Albisteak

Marta Ollacarizqueta: “Igoera sari bat da urte osoan zehar egin dugun lanarengatik eta erakutsi dugun konpromisoarengatik”

Urnieta Kirol Elkarteko futbol saileko senior neskek mailaz igotzea lortu dute denboraldi bikain bat burututa, eta hurrengo denboraldian Ohorezko Erregional mailan jokatuko dute. Gu taldeko kapitainarekin, Marta Ollacarizquetarekin elkartu gara lorturiko balentriaren balorazioa egiteko.

Denboraldi bikaina burututa meritu handiko lorpena erdietsi duzue.

Oso pozik gaude. Denboraldi hasieran oso urrun ikusten genuen igoera hau, baina urte osoan zehar emaitza onak lortzen joan gara eta saria lortu dugu.

Beraz, ezustekoa izan da igoera lortzea?

Aurreko denboraldia amaitutakoan taldea desegin egin zen, lanarengatik eta ikasketengatik jokalari askok taldea uztea erabaki baitzuten. Jokalari gutxi geunden eta taldearen jarraipena kolokan egon zen. Halere, azpiko taldeetatik jokalariak igo eta aurrera egitea erabaki zen, nahiz jokalari kopuru txikiarekin izan.

Lorturikoak are eta meritu handiagoa du orduan.

Hala da. Oso talde gaztea dugu, ni naiz taldeko jokalari zaharrena 22 urterekin eta badaude 15 urte dituzten hainbat jokalari ere. Hasieran zalantzak genituen, ez genekielako nola moldatuko ginen. Dena den, jokalari gazteak oso azkar eta ondo moldatu dira mailara, gure artean oso giro ona izan dugu eta gauzak espero baino askoz hobeto joan dira. Horren adierazle da igoera bi partidaren faltan lortu izana.

Taldean denbora gehiago daramazuen jokalariek ardura berezia izango zenuten gazteen egokitzapen prozesuan.

Egia da zaharrenak erantzukizun handia genuela, baina gazteak gauzak asko erraztu dizkigute.

David Sierra entrenatzaileak ere lan bikaina egin du pieza horiek guztiak ondo batu eta puzzlea osatuta.

Emaitza honen atzean lan asko dago, bai jokalariena eta baita teknikariena ere. Entrenatzaileak beti esaten digu gu garela zelaira ateratzen garenak, lehiatzen dugunak eta partidak irabazten ditugunak, baina beraien lana ere goraipatzekoa da. Guregan sinetsi dute hasieratik, eta konfidantza handia erakutsi digute beti.

Zer suposatzen du igoerak zuentzat?

Sari bat da urte osoan egin dugun lanarengatik eta erakutsi dugun konpromisoarengatik. Ilusioa egiten digu hurrengo urteari begira.

Zer sentitu zenuen igoera errealitate bihurtu zenean?

Momentuan ez zara jabetzen lortu duzunaz, baina pixkanaka ari gara. Igoera lortu genuen partidan, amaierarako bost minuturen faltan ”zorionak neskak” ipintzen zuen kartela jarri zuten gurasoek harmailetan, eta ilusio handia egin zigun, ez genuen espero.

Gurasoek denboraldi osoan zehar emaniko babesa ere garrantzitsua izango zen ezta?

Urte osoan zehar egon dira gure alboan eta haiena ere bada igoera hau. Halere, gure partidetara jende gehiago etortzea gustatuko litzaidake, mutilen talde nagusiko partidetara bezala. Gure partidak mutilenak bezalakoak dira, eta guk ere merezi dugu gu ikustera etortzea. Emakumeen futbola asko aurreratu da eta erakargarria da. Egia da azken partidetan sare sozialen bitartez lan ona egin dela, eta igoera faseko azken partidetan nabaritu dugun babesa zertxobait handiagoa izan dela, baina jarraitutasuna izan beharko luke.

Ospatuko zenuten ezta?

Igoera lorturikoan klubak lunch bat prestatu zigun eta ospatu genuen, baina lehen esan dizudan moduan jokalari asko oso gazteak dira, eta ospakizunak ere egoerara egokitu genituen.

Zein ezaugarri ditu taldeak?

Oso talde indartsua gara eta beti borrokatzen dugu amaierara arte. Partida askotan galtzen joan ostean, markagailuari buelta ematea lortu dugu. Guregan sineste hori da gure indargune nagusietako bat. Bestalde, emaitza onak eskuratzen joan garen arren, oinak lurrean mantendu ditugu momentu oro, eta hori ere garrantzitsua izan da.

Andoaindarra izanagatik hirugarren urtea duzu kapitain moduan eta horrek erakusten du Urnietan zure lekua egitea lortu duzula.

Hau da nire zazpigarren urtea Urnietan. Aurretik Andoainen jokatzen nuen, baina urte batean ez zen talderik irten jende faltagatik eta hona etortzeko aukera izan nuen. Oso gustura nago hemen, lagun asko egin ditut eta aukera dudan bitartean Urnietan jarraituko dut.

Horrelako lorpenek erakusleihoan jartzen zaituztete, eta gero eta neska gehiago kirolera gerturatzeko balio dezake.

Lehen futbol eskoletan bi edo hiru neska bakarrik ikusten ziren mutilekin batera eta orain berriz, nesken taldeak osatzen dira. Hori aurrerapauso handia da. Hemen gainera erreferente handiak ditugu, begira bestela Errealeko neskek lorturikoa, eta tartean dago Nahikari Garcia urnietarra. Ea horrek guztiak laguntzen duen.

Hurrengo urtean erronka polita izango duzue, zein izango da helburua?

Nik uste dut aurtengo taldea mantentzea lortuko dugula. Ilusio eta gogo handia daukagu, eta maila altuagoa izango den arren, aurtengo gogo eta konpromisoarekin jarraituta lan ona egin dezakegula uste dut. Gainera talde gaztea izanda hobekuntza tarte handia dugu. Ea beste igoera bat lortzen dugun.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika