Albisteak

Asier Nieblaren oroimenezko lasterketa urriaren 12an: ekitaldiari buruzko informazio guztia

Urriaren 11n urtebete beteko da Asier Niebla hil zenetik eta bere lagunek Asierren oroimenezko ekitaldi bat antolatu dute Urnietako Udalaren babesarekin gogoan dutela erakustarazteko eta justizia eskatzeko. Izan ere, Niebla aurreko urteko abuztuaren 12an Donostiako alde zaharrean eraso matxista bat jasan ostean, eta bi hilabete koma egoeran egon ondoren hil zen.

Lasterketa eta ibilaldia

Urriaren 12an Urnietan gauzatuko den ekitaldiko lehenengo zatirako bi ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek. Alde batetik, oinez egin beharko den 2 km-ko ibilaldia, eta bestetik, 7,5 km-ko lasterketa. Biak San Joan plazan hasi eta amaituko dira. Ibilaldia arratsaldeko 16:00etan abiatuko da eta lasterketa berriz, 16:20ean. Horrela, ibilaldian parte hartzen duten pertsona guztiak plazan izango dira lasterkariak iristen direnean azken horiek animatzeko.

Lasterketa eta ibilaldia antolakuntzak kontrolatuko ditu Udaltzaingoaren laguntzaz. Lasterketako ibilbidea zintekin markatuta egongo da, eta beraz, korrikalariek zinta horiek jarraitu beharko dituzte ibilbidea zuzen osatzeko. Ibilaldiari dagokionez, Udaltzainen kotxe bat ibilaldiaren aurretik joango da, eta atzetik berriz, antolakuntzako bat.

Izen emateak itxita 600 pertsonekin

Antolatzaileek ekitaldiko egunean bertan izena emateko aukera eskainiko zutela iragarri zuten izen emateko epea ixteko egun baten faltan, baina azken egunean gauzaturiko izen emate kopuru altua ikusita, aukera hori bertan behera uztea eta izen emateak ixtea erabaki dute, izan ere, orotara 600 pertsonak hartuko dute parte ekitaldian, eta hori da hain zuzen, eskatu den kamiseta kopurua. 600 pertsona horietatik 450 pasatxo ibilaldian irtengo dira eta gainerakoak berriz, lasterketan.

Dena den, lasterketa eta ibilaldia amaiturikoan ekitaldiaren bigarren zatia gauzatuko da San Joan plazan, eta izena eman ez duten pertsonak, nahi izanez gero bigarren atal horretan parte hartzera gonbidatzen dira.

Sariak, elkarretaratzea, Asierren atea eta Asierren anaiaren abestia ekitaldiaren bigarren zatian

Ekitaldiko bigarren zatia sari banaketarekin hasiko da, izan ere, lasterketan garaikurrak banatuko zaizkie gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietako lehen, bigarren eta hirugarren sailkatuei.

Ondoren, argazki erraldoi bat ateratzeko asmoz, bi minutuko elkarretaratze isila gauzatuko da. Segidan, Asierri eskainitako atea aurkeztuko da. Dimension agentziak erakusketa bat sortu du 2018. urtean indarkeria matxistak Espainian eraildako emakume bakoitzeko ate bat sortuz. Ate horiek artista desberdinek sortuta daude eta helburua indarkeria matxista ikustaraztea eta gogoeta bultzatzea da.

Asier ere indarkeria matxistaren ondorioz hil zenez, berari eskainitako atea ere sartu dute Estatuko hainbat txokotan ikusgai jarri den erakusketa horretan, eta hain zuzen, Asierren atea, Sandra Garayoak eginikoa, Urnietako plazan egongo da ikusgai urriaren 12an. Erakusketako arduradunak ere bertan izango dira eta erakusketaren nondik-norakoak azalduko dituzte.

Atea aurkeztu eta gero, Asierren familiako kideak igoko dira oholtzara, eta azkenik, ekitaldia borobiltzeko, Juanjo Niebla anaiak, Asierrentzat sortu duen abestia jarriko da.

Kamiseten bila eguerdian joatea eskatzen da azken orduko jende pilaketak ekiditeko

Lasterketan eta ibilaldian izena eman duten pertsona guztiei kamiseta bat emango zaie egunean bertan, ekitaldian zehar jarri dezaten. Antolatzaileak 12:00etatik aurrera izango dira San Joan plazan kamisetak banatzeko eta jendeari ahal izanez gero, eguerdian pasatzeko eskatzen dute, azken orduan jende pilaketa handiak egon ez daitezen eta ekitaldia bere orduan has dadin. Lasterketako dortsalak ere orduan banatuko dira.

Errepide mozketak eta San Joan plaza itxita

Lasterketak eta ibilaldiak irauten duten bitartean, behin-behineko errepide mozketak izango dira ibilbideetan zehar. Hortaz, Xoxokara igo behar dutenei 16:00ak baino lehen igotzea edo Andoaindik joatea gomendatzen zaie.

Bestalde, ekitaldiak irauten duen bitartean San Joan plaza itxita egongo da festetan egiten den moduan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika