Albisteak

Paisaia Plana garatzeko bidean aurrediagnostikoa azaltzeko eta lehen ekarpenak jasotzeko bilera irekia uztailaren 11n, 18:30ean, Lekaion

Paisaia Planaren gauzatze prozesuaren baitan, proposamen teknikoak jasotzeaz gainera, herritarren partaidetzarako programa zabala burutuko da, izan ere, Urnietako Udalaren asmoa da, udalerriko hiri- eta industria-paisaia hobetzeko balio izango duen ekintza orokor honen aurrean urnietarrak konprometituta eta arduratsu sentitzea. Horretarako, Urnietako paisaia nola ikusten duten, zein alderdi balioesten dituzten, zein hutsune ikusten dituzten, edota nola hobetuko luketen galdetuko zaie, besteak beste.

Lehenengo hitzordua ostegun honetan, uztailaren 11n, 18:30ean, Lekaio kultur etxean izango da Araudi enpresarekin, Paisaiaren Ekintza Plana garatzeko ardura duenarekin, hain zuzen. Bilera irekia izango da eta herritar guztiek parte hartzeko aukera izango dute.

Ekintzak errazteko eta zehazteko helburuarekin, aurrediagnostiko bat burutu du Araudik, zeinak, eztabaidatu, zabaldu eta zuzenduko diren proposamen multzoa jasotzen duen. Bileran, alde batetik, aurrediagnostiko horren berri emango dute enpresako ordezkariek. Bestetik, paisaiari buruzko lanketa bat egingo dute bertaratzen diren pertsonekin batera, eta halaber, plana bera isladatzeko erabiliko den irudi proposamenen artean iritzia emateko aukera eskainiko da.

Trankaxko erreka hobetzea helburu

Paisaiaren ekintza planaren helburu nagusietako bat Trankaxko erreka paisaia aldetik hobetzeko egin beharreko ekintzak ezartzea da, Ergoien industrialdetik, herrian duen ibilbidea eta ia Hernanirekin mugan dagoen errotaraino. Ibaiari lotutako konektibitate ekologiko eta paisaiazkoa hobetzea lortu nahi da.

Paisaia Plana ez da araugintzako plan bat, baina zenbait gomendio emango ditu aztertutako eremuak garatzeko eta hobetzeko ibilbide-orri gisa. Espero da Urnieta jasangarriagoa lortzeko bidean zenbait proposamen zehatz barneratuko dituen plana urte amaierarako amaituta egotea.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika