Albisteak

Urnietako Udala Euskaraldiarekin bat

Urnietako Udalean atzo arratsaldean ospatu zen udalbatzarra Euskaraldiari eskainia izan zen bere osotasunean.

Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Horretarako, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte euskaraz egitea izango da erronka, ondoren, hasitako bideari jarraipena emateko.

Parte hartzen duten herritarrek bi paper jokatuko dituzte. “Ahobiziak” euskaraz hitz egiteko gaitasuna duten pertsonak izango dira. Horiek, euskara ulertzen duten pertsona guztiei euskaraz  hitz egiteko konpromezua hartuko dute, eta ezagutzen ez dituztenei lehenengo hitza beti euskaraz egingo diete. “Belarriprest” papera dutenak bestalde, euskaraz hitz egiteko gaitasunik izan ez, baina ulertzen dutenak izango dira.  Horiek euskaraz hitz egiten dakiten guztiei, beraiei euskaraz hitz egiteko gonbita luzatuko diete, nahiz eta beraiek gaztelaniaz erantzun. Bakoitzak zein paper jokatuko duen ezagutzera emateko txapa bat eraman beharko da gainean. Ahobizi direnek ezpain batzuen irudia izango dute txapan, eta Belarriprest direnek berriz, belarri batena.

Mikel Pagola alkateak zehaztu zuen euskararen erabilera sustatzeko eta kalean euskara gehiago entzuteko ahaleginak egingo dituztela, eta Euskaraldia erabat babesten eta bultzatzen dutela. Nabarmendu zuen funtsezkoa dela herritarrek ekimen honetan parte hartzea, baina adierazi zuen, hori bezain garrantzitsua dela behin ekimena amaituta, euskara gehiago erabiltzeko dinamikari jarraipena ematea.

Bestalde, Urnietako Euskaraldiko batzordea egiten ari den lan guztia goraipatu zuen alkateak, eta igande honetan San Joan plazan ospatuko den festan parte hartzera gonbidatu zituen herritar guztiak. Halaber, gogoratu zuen, oraindik Euskaraldian parte hartzeko izena eman ez duten herritarrek oraindik badutela horretarako aukera.

Hori guztia isladatzeko erakunde adierazpen bat onartu zuen Urnietako Udalak, alderdi guztien adostasunarekin.

ERAKUNDE ADIERAZPENA

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika