Albisteak

Sarobe, 25 urtez erreferente

Sarobe arte eszenikoen guneak 25 urte bete ditu bere hastapenetik gaurdaino bide emankor bat burutu duelarik. Epe horretan, “herrian guztiz barneratzeaz gain, eskualdean erreferente argi bilakatu da, izan ere, Euskal Herriko konpainia esanguratsuenen ikuskizunen, eraketa, altxatze eta emanaldien testigu zuzen izan da” azaldu du Mikel Pagola alkateak gaur eguerdian burutu duen agerraldian. Bertan izan dira baita, David Rosco Sustapeneko zinegotzia eta Eider Aranguren Kultura teknikaria ere.

Dantza zein antzerki konpainientzat baliabide apartak dituen gunea da Sarobe, guztiz tolesgarria den harmailarekin entseguetarako eremu paregabea eskaintzen duelarik. Hala, “arrakastara handia izan duten hamaika proiektu pasatu eta aurrestreinatu dira bertan, antzoki entzutetsuagoetara jauzi egin aurretik” kontatu du Pagolak. Eta hori noski, “herritarren zorionerako izan da, goi-mailako ikuskizunez gozatzeko aukera izan baitute prezio baxu batean”.

Izen handiak igaro dira

Ikuskizun garrantzitsuak landuta, horien partaide asko ere ezagunak izan dira eta izen handiak pasa dira Sarobetik urte hauetan: Jon Plazaola, Aitziber Garmerdia, Andoni Agirregomezkorta, Joseba Apaolaza, Sara Cozar eta Asier Hormaza, besteak beste. “Gogora ekarri behar da ere, Saroben zinema eskola egon zela, eta bertatik irten zirela esate baterako, ibilbide oparoa egin duten Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga”. “Loreak” edo “Handia” bezalako arrakastek beraien sinadura daramate.

Aukeran Dantza Konpainia profesionalak ere bere lanerako egoitza Saroben jarri zuen 2010. urtean Urnietako Udalarekin garatzen ari den lankidetzari esker. Horrela, bere ikuskizunak ekoizteko Sarobeko azpiegitura eta baliabideak erabiltzen ditu, eta trukean, sentsibilizazio proiektuak gauzatzen ditu, dantzarekin lotutako hainbat ekimen sustatuz: “horregatik guretzat oso garrantzitsua da Aukeran bertan izatea” azpimarratu du alkateak.

Kultura bultzatuz

Konpainia profesionalen beharrak asetzeaz gain, “arte eszenikoak gizarteratzeko hamaika proiektu aurrera eraman dira Saroben” adierazi du David Roscok. Esaterako, “udal ikuskizunen sorreraren bitartez, herritarren kultura sortzeko grina asetu da”. Udal elkarte eta herritarrez osatutako Marizulo talde eragileak Urnietako historiaren errepasoa egin du herriko hainbat pasarte bildu dituzten ikuskizunen bidez: “Marizulo”, “Urnieta 59” eta “1936”.

Halaber, han ari da lanean Udal antzerki tailerra 2010.urteaz geroztik: bederatzi denboralditan ikasturte amaierako emanaldiak prestatu dituzte ikuskizun bat eszenaratzeko beharrezkoa den sorkuntza prozesuko urrats guztiak ikasi dituztelarik: hala nola, “Kafe antzerkia”, “Pentagrama Enea”, “Gorputz ta arimaz” eta “Kale antzerkia”.

Ikastaroak, pelikulak, dokumentalak, hitzaldiak, kontzertuak…

Bestalde, herritar guztiei bideraturiko ikastaroak ere eskaini dira Saroben, oro har, ongizateari lotuak: hala nola, yoga, pilates, bizkar-eskola eta gimnasia hipopresiboa.

Pelikulak, dokumentalak eta hitzaldiak eskaintzen dira, eta kontzertu-gune moduan ere erabiltzen da. Musika emanaldi ugari antolatu dira: Duncan Dhu, Su ta Gar, Sorkun, Ruper Ordorika, eta Zea Mays, besteak beste. Eta noski, musikarekin lotuta DJ Makala ere aipatu behar da. Beraz, “erabilera balioaniztuna duen zentrua da” zehaztu du Roscok.

Ekintza mordoa azaroak 15 – abenduak 15 bitartean

1994.urtean ateak ireki zituenetik 25 urte bete direnean, eginiko ibilbide bikaina aitortzeko eta ospatzeko, ekintza mordoa antolatu dira azaroaren 15etik abenduaren 15 bitarte. Ekintza horiek Saroben urte hauetan gehien landu diren arloekin izango dute lotura: dantzarekin, antzerkiarekin, zinearekin eta musikarekin, hain zuzen.

Ekintza horien gaineko informazio guztiarekin informazio liburuxka bat bidaliko da herriko etxeetara. Ospakizunetan parte hartzera animatzen dira herritarrak.

DESKARGATU PROGRAMA

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika