Albisteak

Urnietako Udalak Paisaia Plana garatuko du Trankaxko erreka hobetzen saiatzeko

Urnietako Udalak Araudi enpresari adjudikatu dio Trankaxko erreka berreskuratzeko Paisaiaren Ekintza Plana garatzeko lana, Urnietako industria- eta hiri-trazaduraren baitan. Paisaiaren ekintza planaren helburu nagusietako bat Trankaxko erreka paisaia aldetik hobetzeko egin beharreko ekintzak ezartzea da, Ergoien industrialdetik, herrian duen ibilbidea eta ia Hernanirekin mugan dagoen errotaraino. Ibaiari lotutako konektibitate ekologiko eta paisaiazkoa hobetzea lortu nahi da.

Paisaia Plana ez da araugintzako plan bat, baina zenbait gomendio ematen ditu aztertutako eremuak garatzeko eta hobetzeko ibilbide-orri gisa. Espero da zenbait proposamen zehatz barneratuko dituen plana urte amaierarako amaituta egotea.

Herritarren ekarpenak jasotzeko partaidetza prozesuak

Planaren gauzatze prozesuaren baitan, proposamen teknikoak jasotzeaz gainera, herritarren partaidetzarako programa zabala burutuko da. Modu horretan, Udalaren asmoa da ekintza orokor honen aurrean urnietarrak konprometituta eta arduratsu sentitzea, udalerriko hiri- eta industria-paisaia hobetzeko balio izango duena. Horretarako, Urnietako paisaia nola ikusten duten, zein alderdi balioesten dituzten, zein hutsune ikusten dituzten, edota nola hobetuko luketen galdetuko zaie, besteak beste.

Ekintzak errazteko eta zehazteko helburuarekin, aurrediagnostiko bat egin zen, zeinak, eztabaidatu, zabaldu eta zuzenduko diren proposamen multzoa jasotzen duen. Jasotako ekintzen adibide batzuk hauek izango lirateke: Ergoien industrialdean, zuhaitz landaredia duten parterreak eta zelai eremu txikiak egokitzeko azterketa garatzea, ibilgailuak aparkatzeko berariazko espazioak sortzea, makineriaren aparkaleku eta biltegiratzerako tokiak arautzea, industrialdea zeharkatuko duen eta hirigunearekin lotuko duen bidegorria diseinatzea, edo hutsik utzitako gasolindegiaren paisaia ingurunearen errehabilitaziorako eta birsorkuntzarako zatikako plana garatzea.

Hemendik aurrera, etorkizunean hobekuntzako esku-hartzea egiteko abiapuntutzat balio izango duen plana erredaktatzeko lanean hasiko da Araudi, Urnieta jasangarriagoa lortzeko bidean.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika