Albisteak

Manttaleko borda eraberrituko da

Adarra eta Aballarri mendien magalean dagoen Manttaleko borda eraberrituko du Urnietako Udalak, izan ere, oso zaharkitua eta degradatua dago gaur egun, eta ondorioz, ez du apenas erabilerarik. Eraberritzearekin Urnietako mendietara joaten diren mendizaleek geldiune atsegin eta lasai bat izatea lortu nahi da, bai otorduren bat egiteko, bai bertako bordan lo egiteko, edo besterik gabe, bidean atsedenaldi atsegin bat egiteko.

Herritarrek eginiko eskaera

Egingo diren hobekuntzei dagokienean, teilatua konponduko da, teila asko puskatuta daudelako eta beste mordo bat berriz, solte. Horretaz gain, arotzeria berria jarriko da fatxadako leihoetan eta pintaketak borratu egingo dira, kanpoko itxura hobetzeko. Halaber, garbitu bat emango zaio barrukalde guztiari, abereak sartzearen eraginez dena lokatzez eta simaurrez beteta dago eta.

Berriro egoera horretara ez bueltatzeko, eraikinak mantenu egokiago bat izateko, eta abereak ez sartzeko, borda babestuko duen hesi bat jarriko da. Bestalde, bordaren inguruan dauden aulki eta mahaiak ere konpondu egingo dira, gehienak hautsita daudelako.

Manttaleko borda eraberritzea 2018ko parte hartze prozesuan herritarrek eskaturiko hobekuntzetako bat da, eta nahiz eta prozesu hartara bideraturiko diruarekin ez zen gauzatu, aurtengo aurrekontuaren barruan sartu da. Lanak izango duen kostuarekin laguntzeko dirulaguntza bat eskatu dio Udalak Eusko Jaurlaritzari.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika