Albisteak

Parte Hartze prozesua aurkeztu da Lekaion

2019ko parte hartze prozesua aurkezteko bilera publikoa burutu zen atzo arratsaldean Lekaion herritarren aurrean. Aurkezpenean, Mikel Pagola alkateak eta Jorge Segurado Lurraldeko zinegotziak besteak beste azaldu zuten, herritarrek zein epe izango duten haien proposamenak aurkezteko, proposamen horiek balekoak izateko zein baldintza bete beharko dituzten, eta nortzuk izango duten parte hartzeko aukera.

Bestalde, aurreko urteko parte hartze prozesura bideraturiko 125.000 euroak 11 hobekuntzetara bideratzea erabaki zen eta egindakoaren gaineko azalpenak ere eman zituzten.

Urtarrilaren 28an amaituko da proposamenak aurkezteko epea

Urnietan erroldaturiko 16 urtetik gorako edozein pertsonak dauka proposamenak aurkezteko aukera. Horretarako epea urtarrilaren 28an amaituko da.

Ondorengo bide hauen bitartez dago proposamenak helarazteko aukera:

  • Herriko puntu desberdinetan ipini diren kutxetan: Bertan, Lekaio, Kiroldegia, Jubilatuen Egoitza, Anbulatorioa, Egape ikastola, Azkorte eta Magale (Presentacion eta Salesiarrak).
  • Udalerriko hainbat puntutan ipini diren buzoietan.
  • Udalaren webgunean sorturiko atal berezian: www.urnieta.eus
  • Udalaren APP-an.

Informazio karpak urtarrilaren 18an eta 19an

Bestalde, herritarrek dituzten zalantza guztiak argitzeko eta proposamenak helarazteko informazio karpak jarriko dira bi egunetan:

  • Urtarrilaren 18an 10:00etatik 14:30era Etxeberri plazan eta 17:00etatik 20:00etara Guria tabernaren inguruan.
  • Urtarrilaren 19an 10:00etatik 14:30era kiroldegiaren kanpoaldean.

Baldintza hauek bete beharko dituzte proposamenek balekoak izateko:

  1. Udal-eskumenekoak diren proposamenak, jarduera-arlo hauei lotuta: obrak, hirigintza eta mantentze-lanak.
  2. Ekonomia edo/eta teknika aldetik bideragarriak diren proposamenak. Gauzatzeko 25.000€ (BEZa barne) baino gehiagoko kosturik ez dutenak.
  3. Iraunkortasun ekonomikoa eta finantzarioa bermatzen dituzten proposamenak.
  4. Urnietan bizi diren herritar guztien interesa norberaren interesen gainetik jartzen duten proposamenak.
  5. Udalerriko auzoen arteko oreka bermatzen duten proposamenak.

Ondorengo ekintzak berriz, aurreikusita daude jadanik eta 2019.urtean zehar gauzatuko dira:

  • San Juan 23, 25, 27, 29ko irisgarritasuna eta mugikortasuna.
  • Plazido Muxika plazako atzeko parteko sarreraren irisgarritasuna (Jubilatuen Egoitzaren aldetik).
  • Irisgarritasuna Azkorte kalean.
  • Langardako argiteria LED sistemara pasatzea: bigarren zatia.
  • Txoritagaingo parkearen eta ingurunearen atonketa.

Ondorengo ekintzak aurreko prozesuetan proposatu dira, baina hobekuntza bakoitzerako zehazturiko gehienezko kostua (25.000€) gainditzen dute.

  • Plaza eta parkeak estaltzea.
  • Eskailera mekanikoak.
  • Igogailuak
  • Igerilekua estaltzea
Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika