Albisteak

171 galdetegi jaso dira parte hartze prozesuan

Urnietako Udalak parte hartze prozesu berri bat jarri zuen martxan urtarrilean 2019. urteko aurrekontuan barneraturiko 150.000 euro zertan gastatu erabakitzeko.

Urnietan erroldaturiko 16 urtetik gorako pertsonek izan zuten haien auzo eta kaleetan hobetzeko, konpontzeko edo egiteko ikusten zituzten gauzak aintzat hartuta proposamenak aurkezteko aukera urtarrilaren 8tik urtarrilaren 28 bitarte. Bada, epe horretan, 171 galdetegi jaso dira. Horietatik 56 urtarrilaren 18an eta 19an jarri ziren informazio karpetan, 52 herriko puntu desberdinetan ipinitako buzoi eta kutxetan, 33 udalaren webgunean eta 30 APP-an.

Galdetegiak beteriko pertsonen datuak aztertu ondoren, 167 galdetegi eman dira ontzat. Onartu ez diren 4ak galdetegia behar bezala ez betetzeagatik, proposamenaren egilea Urnietan erroldatuta ez egoteagatik edo proposamenaren egilea ez identifikatzeagatik baztertu dira.

Aurreko urteko zifrekin alderatuta, parte hartzea altuagoa izan da, aurreko urtean 157 galdetegi jaso baitziren. Beraz, herritarrek erakutsi dute parte hartzeko kultura barneratzen ari direla eta herria hobetzeko bidean ekarpenak egiteko borondatea dutela. Emaitza horiek ikusita, Udalak balorazio positiboa egiten du eta eskerrak eman nahi dizkie herritarrei buruturiko ekarpenengatik.

Orain, Udaleko teknikariek herritarrek buruturiko proposamen guztiak aztertuko dituzte prozesuaren hasieran zehazturiko baldintzak betetzen dituzten ikusteko. Ondoren, jasotako proposamenetatik zeintzuk egingo diren erabakiko dute, eta, azkenik, bilera ireki bat egingo da herritarrei hautaturiko proposamenen berri emateko.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika