Albisteak

Hasi da 340 etxebizitza inguru eta Egape ikastolako DBH-ko eraikina eraikitzeko bidea

AIU32ko Plan Partzialari hasierako onarpena eman eta gero, hasi da 340 etxebizitza inguru eraikitzeko gauzatu beharreko bidea. Horietatik %55 babes ofizialekoak izango dira, %20 tasatuak eta %25 berriz, libreak, egungo zoruaren legeak zehazten duen moduan, kontuan edukita garatuko diren eremua urbanizagarria dela.

Gainera, eremu horretan hainbat espazio dotazional izango dira, garrantzitsuenetariko bat Udalak Eusko Jaurlaritzari lagako diona Egape ikastolako DBH-ko eraikina gauzatzeko. Gainerako udal eremuei emango zaien erabilpenari dagokionean, Udala lanean ari da erabilerak zehazteko, zeinak erabaki bezain pronto jakinaraziko diren. Halaber, esparruak aparkaleku mordoa izango ditu eremu horretako beharrei erantzuteko.

Irtenbidea Zabaletako trafikoa arintzeko

Bestalde, eremuaren garapenarekin irtenbide bat emango zaio Zabaleta auzoko trafiko handiak sortzen duen arazoari, herriaren erdigunetik kanpo geratuko den ordezko bide bat eginda. Horretarako, Lasartera joateko erabiltzen den bidea aldatuko da, Zabaleta auzotik egun dagoen igarobidea kenduz, eta horren ordez, lotura berri bat eginez biribilgune baten bidez Langardako bidegurutzean. Errepide berria garaturiko eremuarekin eta Lasarteko bidearekin lotuko da.

Garatuko dena eremu pribatua izanagatik, Udala ahal duen guztia egiten ari da eremu horretako garapen urbanistikoa sustatzeko eta bultzatzeko, izan ere, bere nahia da ahalik eta azkarren hastea etxebizitzak eta Egapeko eraikina egiten. Horregatik hartu zuen bere gain Plan Partzialaren garapena aurreko legegintzaldian lurren jabeekin hitz eginda.

Plan Partziala 2018ko amaieran aurkeztu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, eta ordudanik, ikusgai egon da Ingurumen sailean interesa duen ororentzat haien web orriaren bitartez. Plan Partziala aurkeztea ezinbesteko urratsa zen ondoren aldeko Ingurumen Txostena eskuratzeko.

Bidea egin behar da

2019ko ekainaren 17an aldeko Ingurumen Txostena jaso ostean, eta Udala eta batzordeak eratu eta gero, informazioa aurkeztu zen uztailaren 8an ospaturiko lehen batzordean, eta uztailaren 11n ostera, Gobernu Batzarrean eman zitzaion hasierako onarpena. Lau egun beranduago argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Udaleko iragarki taulan eta gehien saltzen den egunkarian, eta orain, alegazioak aurkezteko dauden 20 eguneko epearen barruan gaude. Abuztuaren 14an amaitzen da epe hori. Alegazioak jasotzen badira aztertu egingo dira, eta gero, behin betiko testua idatziko da bere onarpenerako. Udala prozesu guztia azkartzen saiatu da alegazioak aurkezteko epea uztailean has zedin, eta ez abuztuan, oporretara gehiago bideraturiko hilabetea baita abuztua.

Tramite hori gaindituta etorriko dira Urbanizatzeko Jarduera Programa eta Urbanizazio Proiektua. Beraz, oraindik bidea dago egiteke, baina hasi dira tramiteak eremuaren garapen urbanistikoa errealitate bihurtu dadin.

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika