Noticias

Manex Alday: “urteko 365 egunetan euskara entzutea eta erabiltzea nahi dugu”

Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Izan ere, euskararen ezagutza altua izan arren, gaztelaniara jotzen da testuinguru askotan. Urnietan esaterako, biztanleen %60,39 euskaldunak dira eta ia-euskaldunak berriz, %17,01. Erabilera datuak aztertuz gero ostera, %22koa soilik da. Beraz, zerbaitek huts egiten du, eta hain zuzen, harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta euskararen erabilera indartzea bilatzen du Euskaraldiak.

Horretarako, azaroa eta abendua bitartean 11 egunez euskaraz egitea izango da erronka, ondoren hasitako bideari jarraipena emateko. Ekimena Euskal Herriko herri mordoan gauzatuko da, baita Urnietan ere. Gu Urnietako Euskaraldiko dinamizatzailearekin elkartu gara egiten ari diren lana gertutik ezagutzeko.

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte gauzatuko da eta euskararen erabilera sustatzea du helburu, baina zer egingo da zehazki horretarako?

Helburua 11 egun horietan euskara dakiten guztiek euskara erabiltzea izango da. Horretarako bi rol egongo dira: Ahobizi eta Belarriprest. Ahobizi papera beteko duten pertsonak euskaraz hitz egiteko gai direnak izango dira. Ahobiziek euskara ulertzen duten pertsona guztiei euskaraz  hitz egiteko konpromezua hartuko dute, eta ezagutzen ez dituztenei lehenengo hitza beti euskaraz egingo diete. 

Belarriprest papera dutenak bestalde, euskaraz hitz egiteko gaitasunik izan ez, baina ulertzen dutenak izango dira.  Horiek euskaraz hitz egiten dakiten guztiei beraiei euskaraz hitz egiteko gonbita luzatuko diete, nahiz eta beraiek gaztelaniaz erantzun.

Nola jakingo da nortzuk parte hartzen duten euskaraldian eta zein paper jokatzen duten?

Bakoitzak zein paper jokatuko duen ezagutzera emateko txapa bat eraman beharko da gainean. Ahobizi direnek ezpain batzuen irudia izango dute txapan, eta Belarriprest direnek belarri batena. Txapa izena ematen den momentuan banatuko da.

Euskaraldian parte hartu nahi duten urnietarrek non eman behar dute izena?

Izena emateko modu asko daude. Urnietako Udalaren eraikin desberdinetan egiteko aukera dago: Saroben, Lekaion, liburutegian eta kiroldegian. Baita, herriko ikastetxeetan eta astebururo herriko puntu desberdinetan jarriko diren mahaietan ere. Horretaz gain, euskaraldia.eus webgunean online egin daiteke.

Honek halere, sua pizteko balio beharko du, benetako helburua 11 egun horiez haratago euskara erabiltzea izango da eta.

Lasarteko euskara taldeak burutu zuen antzeko esperimentu bat duela urte batzuk, eta amaitu eta hilabete batzuk pasata euskararen erabilerak gora egin zuen. Gure helburua ere berbera da, bidea egin nahi dugu, eta hau hasiera baino ez da. Urteko 365 egunetan euskara entzutea eta erabiltzea nahi dugu.

Ekimena aurkezteko ekitaldia egin zen Sanmiel jaien txupinazoaren egunean eta hamaikako bat aurkeztu zen horretarako.

Hala da, orduan egin genuen lehen agerpena, baina ez da bakarra izan. Xoxokako jaietan ere beste hamaikako bat aurkeztu genuen auzoko pertsonekin osatua, eta beste bost hamaikako berri aurkezteko asmoa ere badugu, arlo desberdinak aintzat hartuta: hezkuntza, kirola, kultura, aisia, eta ostalaritza.

Aurrerantzean ere gauza gehiago antolatuko ditugu. Azaroaren 18an festa bat egin nahi dugu ekintza desberdinekin, eta bertan hamaikako guztiak batzea gustatuko litzaiguke, denekin argazki dotore bat ateratzeko. Gauzak lotzen joan ahala jakinaraziko dugu.

Interesa duenak non aurkitu dezake Urnietako euskaraldiaren gaineko informazioa?

Urnietako Udalaren webgunean atal berezi bat sortu dute, eta Facebook eta Twitter kontuak ere baditugu.

Gauza horiek guztiak antolatzeko lanean dihardu Euskaraldiaren batzordeak. Zenbat pertsonak osatzen duzue?

10 pertsona inguru batzen gara. Udaran hasi ginen lehen pausoak ematen eta irailetik aurrera asteazkenero batzen gara 19:00etan Errekalde kaleko 1.zenbakian. Oraindik edonor batu daiteko batzordera, eta baten bat animatuko balitz eskertuko genuke, euskara mantentzeko denon beharra dugu eta.

Zein giro somatzen duzu? Nolako harrera izaten ari da ekimena urnietarrengan?

Harrera ona izaten ari da. Herriko tabernekin eta dendekin hitz egin dugu, eta baita elkarte desberdinekin ere, borondate ona erakutsi dute. Jende asko harritu egiten da euskara erabiltzeko horrelako ekimenak egin behar izanaz, baina egia da euskara dakien jende askok gaztelaniara jotzen duela askotan, eta ohitura horiek aldatzeko egin behar dira horrelako gauzak. Testuinguru hori dugu eta aldatu egin behar da.

Amaitzeko, nola animatuko dugu jendea Euskaraldian parte hartzera eta euskara erabiltzera?

Nik ondorengoa esanez animatuko nuke jendea: hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, baizik eta dakitenek erabiltzen ez dutelako. Beraz, dakigunok erabili egin behar dugu eta lehenengo hitza beti euskaraz egiten saiatu beharko genuke.

Comparte esta noticia: Facebook Twitter Google Plus Email

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar tu navegación y realizar labores analíticas. Si continuas navegando, consideramos que aceptas su uso. Puedes obtener más información en nuestra Política de Cookies.
Política Cookies