ezagutu nituen.

Atzerritarrek beraiek antolaketan parte hartzea eta laguntzea beste pauso bat da beren gizarteratzean.

Bai. Partaide senti zitezen nahi nuen eta laguntza eskatu diet. 11:30etik 13:30era jarduera desberdinak egingo dituzte. Adibidez, Indiako pertsona batzuek henna tatuaje-tailerrak egingo dituzte eta Etiopiako beste batzuek txirikorda-tailerrak. Halaber, oihal afrikarren tailer bat egongo da eta teak dastatzeko jaima bat jarriko da. Halaber, Kamerungo mutil batek afrorapa abestuko du. Udalak ere ospakizuna sustatzen du eta talde afrikar baten emanaldia eramango du.

Izena eman behar al da parte hartzeko?

Ez da aldez aurretik izenik eman behar, nahikoa da egunean bertan azaltzea. Eskatzen den gauza bakarra da janaria eramatea dastatzeko, gainerako jardueretarako ez da ezer behar. Gainera, nahi duten haurrei makarroiak zerbitzatuko zaizkie bazkalorduan.

Etxeberriko elkarteak ere laguntzen dizu.

Elkarteari ideia bikaina iruditu zitzaion eta egun horretan laguntzeko prest zeudela esan zidaten. Egia esan, Etxeberrin sortu dugun taldea gozamena da. 12 lagunek osatzen dugu, baina gero, beti laguntzen digu jende gehiagok. Oso giro ona dugu gure artean eta primeran pasatzen dugu.

Geroz eta gauza gehiago antolatzen dituzue, jendeak erantzuten duenaren seinale.

Egia esan, bai, geroz eta jende gehiago animatzen da gure jardueretan parte hartzera, eta hori oso positiboa da. Oraintxe bertan 5 antolatzen ditugu urtean zehar: Etxeberriko jaiak, gazteen jaiak, inauteriak, kanpai-entseguak eta kulturarteko jaia. Ekimen horiek gabe askoz ere gauza gutxiago egongo lirateke herrian, eta gauza politak dira. Oso garrantzitsua da elkarte guztiek, bai gureak bai gainerakoek, egiten duten lana.

Lana bai, baina esaten duzunez atsegin duzuen lana da.

Nik ezin hobe pasatzen dut antolatzen dugun guztiarekin eta soberan merezi dit dakarren lanak. Giro ona transmititu egiten da.

Beraz, bai Estelak eta baita Etxeberriko elkarteak ere puska baterako dute.

Elkarteak osasun ona du eta lanean jarraituko du. Momentuz, antolatzen dugun guztia mantenduko dugu.

 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika