Albisteak

Paisaia Plana osatzeko bidean herritarren lehen ekarpenak jaso dira

Paisaia Plana gauzatzeko bidean lehen bilera irekia gauzatu zen atzo Lekaio kultur etxean. Bertan, plana garatuko duen Araudi enpresak buruturiko aurrediagnostikoa azaldu zuen eta Lekaiora gerturatu ziren herritarrekin paisaiari buruzko lanketa bat egin zen. Lehenik, hainbat galdera erantzun behar izan zituzten banaka: hala nola, zeintzuk diren landuko diren eremuetako elementu negatiboenak, ahuleziak, zuzendu beharreko arazoak, elementu positiboenak, abantailak, mantendu beharreko gauzak, eta zein neurri jarriko lituzketen abian aipaturiko puntu negatiboak zuzentzeko eta positiboak babesteko.

Behin galdera horiek erantzunda, multzo osoarekin partekatu zituzten ideiak. Bilerara joan ez ziren herritarrek badute oraindik galdera horiek erantzuteko aukera uztailak 19 arte.

EMAIGUZU ZURE IRITZIA

Halaber, plana bera isladatzeko erabiliko den irudi proposamenen artean iritzia emateko aukera izan zen. Kasu honetan ere aukeraketa egiteko epea uztailak 19 arte izango da zabalik.

AUKERATU LOGOA

Parte Hartze zabalagoa irailean

Hori baina, hasierako puntua baino ez zen izan. Izan ere, proposamen teknikoak jasotzeaz gainera, herritarren partaidetzarako programa zabala burutuko da, Urnietako Udalaren asmoa baita, udalerriko hiri- eta industria-paisaia hobetzeko balio izango duen ekintza orokor honen aurrean urnietarrak konprometituta eta arduratsu sentitzea.

Horretarako, herritarrei beste galdetegi zabalago bat betetzeko eskatuko zaie irailean, eta gainera, bigarren bilera ireki bat ere egingo da.

Trankaxko erreka hobetzea helburu

Paisaiaren ekintza planaren helburu nagusietako bat Trankaxko erreka paisaia aldetik hobetzeko egin beharreko ekintzak ezartzea da, Ergoien industrialdetik, herrian duen ibilbidea eta ia Hernanirekin mugan dagoen errotaraino. Ibaiari lotutako konektibitate ekologiko eta paisaiazkoa hobetzea lortu nahi da.

Paisaia Plana ez da araugintzako plan bat, baina zenbait gomendio emango ditu aztertutako eremuak garatzeko eta hobetzeko ibilbide-orri gisa. Espero da Urnieta jasangarriagoa lortzeko bidean zenbait proposamen zehatz barneratuko dituen plana urte amaierarako amaituta egotea.

Informazioa eskura

Paisaia Planaren inguruko informazio guztia Araudi enpresaren webgunean topa daiteke.

INFORMAZIO GUZTIA

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika