fondo5

URNIETA herria

Ezagutu ezazu

fondo_lore

Gure herriko

HISTORIA

ONDAREA

JAIAK ...

herria

 

NOLA IRITSI

Urnietako udalerria Donostiako Eskualdean dago. Eskualde horrek Donostia, Hernani, Urnieta, Usurbil, Orio, Lasarte-Oria eta Astigarraga Udalerriak hartzen ditu. Donostiako eskualdea Gipuzkoako iparraldean dago, eta muga naturalak Kantauri itsasoa, Urola Kosta, Tolosaldea, Oiartzualdea eta Nafarroako probintzia ditu. Urnietako herriari dagokionez, Oria eta Urumea ibaien arteko ibarrean dago kokatua. Urnietaren mugak honako hauek dira: iparraldean Lasarte-Oria, ekialdean Hernani, hegoaldean Hernani eta Elduain eta mendebaldean Andoain eta Lasarte-Oria.

DESKRIBAPEN FISIKOA

Urnietako udal barrutiak 2.265,4 hektareako zabalera du gaur egun; lehen, Lasarte-Oria banandu artean (1986), gutxi gorabehera 27 km2 zituen.

Udalerriko lekurik garaiena Adarra mendiaren gailurra da (817 m), eta hurrena Onddi mendiaren gailurra (543 m); baxuena, berriz herrigunea bera da, itsasoaren maila baino 15-25 metro gorago baitago. Erliebea menditsua da, muinoak eta mendixkak dira nagusi, bailara korapilatsuen eta errekatxoen artean banatuta.

GARRAIOBIDEAK

Mugipuzkoa (Gipuzkoako garraio publikoa)

Autobuses Garayar, S. A. 
Tel: 943 556658
Ibilbidea: Andoain - Urnieta - Hernani - Donostia-San Sebastián

TRENA 
Renfe

TAXIA
Geltokia: Idiazabal kalea, 38
Tel: 943 009162

KALE IZENDEGIA

Lau bailara, herri bat 

Udal barrutia ondorio administratiboetarako, lau auzotan banatzen da: Oztaran, Ergoien, Goiburu eta Lategi.

Oztaran

Herrigunearen inguruan dago Oztaran, Lasarte-Oriara doan errepidearen alde bietara. Eraikin tradizionalak nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenari lotuta daude. Argarate, Berrasoeta eta Aritzola baserriak dira auzo honetako lekuko interesgarrienak. Hiru eraikinak oinetxe izan dira, eta armarria gorde dute. 

Ergoien

Haranaren goialdean, Arizmendi baserria dago, Urumea eta Oria ibaien arroak batzen dituen Andoain aldeko mendatean. Igarobide hau Erdi Arotik erabili izan da, eta oraindik ere erabiltzen da. Urmeneta baserria hor egoteak ere indartu egiten du igarobidea. Auzo honetan aipagarriak dira Arizmendi ─Foru Aldundiaren mintegia da gaur egun─, Oianume eta Azkonobieta baserriak.

Lategi

Auzo honi kalte handia egin dio Norteko Trenbidearen ibilbideak, ibarra bi zatitan banatu baitu. Izagirre baserria errota izan zen, eta urak biltzeko azpiegituraren zenbait zati gordetzen ditu oraindik.

Goiburu

Onddi inguruko mendien ertzen inguruan dago; horregatik, ez da harritzekoa udalerriko landa-ingurunea inguru honetan gordetzea ondoen. Baserrien artetik, Aierdi, Igartza (arku puntaduna du sarreran) eta Antsoko oinetxea nabarmentzen dira.

Udalerriko auzo honetan gordetzen dira herriko testigantza zaharrenak, eta ugariak dira historiaurreko aztarnak.

URNIETA HISTORIAN ZEHAR 

1. URNIETA HISTORIAURREAN

Urnietan daukagun arrastorik zaharrena Marizulo haitzuloa da. Manuel Laborde jaunak ikertu zuen haitzuloa 1961 urtean. Izen bereko baserriaren azpian dago eta Gorosabelek dagoeneko aipatzen du bere Hiztegi Historiko Geografiko Dekribatzailean.

Pardakiko Harkaitzak izeneko mendiaren hegoaldean dago, itsasoaren mailaren gainetik 200 metrotara, eta zenbait sarrera ditu hegoalderantz, horietariko batzuk harkaitzek, zuhaitzek eta sasiek trabatuta daude.

Biztanlerik izan ote zuen susmoa Manuel Laborde, Miguel de Barandiaran, Tomas de Atauri eta Jesus Altuna jaunek 1962 eta 1963 urteetan egindako indusketetan egiaztatu zen, Neolitiko garaiko 25 urte inguruko gizaki baten gorpuzkinak aurkitu baitzituzten.

Urnietako mendietan zenbait monumentu megalitiko ere aurki ditzakegu: harrespilak, Leiako, Eteneta eta Mulisko, trikuharriak, Aballarri eta Pozontarri, horiek antzinako gizakiari beraien hilobietan lanabesez hornitu zituzten. Pozontarriko trikuharriak erdigunean hil-ganbera bat gordetzen du, sei lauza bertikalez eta batere ohikoa ez den lauzatutako lurzoruaz eta tumulu batez osatua, guztiak Luis Peña Basurto jaunak aztertuak eta katalogatuak.

Barandiaranek honako hau adierazi zuen horiei buruz: "Monumentu megalitiko hauek artzainak bizi izan ziren Auñamendietako eskualde guztietan sortu ziren, eta Euskal Herri osoa barne hartzen zuten; sinesmenez, nozioz eta intentzioz beteriko mundu baten dokumentu materialak edo ageriko zeinuak dira." Cromlech-a "plaza zirkularra" esan nahi duen hitz bretoia da.

Euskal Herrian "baratze" deitzen zaie. Beren artean distantzia aldakorrean jarritako harri irregularren lerrokadurak dira, hainbat diametrotako zirkuluak eratzen dituzte, erraz bereiz daitezke lau puntu kardinalak adierazten dituzten harriak.

Ikertzaile guztiek diote monumentu horiek Brontze Aroan eta ondorengo garaietan (Burdin Aroa) eraiki zituztela.

Monumentu horiek erakusten dutenez, Euskal Herriak harremana izan zuen indoeuropar herri bizilagunekin, eta haien eragina ere izan zuen.

Ezezaguna da haien esanahi zehatza. Bilerak egiteko toki jakinak izan zitezkeen, edota ospakizunetako sutzarrak pizteko tokiak. Baliteke izaera erlijiosoa edukitzea, eta bertan jainkoei edo hildakoei errezatzea.

Abegi eskaseko tokitan kokaturik daude, mendi lepoetan edota mendi gainetan, bide edo bidegurutze ertzetan.

2. URNIETAKO FUNDAZIOA

Nafarroako Antso Jakituna erregeak abantaila eta salbuespen batzuk eman zizkion Donostiari 1150 eta 1160 urteen artean. Horiei esker, nortasun juridikoa eta legezko izaera eskuratu zituen hiriak. Donostiako foru honen jurisdikzioa Oriotik Hondarribira zabaltzen zen; beraz, egungoa baino sei aldiz handiagoa zen udal mugartea.

Hernani ez zegoen Donostiaren barruan, Gaztelako Joan I.a erregeak 1380ko urtarrilaren 20an onetsi eta berretsitako ituna zela bide. Eta Urnieta, noiz banatu zen?

Gorosabelek dioenez, Joan Lopez Tolosa Urnietako ordezkari gisa agertu zen 1397 urteko Getariako Batzar Nagusietan. Bestalde, hark dioenez, Endrike III.a erregeak 1399ko urtarrilaren 24an Santa Maria de Pelayos monasterioan eman zituen zerga salbuespenei buruzko errege zedula batean agertzen da Urnieta izena.

Ez da kontu jakina Urnieta Donostiatik noiz eta zein baldintzatan banandu zen, baina herria hiru zatitan banatuta agertzen zaigu: zati bat Donostiako jurisdikzioari loturik zegoen, beste bat Hernanikoari eta hirugarrena Aiztondoko alkatetzakoari.

1614 urtera bitartean egon zen Urnieta egoera aldrebes horretan. Urte hartan, hiru zatiek, elkarrekin ados jarri ondoren, beren jurisdikziotik bereiztea erabaki zuten, «elkarrekin berezko hiri oso bat eratzeko».

Felipe III.ak oniritzia eman zuen, eta bizilagun bakoitzeko 25 dukat ordaindu. Hala, 65.105 erreal ordaindu behar izan zituen (295 bizilagun ziur eta 22 zalantzazko). Erregeak, 1615eko uztailaren 12an, zedula bat eman zuen, Urnietari salbuespen eta hiri jabetza eman ziezaion. Hurrengo abuztuan (1616), Hernando de Ribera lizentziadun eta komisio-epaileak alkate, erretore, prokuradore eta udalerriko gainerako funtzionarioen lehenengo izendapena egin zuen.

Donostiak berari zegokion zatia itzultzeko eskatu zuen. Urnietak ez zuen amore eman, eta auzi zaratatsu hura 1659 urtean oraindik ez zegoen behin betiko erabakita.

3. XIX. ETA XX. MENDEAK 

Urte hartatik aurrera, XIX. gizaldira bitartean, Urnietak zenbait gertakizunetan parte hartu zuen.

Lehen Karlistaldian, kalte handiak jasan zituen, ia desagertzeraino. Udaletxe, eliza eta ia etxe guztiak erre ziren. 46 etxe erre ziren, eta 128 baserri. Bost etxe besterik ez zen libratu erretzetik.1837ko irailaren 8a zen.

Bigarren Karlistaldian, 1874 urtean, tropa karlistek blokeo sendo bat egin zuten Hernaniren aurka. Santa Barbarako gaztelutik egiten zuten tiro Urnietako Egurrola baserriaren alboan kokaturiko bateria karlistaren aurka.

1875ean, beste borroka bat izan zen gure herriaren inguruetan. Foruen abolizioak herriaren erantzun sutsua sorrarazi zuen, eta herri batzuetan Lore Jokoak eta Euskal Jaiak antolatzen hasi ziren. 1886an, Urnietan izan ziren Euskal Jaiak, eta hemen antzeztu ziren lehen aldiz euskarazko zenbait antzezlan labur.

Hortik aurrera, garapenaren bidea hartu zuen Urnietak, bai kultura eta bai ekonomia arloan. Gaur egun, azken aurrerapen teknologikoak eskuratuta, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri modernoenetakoa bihurtu da.

URNIETA (Teresa Amuategi "Urnieta" liburutik)

Etimologiari dagokionez, hainbat interpretazio daude: batzuentzat "lur sail uhinduen ingurunea" esan nahi du, edota "mendi edo muino ugariko ingurua". Soraluze historialariaren iritziz Urnieta Uroneta da, "ur ugariko ingurua", Narbarteren arabera, Urnietaren jatorria "Burnieta" da, hau da, burdina ugariko lekua; eta azkenik, bada uste duenik benetako izena "Izan ere ta" dela, hau da, "bideko herria" edo "galtzadan dagoen herria",izan ere, badirudi etapa-herria izan zela Done Jakue bideko erromesaldien hastapenean.

URNIETAKO ARMARRIA

armarriaFelipe V.ak, 1730eko apirilaren 10ean Madrilen emandako egiaztagiri bidez, lau kuarteletan zatitutako armarria erabiltzeko baimena eman zuen: lehenengoan eta laugarrenean, eremu gorrian zilarrezko gurutze bat ikus liteke, eta beste bi kuarteletan, eremu urdinean, urrezko izar bat kasketa eta koronelarekin. Hurrengo urtean, Hondarribiak baimena eman zuen armarri hura lantzeko eta Udaletxe berrian jartzeko Jaizkibelgo harrobietatik behar zen harria atera zedin. Jose de Zuaznabar oiartzuarrak egin zuen eta kondairaren arabera, Urnietara zekartenean, Hernaniko atarira iritsitakoan, hernaniarrek ez zieten aurrera egiten utzi, helmugara iristeko.

Urte haietan beti zegoen liskarren bat bi herrien artean. Litekeena da armarri ederra idiek tiratako gurdi batean ekartzea. Orduan, Hernanin jartzen zizkieten trabak ikusita, Urnietatik mutiko sendoz osatutako taldea atera zen armarriaren bila. Beldur handirik gabe, bizkar gainean hartu zuten eta, bidezidorretan zehar, Hernanitik igaro gabe, Urnietako plazaraino ekarri zuten.

URNIETAKO ERESERKIA

1999. urtean sorturiko ereserkia da, eta letra Aitor Mendiluzek sortu zuen, Iñigo Peñaren musikarekin. Ereserkia Urnietaren historiako gertakizunen laburpena da:

Urnietako ereserkia 1999 [PDF]

Ereserkia - Musika eta abestia

Ereserkia - Musika

Adarraren babes goxo pean
Dagoen herri eder berezia,
Euskadiren historian zehar
Hainbat uneren testigu bizia,
Iragana garrantzitsua dauka
Etorkizuna ongi merezia,
Geroaren bila doan herri bat da
Gure altxor nagusia.

 

Kale eta baserri,
Bere soineko ongi eratua,
Inguruko mendiek
Jantzi eta mugatua,
Bere izena eta izana
Bere herritarrekin edertua.
Gora Urnieta!
Gora Urnieta!
Gure ametsen bizilekua!

 

Herria erre zuen
Behin karlisten gerrak,
Bi urtez hustu zuen
Egindako okerrak.
Baina urnietarrak
Ez ziren alferrak,
Orain bizirik dago herritar
Zintzo haiei eskerrak.

 

Herritarren lanak jaso zuen
Berriro gure Urnieta kuttuna,
Denborarekin bihurtu dena
Gaur egun guk
Ezagutzen duguna,
Eta denborak aldatuta ere
Gurea da bere etorkizuna
Gure barruan gorderik dugulako
Bere herri nortasuna.

 

Kale eta baserri,
Bere soineko ongi eratua,
Inguruko mendiek
Jantzi eta mugatua,
Bere izena eta izana
Bere herritarrekin edertua.
Gora Urnieta!
Gora Urnieta!
Gure ametsen bizilekua!

Biztanleak eta demografia 

Oinarritzat 2014ko abenduaren 31eko biztanleen Udal Errolda hartuta, Urnietak 6.238 biztanle ditu, horietatik 3.133 gizonezkoak eta 3.121 emakumezkoak izanik. Dentsitatea 240 biztanle/metro karratuko baino altuagoa da.

Azken urteetan zehar Urnietako biztanleria 1.000 herritar baino gehiagotan ugaritu da, eta horietako gehienak eskualdeko herrietatik etorritakoak dira. Hori horrela izatearen arrazoi nagusia gure herriaren erakargarritasuna eta bizitza-kalitate ona da. Etxebizitza berriak eraiki dira, talde-ekipamenduen maila altua da, herri lasaia da eta ongi komunikatua dago. Faktore horien guztien ondorioz, jende asko Urnietara etortzen ari da bizitzera.

URNIETAKO FESTAK

Urnietako zaindariaren jaiak irailean ospatzen dira, irailaren 29an, San Migel Goiaingeruaren omenez. Bestalde, maiatzaren azken asteburuan Gazte Festak antolatzen dira herrian.

Gainera, urtean zehar beste hainbat jai-, kultur-, aisi- eta kirol- jarduera ospatzen dira:

URTARRILA

Erregeen kabalgata - urtarrilak 5

OTSAILA

Santa Ageda Bezpera (otsailak 4)

Inauteriak (egun aldakorra)

MAIATZA

Santa Kruz eguna - maiatzak 3

San Isidro eguna baserritarren eguna - maiatzak 15

Gazte Festak (maiatzeko azken asteburua)

EKAINA

San Joan sua - ekainak 23

IRAILA

San Miguel eguna - irailak 29 (jaiak egun aldakorrak)

URRIA

Erroxarioko amaren eguna (urriko lehen igandea)

Tsusakako jaiak (urriko bigarren astea)

ABENDUA

Santo Tomas eguna - abenduak 21

Olentzeroren etorrera - abenduak 23

Gabon gaua - abenduak 24 (Gabonak)

 

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika