Albisteak

Kristina Arozena: “lehiaketa bigarren aldiz irabazita ikusten da ez dela zorte kontua izan, gauzak ondo egin izanaren saria baizik”

Kristina Arozena urnietarraren irudiak iragarriko ditu 2019ko Sanmiel jaiak, berak irabazi baitzuen kartel lehiaketa. Marraztea eta eskulanak egitea txikitatik gustatu izan zaiola kontatzen du Arozenak, “beti egoten nintzen zerbait egiten, modu naturalean irteten zitzaidan zerbait zen”.

Afizioa ofizio bihurtzeko asmoz diseinu grafikoko ikasketak burutu zituen Urnietako Magale ikastetxean eta titulua eskuratu ostean, urtebete diseinatzaile moduan jardun zuen arren, denda batean dihardu lanean orain. Dena den, bere pasioa ez du albo batera uzten eta lehiaketetara aurkezten jarraitzen du, emaitza onekin gainera, Urnietako kartel lehiaketa irabazten duen bigarren aldia baita.

Erakusleiho ona izan daiteke berarentzat eta diseinu lanetara itzultzea gustatuko litzaiokeela aitortzen du, nahiz eta erraza ez dela dioen: “niri logoak eta kartelak sortzea gustatzen zait. Baita aldizkariak maketatzea ere. Aukeraren bat sortuko balitz pozik hartuko nuke”.

Sanmiel jaietako kartel lehiaketa irabazten duzun bigarren aldia izanda argi dago zure kartelak gustuko direla herrian.

Eskertzen da bigarren aldiz nire kartela hautatu izana, horrela ikusten baita ez dela zorte kontua izan, gauzak ondo egin izanaren saria baizik.

Noiz aurkeztu zinen lehenengo aldiz lehiaketara?

Diseinu grafikoa ikasten hasi aurretik aurkeztu nintzen lehen aldiz, 18-19 urterekin. Orain orduko lanak ikusiz gero, oso itsusiak iruditzen zaizkit, nahiz eta lehen zoragarriak iruditu kar, kar, kar. Gero ikasketak egin ahala kalitate gehiagoko lanak egiten hasi nintzen.

Zer sentitu zenuen lehenengo aldiz lehiaketa irabazi zenuela komunikatu zizutenean?

Lehenengo aldian sekulako ilusioa egin zidan, izan ere, ez nuen inoiz irabazi kartel lehiaketarik, eta oso berezia izan zen. Gainera herrian izanda…

Kartela programaren azalean eta herriko leku mordoan ikustea pozgarria izango da ezta?

Oso pozgarria, ilusio handia egiten du. Aurreko aldiko gauza guztiak gordeta ditut: kartela, programa, Berrittun atera zen albistea… Pentsatzen dut adin bat dudadean ilusioa egingo didala hau guztia gogorarazteak.

Oraingoan desberdina izan da?

Lehenengo aldia bereziagoa izan zen. Halere, oraingoan denbora gehiago eskaini diot kartelari eta buruturiko esfortzu guztiak pena merezi izan duela ikusteak asko asebete nau.

 Zer islatzen saiatu zara?

Alaia eta koloretsua izatea nahi nuen, festak horrelakoak direlako. Horretaz gain, Urnietako eraikinen estiloak, Adarra eta Eteneta presente egotea nahi nuen, baita udazkena ere, urtaro polita delako, kolore ederrak eskaintzen dituena. Eta Miela noski.

Zein desberdintasun daude aurreko kartelarekin alderatuta?

Aurreko kartela ordenagailuarekin egin nuen osorik eta oraingoan eskuz landu nahi nuen zati bat. Lehenengo zati bat margotu nuen, eta gero, collage moduko bat egin nuen. Oso gustura geratu naiz emaitzarekin.

Zer da zailagoa eskuekin edo ordenagailuarekin lan egitea?

Denbora gehiago eskatzen du eskuz egiteak. Kasu honetan lehenik eta behin testurak sortu behar izan nituen, eta ondoren, zati bakoitza moztu eta pegatu. Dena den, niretzat agian zailagoa da ordenagailuz egitea, teknika eta erreminta gehiago jakin behar direlako. Bestalde, emaitzak momentuan ikusten dira eskuz lan eginda, eta zerbait gustatzen ez bazaizu berriro egiten duzu. Ordenagailuz ere bai, baina bisualagaoa da eskuz.

Badituzu erreferenteak?

Beste artisten lanak begiratzen ditut Instagramen, batez ere Ingalaterrakoak, han asko lantzen delako collagea. Halere, ez dut erreferente zehatzik, gauza desberdinak ikustea gustatzen zait, eredu bakarra baduzu zure horretan geratzen zarelako. Gehiegi begiratuz gero ordea, kopiatzen amaitzeko arrisku handiagoa dago, eta nik nahiago dut nahasketa bat egitea, gauzak pertsonalago egiteko, nire ikutu propioarekin.

Bestelako lehiaketetan parte hartzen duzu?

Parte hartzen dut beste lehiaketa batzuetan eta inguruko herrietakoetan, nahiz eta azken boladan beste gauza batzuetan ibili naizen eta denbora gutxiago dedikatu diodan. Baina gustatzen zait gauza berriak probatzea eta nire buruari erronkak jartzea.

Nondik datorkizu zaletasun hau?

Nire amonak marrazki politak egiten zituen eta agian berarengatik datorkit zaletasuna.

Nola bizitzen dituzu Urnietako festak?

Urtero elkartzen naiz lagunekin. Batzuk kanpoan bizi dira eta aitzakia polita da denak batzeko. Orain gainera, iloba txiki bat dut eta festak bizitzeko modua aldatu beharko dut. Berarekin barraketara joatea egokituko zait.

Saria ere ez da txarra, 450 euro. Zertara bideratuko dituzu?

450 euroak sari ona dira, eta agian, bidaiaren bat egingo dut diru horrekin, aurrekoan egin nuen moduan. Gustuko dut bidaiatzea, ikuspegia zabaltzeko oso baliagarria da.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika