Albisteak

G2 autobus zerbitzuaren barruan Donostiako erdialdean geraleku gehigarri bat ezartzeko eskaera egin dio Urnietako Udalak Foru Aldundiari, 200 herritar ingururen sinadura lortu duen eskaera bat aintzat hartuta

Urnietako 200 bizilagun inguruk sinatuta, Andoain-Donostia-Andoain ibilbideko G2 autobus zerbitzuaren barruan, Donostiako erdialdean geraleku gehigarri bat ezartzeko eskaera jaso zuen Urnietako Udalak. Gaia Lurraldeko informazio batzordean landu ostean, herritarren eskaera hori, eskuduntza duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu sailari luzatzea erabaki du, azter dezala eskatuz.

G2 autobus-lineak zenbait geraleku ditu Donostiako erdialdean Andoain-Donostia ibilbidean: bat “La Perla”-ren parean, beste bat “Artzain Onean”, eta hirugarren bat Okendo kalean (Askatasunaren Hiribidearen izkinan, Bankoa-ren parean). Ibilbide hori Okendo Plazan amaitzen du.

Donostia-Andoain itzulerako ibilbidean ostera, autobusa Okendo plazatik ateratzen da eta ez dauka beste geralekurik “La Perla”-raino. Beraz, 1,2 kilometroko distantzia dago bi geralekuen artean.

Gauzak horrela, herritarrek Donostiako erdialdean autobusera igotzeko geraleku gehigarri bat jartzea eskatzen dute, horretarako lehentasunen arabera ondorengo aukerak planteatuz:

  1. Gaur egungo “Artzain Onaren” geralekuak, erabiltzaileak jaisteko zerbitzua eskaintzeaz gainera, erabiltzaileei aukera ematea autobusera igotzeko, eta behin Okendora iritsita, Hernani-Urnieta edo Andoainerako itzulerako ibilbidea hastea.
  2. Londres Hoteletik gertu dagoen geralekua aktibatzea, gaur egun G2 autobusaren ibilbidean dagoena. Garai batean linea honetan erabilgarri zegoen.
  3. Gaur egun G2ak egiten duen ibilbidea zati batean aldatzea, eta Hernani kaletik joan ondoren, Askatasunaren Hiribideraino sartzea, han kokatuz geraleku berria.

Proposamen horiekin aukera ematen da gaur egun Donostiatik Buruntzaldeko udalerrietara itzultzeko bidaiaren lehen bi geralekuen artean dagoen 1,2 kilometroko distantzia salbatzeko, eta aukera ematen zaie erabiltzaileei beren ibilbideak garraio publikoan egiten jarrai dezaten.

Orain, Aldundiari dagokio eskaera aztertzea eta erantzun bat ematea.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika