Albisteak

Eskola Agenda 21 programan parte hartu duten Urnietako ikastetxeetako ordezkariak hondakinen gaineko proposamenak egin dizkiote Udalari

“Eskola Agenda 21” programan parte hartu duten Urnietako ikastetxeetako ikasle ordezkariak Udaletxean izan ziren atzo alkateari eta gainerako udal ordezkariei hondakinen inguruan burutu duten lana aurkezteko eta beraien proposamenak azaltzeko.

Programa honen bidez beren eskola eta herria jasangarritasunerantz bideratzen saiatzen dira. Helburua, eskola-komunitateak ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea da, herritar bezala parte hartzea bultzatuz. Programa hau Urnietako Udalak bultzatzen du eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak aurrera eramaten du.

Hondakinei dagokienean, herria hobetzeko neurriak aztertu dituzte ikasleek ikasturtean zehar, eta buruturiko lan guztiaren laburpena egin ostean, eta zenbait proposamen adostu eta gero, harturiko konpromisoak eta herrian ikusitako gabeziak asetzeko proposamenak egin dizkiote Udalari. Hala nola, kartelak jartzea gazte eta haurrak egoten diren lekuetan, hitzaldiak egitea eskola desberdinetan, materia organikoa ondo banatzeko sentsibilizazio kanpainak egitea, konpost-a egiteko ikastaroak antolatzea, edukiontzi horiek zulo handiagoa izatea, birziklatzeko zakarrontzi txiki gehiago jartzea, txakurren gorotzak jasotzeko edukiontziak ipintzea eta esne makina bat jartzea herrian inguruko baserritarrek hornituta.

Mikel Pagola alkateak eta Udaleko zinegotziek tentuz jarraitu zituzten ikasleen eskaerak. Lehenik eta behin, zoriondu egin zituzten buruturiko lan guztiarengatik. Horretaz gain, eskerrak eman zizkieten egindako proposamenengatik eta adierazi zieten kontuan edukiko dituztela aurreko urteetan egin duten bezala.

Kartelei dagokienean, alkateak zehaztu zuen, edukiontzi txikien azterketa egin dela eta lau edukiontziz osaturiko (horia, marroia, urdina eta grisa) isla modukoak jarriko direla edukiontzi bakoitzak bere pegatina eramango duelarik.

Bestalde, aurtengo ikasturtean udaleko teknikari bat Egape ikastolan eta Salesiarretan egon dela gogorarazi zuen, eta ikasitakoak praktikan jartzera animatu zituen ikasleak. Halaber, Gabonetan, urteko une horretan sortzen diren hondakin guztiak ongi bereizteko kanpaina berezi bat egin zela adierazi zuen, eta gehiago egitea ere baloratuko dutela.

Horretaz gain, azaldu zuen konposta era komunitarioan egiteko puntu berri bat jartzeko asmoa dagoela, erabili nahi duenari ikastaroa eta informazio zuzena emango zaizkiolarik. Bestalde, herrian aurretik konpostagailuak eduki nahi izan dituztenekin banaketa kanpaina bereziak egin direla adierazi zuen, eta kanpaina bakoitzean, bere etxean konpostagailua jartzen zuten herritarrei, formakuntza eman zitzaiela.

Edukiontziei dagokienean, hori kolorekoen zuloak handituz gero ontzi arinera bota behar ez diren elementuak sartuko liratekeela argitu zuen. Era berean, birziklatzeko edukiontzi txiki gehiago jartzeko kanpaina abian dagoela kontatu zuen, eta baita, txakurren gorotzak jasotzeko 8 edukiontzi jarri direla herriko puntu desberdinetan.

Amaitzeko, herrian esne makina bat jartzeko kontsulta baserritarrei egin zaiela eta interesik agertu ez dutela esan zuen, eta gainera, esperientzia hori abian jarri den Euskadiko herri gehienetan bertan behera geratu dela berehala.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika