Albisteak

Mintzalagun egitasmoa, euskaraz hitz egiteko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna hartzeko espazio lasai eta atsegina

Euskara ulertzen eta dakiten pertsonen kopuruak gora egin du azken hamarkadetan, baina pertsona horietako askok ordea, ez dute euskara erabiltzen haien egunerokoan. Beraz, ezagutzatik erabilerara jauzi egitea da egungo erronka nagusia. Hain zuzen, pertsona euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea helburu zuen Euskaraldia egitasmoa ospatu zen 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3 bitarte. Dena den, jarraipen eta parte hartze zabala izan zuen ekimen zehatz horretatik haratago, euskararen erabilera sustatu asmoz, ekimen desberdinak gauzatzen dira, euskara ikasten ari diren pertsonei begira abian jarritako Mintzalagun programa, esate baterako.

Mintzalagun, mintzapraktika programa bat da, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak, euskaraz hitz egiteko ohitura ez duten pertsonekin elkartzen dituena. Euskara ikastera doazen pertsonei Bidelariak deitzen zaie, eta ikasketa prozesu horretan laguntzera doazen euskaldun zaharrei berriz, Bidelagunak. Urnietan urte dezente dira Mintzalagun egitasmoa abian jarri zela, eta pixkanaka goruntz joan den ekimen bat da. Gaur egun, astean behin batzen diren bi multzo daude herrian, bakoitzean euskara praktikatu nahi duten 4-5 pertsona daudelarik. Veronica Ortiz, Nekane Lopez, Carmen Diez eta Mila Etxaniz Bidelariak astelehenero elkartzen dira Joxpi Lasa eta Iñaki Segues Bidelagunekin, eta guztiek adierazten dute oso gustura daudela eta oso esperientzia positiboa izaten ari dela.

Bakoitzaren ibilbidea eta testuingurua desberdina izanagatik guztiek dute xede bera, euskaraz lasai hitz egiteko gune bat izatea. Lopezek etxean gaztelaniaz egiten zuen umetan, eta ikasketak ere hizkuntza horretan egin zituen, baina ikasketak amaiturikoan Lazkaoko barnetegi batera joan zen urtebetez ikastaro intentsibo bat egitera, euskara ikasteko nahiak bultzatuta: “Hasiera oso gogorra izan zen oso-oso gutxi nekielako, baina urte hartan ikaragarri ikasi nuen eta oso esperientzia ona izan zen”. Gerora, ikasitakoa zertxobait galtzen joan zela aitortzen du, eta berreskuratzeko asmoz Hernaniko AEK-n izena eman zuen arren, eguneroko gainerako gauzekin uztartzea oso zaila egiten zitzaionez utzi egin behar izan zuen. Orain ostera, Euskaltegia Urnietan bertan izanda berriro animatu da: “B1 mailan nago eta klaseak oso gustuko ditut, entretenigarriak dira eta talde hau ere oso mesedegarria da euskara praktikatzeko”. Bestalde, etxekoek asko laguntzen diotela aipatzen du.

Ortiz jatorri euskalduneko Argentinarra da. Bere aita grosekoa da eta ama berriz, Berrobikoa. Argentinara joan ziren biak eta han ezagutu zuten elkar. Berak ordea, kontrako bidea egin zuen eta Urnietan bizi da duela 13 urte: “irakurri eta ulertu errazago egiten ditut, baina niretzat zailena hitz egitea da, horregatik etortzen naiz Mintzalagunera”. Senarra euskalduna duela kontatzen du eta semeak ere oso ondo hitz egiten duela euskaraz: “beraiekin gaztelaniaz hitz egiteko ohitura hartu nuen eta kosta egiten da dinamika horiek aldatzea, baina ni saiatuko naiz. Beraien artean euskaraz hitz egiten dute eta horrela behintzat entzumena lantzen dut”.

Mila Etxaniz urnietarrak 20 urte egin zituen atzerrian iaz bueltatu zen arte, eta orain, euskara berreskuratzeko ahaleginetan ari dela kontatzen du. Asteleheneroko hitzorduaz gain Euskaltegira ere joaten da. Diez bestalde, 6 urtez aritu zen euskara ikasten garai batean Lekaion antolatzen ziren ikastaroetan, baina orduz geroztik, urte mordoa egon zen euskaraz hitz egin gabe, duela bi urte lagun baten bultzadaz Mintzalagun egitasmora batzea erabaki zuen arte.

Ingurukoen laguntza eta pazientzia funtsezkoa

Laurek azpimarratzen dute euskara praktikatzearen garrantzia, azken finean hizkuntza bat erabiltzen ez bada galdu egiten delako. Era berean, azaltzen dute, huts egiteko beldurra izaten dutela eta lotsa galtzea ere oso zaila dela. Zentzu horretan, Lasak dio euskara ikasten ari direnekin pazientzia eduki behar dela eta lagundu egin behar zaiela. Hain zuzen, Lasaren bertute hori goraipatzen dute Bidelariek, eta diote, haiek esandakoa ulertzeko saiakera handia egiten duela, zerbait azaltzeko zailtasuna dutenean korapiloa askatzen laguntzen diela eta gai asko ateratzen dituela. Gauzak horrela, oso eskertuta daude Lasak bolondreski eta laguntzeko egiten duen lanari. Beste Bidelaguna den Seguesi buruz diote, oso umoretsua dela eta berarekin barre asko egiten dutela.

Egiten ari diren bidea errazteko eta egitasmo honetatik haratago egunerokoan euskaraz ahalik eta gehien hitz egiteko, euskaraz dakiten pertsonak beraiekin euskaraz mintzatzea nahi dutela kontatzen dute: “jende askok ez daki nik euskaraz badakidala, eta euskaraz hitz egiten diedanean sorpresa hartzen dute. Baina nik euskaraz eginagatik askok gaztelaniaz erantzuten didate, ikusten dutelako euskaraz gehiago kostatzen zaidala, eta horrek ez du laguntzen” azaltzen du Diezek. Segues kritiko da jarrera horiekin eta euskaraz hitz egiteko saiakera egiten dutenei lagundu egin behar zaiela dio, “bestela jai dago”.

Asteroko hitzordu horiek tarteko eta ingurukoen laguntzaz, pixkanaka askatzen ari dira Mintzalagun egitasmoko partaideak, eta Seguesen aburuz, Bidelari horiek guztiak egiten ari diren bidea da egin beharrekoa euskara sustatzeko eta kaleetan gero eta gehiago entzuteko: “hona etortzen diren pertsonak euskaraz hitz egiteko saiakera handia egiten dute eta jarrera hori txalotzekoa da”. Euskara haien egunerokoan txertatzeko saiakera egiten ari diren lau adibide, lau bidelari, eta lau eredu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika