Albisteak

Parte hartze prozesu berri bat aurrekontuko 150.000 euro zertan gastatu erabakitzeko

Urnietako Udalak parte hartze prozesu berri bat jarri du martxan 2019ko aurrekontuan barneratuta doazen 150.000 euro zertan gastatu erabakitzeko. Hala, herritarrek beraien auzo eta kaleetan hobetzeko, konpontzeko edo egiteko ikusten dituzten gauzak aintzat hartuta proposamenak egiteko aukera dute.

Prozesuaren nondik-norakoak azaltzeko aurkezpen publikoa egingo du Udalak Lekaion urtarrilaren 10ean herritarren aurrean, atzo berriz, herriko etxe guztietara informazio liburuxkak bidali ziren, horien barruan proposamenak idazteko erabili beharreko orriak daudelarik, eta dagoeneko irekita dago proposamenak aurkezteko epea.

Urtarrilaren 28an amaituko da proposamenak aurkezteko epea

Urnietan erroldaturiko 16 urtetik gorako edozein pertsonak dauka proposamenak aurkezteko aukera. Horretarako epea urtarrilaren 28an amaituko da.

Ondorengo bide hauen bitartez dago proposamenak helarazteko aukera:

  • Herriko puntu desberdinetan ipini diren kutxetan: Bertan, Lekaio, Kiroldegia, Jubilatuen Egoitza, Anbulatorioa, Egape ikastola, Azkorte eta Magale (Presentacion eta Salesiarrak).
  • Udalerriko hainbat puntutan ipini diren buzoietan.
  • Udalaren webgunean sorturiko atal berezian: www.urnieta.eus
  • Udalaren APP-an.

Informazio karpak urtarrilaren 18an eta 19an

Bestalde, herritarrek dituzten zalantza guztiak argitzeko eta proposamenak helarazteko informazio karpak jarriko dira bi egunetan:

  • Urtarrilaren 18an 10:00etatik 14:30era Etxeberri plazan eta 17:00etatik 20:00etara Guria tabernaren inguruan.
  • Urtarrilaren 19an 10:00etatik 14:30era kiroldegiaren kanpoaldean.

Baldintza hauek bete beharko dituzte proposamenek balekoak izateko:

  1. Udal-eskumenekoak diren proposamenak, jarduera-arlo hauei lotuta: obrak, hirigintza eta mantentze-lanak.
  2. Ekonomia edo/eta teknika aldetik bideragarriak diren proposamenak. Gauzatzeko 25.000€ (BEZa barne) baino gehiagoko kosturik ez dutenak.
  3. Iraunkortasun ekonomikoa eta finantzarioa bermatzen dituzten proposamenak.
  4. Urnietan bizi diren herritar guztien interesa norberaren interesen gainetik jartzen duten proposamenak.
  5. Udalerriko auzoen arteko oreka bermatzen duten proposamenak.

Ondorengo ekintzak berriz, aurreikusita daude jadanik eta 2019.urtean zehar gauzatuko dira:

  • San Juan 23, 25, 27, 29ko irisgarritasuna eta mugikortasuna.
  • Plazido Muxika plazako atzeko parteko sarreraren irisgarritasuna (Jubilatuen Egoitzaren aldetik).
  • Irisgarritasuna Azkorte kalean.
  • Langardako argiteria LED sistemara pasatzea: bigarren zatia.
  • Txoritagaingo parkearen eta ingurunearen atonketa.

Ondorengo ekintzak aurreko prozesuetan proposatu dira, baina hobekuntza bakoitzerako zehazturiko gehienezko kostua (25.000€) gainditzen dute.

  • Plaza eta parkeak estaltzea.
  • Eskailera mekanikoak.
  • Igogailuak
  • Igerilekua estaltzea

Proposamenak aurkezteko epea amaituta, udaleko teknikariek proposamen guztiak aztertuko dituzte teknikoki eta ekonomikoki, eta lehenetsi egingo dituzte ondoren gauzatzeko.

Azkenik, hartutako erabakiak jakinaraziko zaizkie herritarrei aurkezpen publiko baten bidez.

Prozesu guztiaren funtzionamendua azaltzeko aurkezpen publiko bat egingo du Udalak urtarrilaren 10ean, 19:00etan, Lekaion

Bilera horretan azalduko dira zein epe izango duten herritarrek haien proposamenak aurkezteko, proposamen horiek balekoak izateko zein baldintza bete beharko dituzten, eta nortzuk izango duten parte hartzeko aukera, besteak beste.

Bestalde, aurreko urteko parte hartze prozesuko 125.000 euroak 11 hobekuntzetara bideratzea erabaki zen eta egindakoaren gaineko azalpenak ere emango dira aurkezpenean.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika