Albisteak

Aurkeztu da Sanmiel jaietako programa

2019ko Sanmielak iristear dira eta gaur aurkeztu dute jaietako egitaraua Mikel Pagola alkateak, David Rosco Sustapeneko zinegotziak, Iñaki Otamendi kultura teknikariak eta Jai Batzordeko kide desberdinek. Aurtengo jaiak irailaren 26tik 30era ospatuko dira eta ”bost egun horietan Jai Batzordearen laguntzaz antolaturiko ekintza mordoaz gozatzeko aukera izango dugu bai urnietarrok eta baita inguruko herrietatik etorritakoek ere” azaldu du alkateak. Ekintza horietako batzuk ezagunak izango dira eta beste batzuk aldiz, berriak, baina ”denetarik eta denentzat izango da”. Roscok bere aldetik, eskerrak eman dizkie elkarteei burutzen duten lan guztiarengatik: ”beraien ekarpenik gabe ezinezkoa litzateke hain programa osoa eta aberatsa osatzea”.

Festak irailaren 26an hasiko dira 19:30ean gauzatuko den Mielaren jaitsierarekin eta Nahikari Garciak eta Julen Gabirondok jaurtiko duten txupinazoarekin. Alkatearen esanetan ohore bat da haien modalitateetan erreferenteak diren bi kirolari urnietar hauek jaien hasieran parte hartzea: ”beraien kirol lorpenekin eta zabaltzen dituzten baloreekin Urnieta herri are eta handiagoa egiten laguntzen dute”. Ondoren, Udalak jartzen duen karparen eta txosnen irekiera gauzatuko da, eta bertan ospatuko dira segidan, arrakasta handia izan ohi duen tortila lehiaketa eta gau tematikoa. Aurtengo gaia Ibiza izango da.

Ostiralean haur eta gazteentzako jolasak izango dira Gaztelekuak eta UKEren eskubaloi sailak antolatuta. Kantazaun kantujiraren doinuekin berriz, herriko kaleak alaituko dira. Gazte Festetan estreinatu zen Kantazaun kantujira, eta orain, Sanmieletan jarraipena emango diote. Gauean jende mordoa bildu ohi duen oilasko afaria ospatuko da txosnagunean eta kontzertuak ere izango dira. Umorea nahiago dutenek berriz, ikuskizun polit bat ikusteko aukera izango dute San Joan plazan.

Larunbatean gastronomia izango da arreta puntu nagusietako bat Bakailao eta Master Txef lehiaketekin, eta ospatuko diren 3 bazkariekin: txosnagunekoa, emakumeena Gurian eta paella jatea San Joan plazan. Gazteentzat hainbat jarduera egongo dira: esaterako, Karabina tiraketa, Holi Fest eta Parkour. Pilota atsegin dutenentzat bestalde, remonteko eta eskuzko partidak udal pilotalekuan. Azpimarratzekoa remonteko partidako 4 protagonistetatik 3 urnietarrak izango direla: Ansa, Goikoetxea eta Arruarte, hain zuzen.

Nabarmentzekoa baita, tanborradak pieza berri bat joko duela. Duela 16 urte Jose Ignazio Ansorenak 5 pieza konposatu zituen bertako danborradarentzako eta horietako 2 aurreko urtean jo ziren lehenbiziko aldiz. Bada, aurten, pieza berri bat entzuteko aukera izango da. Musikarekin lotuta, bertsolariak eta London orkestra ere izango dira larunbatean.

Igandean, Sanmiel eguna ospatuko da eta Txanbolin txistulari bandak diana jo ostean, haur danborradak iritsiko dira. Bigarren urtez jarraian Egapeko eta Magaleko ikasleek batera joko dute herri nortasuna sendotuz. Eguneko beste zita garrantzitsu bat Zaldundegiko ahizpei eskainiko zaien omenaldia izango da: “azken hamarkadetan eta beraien gurasoen bideari jarraiki Mari Karmen, Pepita eta Asun ahizpek burutu duten lan bikaina aitortu nahi dugu” zehaztu du alkateak. Arratsaldean, kontzertu akustikoa eta antzerkia izango dira. Baita, berbena, Dantza Soka eta Mariachiak ere.

Astelehenean azkenik, haurrek izango dute protagonismo nagusia, eta bereziki, Alkate Txiki lanetan jardungo duten Nikolas Agudok eta Carla Monterok. Puzgarriak eta jokoak izango dira Egape ikastolan goizez eta arratsaldez. Antzerkia Etxeberri plazan eta Xaiborrek diskofesta eskainiko du San Joan plazan. Ondoren, aurtengo jaiei amaiera emateko momentua iritsiko da, Mielaren agurrarekin, zezen suzkoarekin eta azken trakarekin.

Egitarau osoa APP-an sortu den atal berezian

Urnietako Udalaren mugikorretarako APP-an atal berezi bat sortu da herritarrek jaietako programa momentuoro eskura eta begiratzeko moduan izan dezaten, egun guztietako ekitaldiekin eta bakoitzaren gaineko informazio zehatzarekin.

Oraindik APP-a deskargatuta ez dutenek, gainerako aplikazioak deskargatzen diren modu berberean deskarga dezakete doan bai Android eta baita, Apple sistema duten mugikorretan ere, bilatzailean “Urnieta” hitza ipinita. Urnietako Udalaren logoarekin azalduko da.

Kristina Arozena  urnietarraren irudia

Urnietar batek sorturiko irudia da Sanmiel jaiak iragartzen dituena, izan ere, Kristina Arozenak irabazi zuen kartel lehiaketa. Arozenak kartel lehiaketa hau irabazten duen bigarren aldia da, baina badaude desberdintasunak kartel haren eta honen artean: ”aurrekoa ordenagailuz egin zuen osorik eta oraingoan aldiz, eskuz landu du zati bat collage moduko bat eginez”.

Eraso matxistarik ez

Jaiez gozatzeko deia egin du alkateak, baina betiere errespetuz eta arduraz jokatuz eta ospakizuna eta atsedena uztartuz. Halaber, argi utzi du festak normaltasunez igarotzea nahi duela, inolako erasorik gabe. Zentzu horretan azpimarratu du Urnietan jarrera sexistek ez dutela lekurik eta erabat gaitzesten direla.

Bestalde, alkoholaren kontsumo ardurasu bat egiteko dei egin du, gehiegikeriak ez dira onak eta.

Asteburu honetan hainbat ekintza

Jaiak hilaren 26an hasten diren arren, asteburu honetan ere hainbat ekintza izango dira herria girotzen hasteko. Egape Dantza taldeak bi ikuskizun eskainiko ditu, Super H Festaren V.edizioa ospatuko da, Bertso afariaz gozatzeko aukera izango da Oianumen, Pintura gustuko dutenentzat Pintura lehiaketaren XXIII.edizioa ospatuko da sari potoloekin (irabazleak 750 euro), eta Extremadurako jaialdia ere izango da.

Trafiko mozketak

Bestalde, festek irauten duten egunetan trafiko aldaketak eta mozketak izango dira. Ondorengoak dira nabarmenenak, nahiz eta beste egunetan ere erretentzioak eta mozketa txikiak izango diren.

  • Irailak 26: San Joan plaza itxita jaien hasierak irauten duen bitartean

  • Irailak 28: 23:30-02:00 bitartean mozketa partzialak eta auto ilarak Idiazabal kalean helduen danborradaren ondorioz.

  • Irailak 29: 12:30-14:30 bitartean trafiko mozketa Idiazabal kalean. Autobus geltoki bakarra Denda Berri zaharren egoitzako errotondan haur danborradaren ondorioz.

  • Urriak 6: 08:00-14:00 bitartean trafiko mozketa Idiazabal kalean. Autobus geltoki bakarra Denda Berri zaharren egoitzako errotondan Urnietako Klasikoen IV. Ibilaldia dela eta. Ondorioz, kotxeek ezingo dute aparkatu Aballari eta Iparralde tabernen artean, aurretik hasiko dira kotxeak bertatik kentzen. Egun berean herri kirol erakustaldia dago probalekuan eta bertan ere ezingo da kotxerik egon.

Udaletxea eta Bertan itxita hilaren 30ean

Udaletxea eta Bertan itxita izango dira irailaren 30ean.

DESKARGATU FESTETAKO PROGRAMA
Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika