Albisteak

Zerbitzu sozio-hezitzaileak erabiltzen duen lokala eraberritu da

Urnietako Udalak egunerokotasunean behar desberdinak dituzten haur, nerabe zein helduekin lan egiten duten hezitzaileak ditu Gizartekintza sailaren barruan eskaintzen duen zerbitzu sozio-hezitzailean. Oihan eta Alazne dira zeregin horretan jarduten duten bi teknikariak.

2006.urtean jarri zen abian zerbitzu hau. Ordudanik asko indartu da baliabide gehiago bideratuz eta erronka berriei erantzunez. Aldaketarik esanguratsuenetarikoa ordea, azken urtean etorri da, izan ere, lehen adin txikikoekin soilik egiten zuten lan, eta orain aldiz, adin guztietako pertsonekin.

Ingurune irekiko zerbitzua 10 urtetik 18 urte bitarteko haur eta nerabeei bideratua dago eta ekintza hezitzaile desberdinak burutzen dira.  Azken finean, Oihanek adierazten duen moduan, “gazteentzako erreferente positiboak izan nahi dugu, hezkuntza, aisia, harreman edo eta antolaketa arloetan eduki ditzazketen beharretan laguntzen diegularik”.    

18 urtetik gorako helduekin ere egiten dute lan, beraien jardunaren xede nagusia pertsona horien ongizatea eta bizi baldintzak hobetzea delarik.

Kalean lan eginda ezagutze prozesua nolakoa izaten den galdetuta denetariko egoerak ematen direla kontatzen dute: “batzuetan gu gerturatzen gara beraiengana, euren eremu, ordutegi eta talde naturaletara egokituz. Beste batzuetan aldiz, gazteak etortzen dira guregana ezagutzen gaituztelako edo ahoz ahokoaren bidez gure berri izan dutelako”.

Ekintza anitzak egiten dituzte

Behin elkar ezagututa, gazte desberdinekin hitzorduak egiten joaten dira eta ekintza desberdinak egiten dituzte beraiekin, bai banaka eta baita taldeka ere: hala nola, irteerak antolatu, eskulanak egin eta joko desberdinetara jolastu. Azken eginkizun horietako batzuk burutzeko, duela gutxi eraberritu den eta Santa Leokadia kalean dagoen lokala erabiltzen dute. Baliabide anitz dituzte han: bizikletak, patinak, pin-poneko mahaia, sukaldea, komuna, telebista eta sofa, besteak beste. Horretaz gain, jolas-lan bezalako tailerrak antolatzen dituzte, zeina eskola ohitura egokiak hartzera bideratuta dagoen.

Bestalde, herriko eragile, elkarte eta profesionalekin elkarlanean jarduten dute, besteak beste, Magale eta Egape ikastetxeetako aholkulari eta orientatzaileekin edota gaztelekuko hezitzaileekin harremana dutelarik. Halaber, gazteen gurasoekin komunikazio zuzena eta jarraia izaten dute. Astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan izango dira aurten Hezitzaileak 16:00etatik 20:00etara. Kontakturako telefonoa ondorengoa da interesa izan dezakeen ororentzat: 943 00 83 49

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika