Albisteak

AISA harrera-ikastaroak Urnietako Euskaltegian

Duela bi urte ireki zituen ateak Urnietako euskaltegiak Udalak AEK-rekin sinatu zuen hitzarmenari esker, eta hala, Udalak bere hizkuntz politikan duen funtsezko irizpideetako bati erantzun zion, euskararen irakaskuntza sustatzea eta horretarako erraztasunak ematea.

Indartsu ekin zuen ibilbidea euskaltegiak, 54 ikasleren izen-ematearekin hain zuzen, baina aurreko ikasturtean datuak are eta hobeak izan ziren, 58 ikaslek jardun baitzuten euskaltegian bost talde desberdinetan banatuta. Datu horiekin argi geratzen da euskara ikasten hasi diren edota haien maila hobetu nahi duten pertsonek asko eskertzen dutela horretarako aukera herrian bertan izatea.

Etorkinei bideraturiko ikastaroak

Udalak beste urtebeterako luzatu du AEK-rekin duen hitzarmena eta 12.000 euroko diru-laguntza emango dio. Hurrengo ikasturtea gainera, nobedadeekin dator, izan ere, estrainekoz, AISA harrera-ikastaroak eskainiko dira.

AISA ikastaroak euskara ikasten hasi nahi duten pertsona etorkinei bideratuta egongo dira. Modu honetan, pertsona horiek euskal kultura ezagutzea eta euskara ikasteko lehen urratsa ematea lortu nahi da. Izena ematen dutenek oinarrizko gauzak ikasteko aukera izango dute: hala nola, agurrak, zenbakiak, familia, garraioa, osasuna eta kirolari loturiko gauzak.

Ikastaroek 60 orduko iraupena izango dute 3 hilabetetan banatuta. Hau da, astean hiru egunetan elkartuko dira bi orduko klaseak jasotzeko. Izen-emateko epeak zabaltzean Udalak helaraziko du informazioa.

Bertso eskola aurrera

Urnietako bertso eskolak ere bere bidea egiten jarraitzen du Eli Pagola irakaslearen eskutik. Hurrengo urtean ere presente izango da Udalak Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin sinaturiko hitzarmenari esker. 1.334 eurokoa izango da dirulaguntza kasu honetan.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika