Albisteak

Maria Jesus Arrozpide: “Oso pozgarria da besteak laguntzea”

“Besteak laguntzea oso pozgarria da norberarentzat” kontatzen digu Maria Jesus Arrozpidek, Caritas-eko boluntarioetako batek. Borondatezko lan hori egiten du duela 35 urtetik hona. Urte hauetan mota guztietako egoerak ikusi eta oso errealitate gogorrak eta zailak ezagutu ditu, eta horrek aldarazi egin du: “Orain bihozberagoa naiz eta ahal dudan guztian jendea laguntzen saiatzen naiz. Lehen, zenbait familiek zein gaizki pasatzen duten konturatu gabe bizi nintzen”.

Loli Bernardo bere lagunak oraindik urte gehiago darama Caritasi lotuta, eta zehazki, bera izan zen Arrozpide animatu zuena laguntzen jartzera: “Jose Ignacio apaizarekin hasi nintzen, baina egoera oso desberdina zen. Garai haietan jende gutxiago zegoen, elikagaiak erosten genituen eta baserrietara eta etxeetara joaten ginen, eta beharra zuten jendearekin egoten ginen, harrera desberdina zen. Jose Ignacio egoitza batera joan zenean eta bakarrik geratu nintzenean, Maria Jesusi eskatu nion laguntza”. Berarentzat Caritas zer den galdetuta, hau esaten du: “Niretzat bizitzeko modu bat da, gustura nago egiten dudanarekin eta ilusioarekin egiten dut”. Xabier Murua Urnietako parrokoak bere aldetik, azaltzen du parrokia guztietan beti dagoela jardueraren bat behar egoeran dauden pertsonei zuzenduta: “Hori guri oso ondo etortzen zaigu, gure balio nagusietako bat zailtasun egoeran dauden horietaz ahaztu gabe bizitzea baita”.

Familia kopurua murriztu da

Caritasen egiten dituzten lanen artean, beharra duten pertsonei elikagaiak eta arropa banatzea daude. Urnietaren kasuan, hitzordua hilabete bakoitzeko bigarren asteartean izaten da, berriki inauguratu duten lokal berrian, Pintore kaleko 11n. Elikagaien bankua Oiartzunen dago eta handik ekartzen dituzte elikagaiak (olioa, esnea, arroza, haragi pixka bat…) furgonetan. Une honetan 19 familia dira elikagaien bankura joaten direnak, baina 30 izateraino iritsi direla kontatzen dute: “Krisi garaian familia kopuruak gora egin zuen, baina pixkanaka lana aurkitzen joan dira eta beren egoera hobetzen joan dira, eta hori oso positiboa da”.

Arropa bere aldetik, gorde egiten dute, jendeak ematen duen heinean. Zentzu horretan, Bernardok azpimarratu du Urnieta oso udalerri solidarioa dela: “Jendea hemen oso eskuzabala da, arropa asko ematen digute. Gainera, urte asko daramagunez jendeak ezagutzen gaitu, badakite Caritasekoak garela eta guregana jotzen dute”. Puntu horretan boluntarioen jokabidea eta aldez aurretiko jarrera oinarrizkoak direla dio. “Jendeari erraztasunak eman behar dizkiogu. Neri etxera jendea etorri zait arropa ematera, eta arropa jasotzera joateko ere eskatu izan didate, eta erraztasunak ematen eta komeni zaien orduetan geratzen saiatzen naiz”.

Gizarte zerbitzuak funtsezkoak dira

Laguntza horietaz eta beste batzuez gain, Muruak esan du Caritasek berariazko programak dituela, hala nola, droga menpekotasuna duten pertsonei eta tratu txarrak jasan dituzten emakumeei zuzendutakoak, baina, orokorrean, azpimarratzen du administrazio publikoa dela beharra duen jendearen arazoak konpontzen dituena: “Gizarte zerbitzuek baliabide nahikoak dauzkate eta beraiek dira kasu gehienetan erantzuna ematen dutenak, baina kasu batzuetan, legez zenbait laguntza eman ezin dituztenean, subsidiarioki guk ematen dugu laguntza Caritasetik. Oso kasu jakinak izaten dira. Esan daiteke Caritas dagoela gizarte zerbitzuek konpondu ezin dutena konpontzeko”.  Horretarako, Caritasek zenbait funts dituela zehazten du: “Gure eremuan (Urnieta, Hernani, Astigarraga) urtean 200.000 euro inguru izaten dira, nagusiki funts pribatuetatik etortzen direnak”. Zentzu horretan, azpimarratzen du balorazio positiboa egin behar dela administrazioak egiten duen lanaren inguruan: “Lan hori eta laguntza hori guztia gabe, miseria egoerak ugaritu egingo lirateke, eta beraz, balioa eman behar zaio”.

Entzutearen garrantzia

Ematen dituzten laguntzez gain, laguntza eskatzera datozen pertsonei entzuteak duen garrantzia azpimarratzen dute: “Beti beraien tokian jartzen saiatzen gara. Ikasten duzu esaten, “niri gertatuko balitzait, zer tratu jaso nahi nuke?” Ariketa hori egiten dugu beraz, eta askotan, beste aurpegi batekin ateratzen direla konturatzen zara”, zehaztu du Arrozpidek.

Caritasek funtzionatzen jarrai dezan, ezinbestekoa da boluntarioek egiten duten lana: “Orain bertan Urnietan 6 pertsona gaude eta oso ondo koordinatzen gara gure artean” kontatzen dute Arrozpidek eta Bernardok. “Banaketaren egunean batzuk goizez egoten gara eta beste batzuk arratsaldez. Arroparekin ere antolatzen gara eta gainerakoan, eskabidearen arabera funtzionatzen dugu”. Muruak egiten duten lan guztia goraipatzen du, baina aldi berean gogoeta hau egiten du: “Gero eta elkartasun gutxiago dugu eta boluntarioen egiturak ahultzen ari dira, ematen du gizarteak gero eta konpromiso gutxiago hartzen dituela zeregin hauetan. Lolik eta Maria Jesusek esan duten bezala, boluntarioena pertsona gisa aberasten zaituen ekintza da, eta beraz, espero dut herritarrek kontzientzia hartzea eta inplikazio gehixeago edukitzea”.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika