BIZIKIDETZA

bizikidetza2GOGOETAREN TXOKOA  EKIMENAK  ARGAZKIAK  DOKUMENTUAK  HARREMANA

 

Giza Eskubideak: argi-ilunak argituz (II)

Kontraesanak (II)

Aurreko testuan giza eskubideek aurre egin behar dizkioten bi kontraesan aurkeztu ziren, baina bada garrantzitsua den hirugarren bat:

  1. Zentzua dute bere horretan, baina, lurreratzean, beste esanahi batzuekin lotu behar dira. Aurrekoarekin lotuta, erraza da giza-eskubideen diskurtsoa asmo onen adierazpen soil bezala gelditzea. Giza-eskubideen diskurtsoan esanahiak osatzen dituzten eta giza-duintasunaren etikaren eta honen zehaztasunaren ikuspegitik garrantzitsuak diren bi ideia daude:
    1. Alde batetik, berdintasunaren kontzeptua osatzera dator identitate aniztasunaren eta desberdintasunaren beraren onarpenaren kontzeptua. Gaur egun ia gizarte ororen ezaugarri bilakatu den kulturaniztasunak, gizarteetan identitate desberdinak daudela aldarrikatzeak, aurrez horiek onartzea eskatzen du, berdintasuna gauzatu ahal dadin. Desberdinak gara eta, aldi berean, desberdintzen gaituzten ezaugarriak baino askoz gehiago gara. Azken honetan egiten gara parekoak.
    2. Beste alde batetik, justiziaren kontzeptuak eskutik dakar ekitatearena; ezingo genuke giza-duintasunaz hitz egin gizartearen zati bat ondasunetatik at uzten dugun bitartean; horregatik birbanaketaren kontzeptuak ezin du gelditu giza-eskubideen iruditeriatik eta lan-plangintzatik aparte. Ez da nahikoa bizitzeko eskubidea bermatzea, bizitza duinak nahi ditugu.

Azaleko ohar hauek agerian jartzen dituzte giza-eskubideen lanketaren inguruan dauden kontraesan eta paradoxak.

Giza Eskubideak: argi-ilunak argituz (I)

Giza-duintasunaren printzipioaren deklinabide gisa uler genitzakeen Giza-Eskubideak, bizitza duin baten aldeko garapen eta borrokan botere agorrezin garrantzitsua duten tresna baliagarriak dira. Datozen postentan lehenik gaiak dituen kontraesanak ikusiko, eta gero gure egintza gidatuko duten irizpideak ikusiko ditugu.

Kontraesanak

Giza-eskubideek, txanponek bezala, bi aurpegi dituzte. Abantaila batek, desabantaila bat dakar; erabilera etiko batek, gehiegikeria bat. Egia da horiek garatzerakoan zailtasun eta kontraesan ugarirekin topo egiten dugula, eta ezin du beste modu batean izan gainera, giza-eraikuntza bat den aldetik. Gizakia mugatua da eta, ondorioz, mugatua da bere sorkuntza oro. Giza-eskubideen garapen ez perfektuak etengabe eraikitzen ari den prozesu baten muga eta kontraesanekin aurrez aurre jartzen gaitu, eta gure balio etikoak eta irudimen konstruktiboa artikulatzera behartzen gaitu aurrera egin ahal izateko.

  1. Besterenezinak, baina bermatzen zailak. Giza-eskubideen besterenezintasuna bezalako ezaugarriak, berez edozein Estaturengandik independente direnak, zalantzan jartzen dira batzuetan, urraketa larrien aurrean ez baitago haiek guztiz berma ditzakeen agintari edo erakunderik. Horrez gain, kontuan izan behar dugu Estatuen subiranotasun eta kontroletik at lan egiten duten nazioz gaindiko erakundeak sortu eta existitzen direla.
  2. Globalki onartuak, baina baita gehiegikeriaz erabiliak ere.  Era berean, globalizazio prozesuaren ondorioz, honek eragin handia izan du giza-eskubideen lengoaia modu global batean hedatzeko eta zabaltzeko garaian, balio eta arauetan lengoaia erreferentzial bilakatzeraino. Baina, aldi berean, instrumentalizazio politikorako objektu ere izan da, Estatu eta komunikabideek sarri gehiegikeriaz erabilia.

Elkarrizketaren indarra

En conflictos difíciles es común que aparezcan voces que defienden que el diálogo no sirve para nada, que lo que hace falta es “mano dura” o como Baketik llama, el método de la fuerza. Exhibir músculo es el método en un conflicto destructivo. En este método, el verbo es imponer: todo se reduce a tratar de imponer una forma de ver el problema y sus salidas con el argumento de la fuerza. Provoca un escenario de vencedores y vencidos. En los conflictos más cercanos se asocia con la ruptura de límites, saltarse las barreras éticas de una relación y en los conflictos más graves se asocia con la violencia.

Quienes defienden este método argumentan que la propuesta de diálogo es falsa, contraproducente, ingenua e inútil. Esta visión se sustenta en desconfianzas, prejuicios y creencias o vivencias autoritarias.

Y es que el método del diálogo es en realidad sincero, constructivo, realista y útil.

El método del diálogo ayuda a encontrar opciones en las que los distintos intereses puedan ser tenidos en cuenta, se basa en la interdependencia, en el reconocimiento del «otro» y es alternativa a la exclusión. Tiene efectos preventivos, curativos, de desbloqueo y de reparación. Tiene, además, una contrastada capacidad transformadora de situaciones de violencia, enfrentamientos destructivos e injusticias. El diálogo es la columna vertebral de la convivencia y de unas relaciones humanas satisfactorias y sanas.

 En todo caso, el diálogo es algo más que una propuesta metodológica, implica confiar en lo mejor del ser humano y crear condiciones para que lo mejor del ser humano pueda actuar.

 ¿Con qué método te quedas?

Nola komunikatzen naiz

Komunikatzeko formak giltzarri dira bizikidetza arazoei aurre egiteko orduan. Lehenbizi, konturatu behar dut gatazketan zein den nire dierazpidea: elkarrizketa edo indarra. Hipotesi batekin egingo dugu lan: gure tresna nagusia hitza da, elkarrizketa.

Orduan hauxe galdetu behar diogu geure buruari: nolako elkarrizketa sortzen dugun, zeren gure elkarrizketa gorren arteko hizketaldia izan liteke, hau da, hitz egin bai, baina elkar aditu ez. Gizarte honetan hitz egiten, irakurtzen eta idazten erakusten zaigu; ez zaigu erakusten, ordea, elkarrizketan egoten, bestearekin mintzatzen, are gutxiago entzuten,  ulertzen saiatzea. Aditu gabe ez dago elkarrizketarik, baizik eta bi bakarrizketa elkarren segidan.

Azter dezagun zein den gure jarrera gatazka bat dugunean. Norbaitek “hitz eign dezagun, hitz egin behar dugu” proposa dezake. Jarrera positiboa da, baina behar abda ez da aski. Maiz gertatzen da elkarrizketa erantzun, ihardespen eta akusazioen segida eta kate bihurtzen dela, eta erantzun eta akusazio horiek gero eta gogorragoak direla. Aditzen ez direnen arteko elkarrizketa. Kargu hartu, akusatu…

Beste pentsamolde bat behar da, beste bide bat, hauxe: ez “hitz egin dezagun”, baizik eta “entzun diezaiogun batak besteari”. Entzun behar diogu batak besteari, entzun behar diogu elkarri.

Benetan elkarri entzuten diogun egiaztatzea da gako nagusia. Horretarako urrezko bost arau ditugu: (1) azaldu epaitu gabe, (2) entzun erantzun gabe, (3) galdetu ulertzeko, (4) gauza positiboak nabarmendu eta (5) bataren eta bestearen onena batu.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak aurki 70 urte beteko ditu

Gure lurraldean askotarikoak izan dira urratu diren giza eskubideak. Hauen alde lanean irmo jarraitzea lehentasun bat da. Europan, XXI. mendean, eta gaur egungo gizartean, aldarrikapen honek bere zentzu osoa mantentzen du.

Giza eskubideak pertsona guztioi dagozkigu salbuespenik gabe, gure giza duintasunari jarraiki. Pertsona bakoitzak gizakia den neurrian duintasuna dauka.

Giza duintasuna eta giza eskubideak pertsona guztiei dagozkigu bereizketarik gabe jaioterria, arraza, erlijioa, sexua, kultura, hizkuntza edo ideologia dela medio. Delituak egin dituztenei ere badagozkie, nahiz eta hilketa beldurgarriak izan. Horra hor Adierazpen Unibertsalaren eta giza duintasunaren kontzeptuaren handitasuna: pertsona guztiak pertsona bezala tratatu, haietako bakoitza helburua delako. Horrela, giza eskubideak absolutu etikoa dira. Gizakiaren egitasmo nagusia dira bere bizitza soziala gidatzerakoan.

Bakeak, esparru honetan atzera pausurik ez ematea exijitzen digu. Argi eta ozen salatu behar dugu edozein eskubideren urraketa, argi eta ozen salatu behar dugu eskubideen partzializaio edozein ekintza. Bakeak, giza eskubideen urraketaren zein hauen defentsa partziala edo interesatuaren deslegitimazioa behar du. Ez dago bakerik ez justiziarik giza eskubideak partzialki hartzen baldin badira. Giza eta gizarte deshumanizazioa, besterik ez dago bide horretan. 

Biktimekiko hiru konpromiso etikoak

Lagun egin

Elkartasuna da gure lehenbiziko konpromisoa. Ezin ditugu abandonatu, haien egoerari ez ikusia egin, jasan duten sufrikarioaren aurrean beste alde batera begiratu. Herritar garen aldetik, biktimentzako laguntza pertsonalizatu beharra daukagu, ongi kontuan hartuz kasu bakoitza errealitate desberdina dela. Eta gizartea garen aldetik, elkartasuna sozializatu eta ikusarazi behar dugu, eta bakearen eta humanizazioaren kultura hedatu.

Ez egin biktimen jabe

Inork ez luke biktimen kausaren jabe egin behar, edo haien kausaren buru edo protagonista izateko lehian ibili. Biktimekiko elkartasunak dohainekoa eta aldeaniztuna izan behar du; norberak defendatzen duen pentsamendu politikoa edozein delarik ere eskaini eta onartu behar da, giza duintasunaren defentsaren aldeko konpromisoa dugula arrazoi bakarra.

Kontsentsua bilatu

Biktimekin ikustekoa duen guztian giroa ez gaiztotzeko konpromisoa hartzea beharrezkoa da. Biktimen alde egiten dugun guztian ahalik eta adostasun maila handiena lortzen saiatuko gara aldez aurretik. Biktimengatik, eta biktimen izenean, batzen gaituena bilatuko dugu, ez bereizten gaituena.

Biktimen eskubideak

Biktimei dagozkien eskubideak egia, justizia eta ordaina dira. Izenokin edo bestelako izenekin, hemen eta nonahi, hiru bloketan sailkatzen dira, koadroan ageri den bezala: (1) duintasuna aitortzen eta eskubideak itzultzen dituen eskubide morala, (2) kalte-ordainak izatearen eskubide materiala, eta (3) iraganaren memoria kritiko baten eskubide politikoa. Azken honek garrantzi berezia du. Sekula berriz gertatu behar ez duenaren adierazgarri bizia dira biktimak. Eskubidea dute, beste edozein pertsonak edo taldek bezala, bake prozesuan parte hartzeko, eta eskubide berezi bat dute: geroa ez dadin egin iraganean ezer gertatu ez balitz bezala.

Sufrimenduak badu, berez, zentzugabetasun zama nahikoa; berau ahaztuz zentzugabetasun absurdoenaren amildegira bultzatuko dugu.

Hiru eskubide horien parean, jakina, gizartearen hiru betebehar daude: (1) biktimak aintzat hartzeko betebehar morala. Horrek eskatzen du, lehenbizi entzutea, biktimak guztiak identifikatzeko; eta bigarren, haien aintzatespena eta duintasuna bistaratzea gizartean; (2) laguntza materiala emateko obligazioa; eta (3) iraganaren azterketa kritikoa.

 

Biktimekiko betebeharrak

Hauxe galdetzen diogu geure buruari. Betebeharren bat ba al du gizarteak biktimekin? Baietz erantzuten dugu irmoki. Bi printzipioren izenean: elkartasunaren izenean eta berdintasunaren izenean.

  • Elkartasunak behar duenari laguntza edo sostengua ematen zaiola esan nahi du. Gurea bezalako gizarte moderno batean elkartasuna indar lotzailea duen printzipio soziala da eta izan da beti. Halaxe dago dokumentatua aspaldi.
  • Berdintasuna printzipio demokratikoa da, jardun politikoa eta bizikidetza gidatu behar dituena. Erasoak, atentatuak, torturak, traumak edo haien guztien ondorioek inferioritate egoeran uzten dute biktima: alarguntza, umezurtza, mutilazioak, elbarritasunak, trauma psikikoak, pobrezia, diru iturririk eza… Eta gizarteak hori konpentsatu behar du, ordaindu, ordaina eman.

Gizarteak printzipio bikoitz horregatik du betebehar moral bat biktimekin.

Nor dira biktimak?

Biktimak zein diren galdetzea, hortaz, oso zentzuzkoa da. Zein da helburua? Baztertuen edo laidoa sufritzen dutenen talderik ez sortzea. Ohikoena erantzun ideologikoa ematea da. Denontzat, hurbilenak biktimak dira, jakina; urrunekoak, berriz, beharbada bai, beharbada ez.

Elkartasun printzipioa aplikatuko dugu, irizpide zabala, eta ez murriztailea. Onar dezagun ez ditugula ezagutzen zenbait biktima eta sufrimendu, sufrimendua ez dela gure “ondarea”.

Biktimak dira gatazka suntsitzaile batean izandako indarkeriak, giza eskubideen urratzeak, ezbeharrek, tratu txarrek, umiliazioek edo laidoek eragindako sufrimendu bizi edo larria edo ezin konponduzko kaltea jasan duten pertsonak edo familiak, edozein delarik ere beraien edo erasotzaileen kausa edo taldea.

Pertsona horiek identifikatzeko irizpide metodologikoa ez da aurrejuzgu ideologikoa. Irizpide etikoa entzutea da, bestearen lekuan jartzea. Biktimen lekuan jarri beharko dugu, biktimei, aintzat hartzen ditugula sentituta, barrenean metatu zaien mina arindu dakien eta min hori modu egokian bideratu dezaten.

Sufrimenduari modu eraikitzailean heltzeko lau ardatz nagusiak II

Pentsamendu justuak, zuzenak; kontzientziari aditzea. Atsekabe biziak hondoraturik gaudenean, mota guztietako pentsamendu eta ideiak etortzen zaizkigu burura. Sufritzen ari denak pentsamendu zuzenak aurkitzeko premia du sufrimendua bere bizitzarako modu eraikitzailean landu ahal izateko. Trantze horretan, sufritzen ari denak bi hitz entzuten ditu, bi ahots: bere kontzientziarena eta ondoan dituen pertsonena. Patalogietan salbu, kontzientziak beti du, sakon-sakonean, pentsamendu zuzen edo bidezko bat, proposamen etiko bat. Baina aurkitzeko, sakon entzun behar zaio kontzientziari, zintzo.

Proiektuaren zentzua; giza duintasunaren balioa. Bizitzarako proiektuak izatea eta haien alde egitea hautatzeko gaitasunaz baliatzearen pareko da. Biktima izateari loturik eta harrapaturik gelditu gabe, izan nahi duzun horren alde edo bizitzan eman nahi duzun horren alde egitea bereziki garrantzitsua da. Nork bere inguruan, familian, gizartean, munduan dugun lekua eta eginkizuna zein diren ikusarazten digu. Biktimismotik libratzeko pizgarri handienetakoa da.

 

Sufrimenduari modu eraikitzailean heltzeko lau ardatz nagusiak I

Galdutakoaren onarpena; bizitzaren mugak. Onartzen ez dena ezin da antzaldatu; landu ere ezin da egin. Galera eta mugak onartzeak ez du esan nahi espektatiba faltsurik edo justifikaziorik hartzen dugunik babestzat, ez eta oroiminean edo gaitzondoan murgiltzen garenik ere. Onartzea, bestalde, ez da ahaztearen sinonimo, baizik eta eragiten digun sufrimendu egoera berria onartzea, eta geure gain hartzea sufrimendu hori giza izaeraren mugen beste adierazpide bat dela. Muga horien gailurra heriotza da, eta heriotzaren errealitatea ere onartu behar dugu, nahiz eta hari aurre egin. Bestela esanda, gure izaera mugatu eta finitua onartu behar dugu.

Bizitakoaren kontzientzia; esker ona. Prozesua abiarazteko ardatz nagusia da seguruena. Sufrimenduaren ondorioz, beti galtzen da zerbait. Galerak guztiaren tokia hartzen du. Ezinezkoa dirudi galdu dugunaren larrimina ez den ezer ere ikusteak. Alfer-gurpil honetatik ateratzeko baliabide hoberenetako bat bizitakoaz jabetu, eta esperimentatutakoa aintzatetsi, baloratu eta eskertzea da, baita orain dugun guztia balioestea ere. Bizitakoaren kontzientziak, hau da, esker onaren sentimenduak, biktimismoaz bestelako bizibideak eskaintzen eta irekitzen dizkigu.

 

 Sufrimendua lantzeko tresna bat eta aldez aurreko baldintza bat

  • Tresna nagusia: pazientzia. Pazientzian ezbeharrei aurre egiteko bi gaitasun biltzen dira: egonarria, eta konstantzia. Sufrimenduaren bakardade errotikoa bi isurialde dituen mendi bat da: sufrimenduaren minaren ondoriozko ahuldadea, eta sufrimenduko pazientziaren indarra. Mendi hau pazientziaren mazelatik igo behar da. Pazientzia da gizakiak sufrimenduari gogor egiteko duen berezko tresna nagusia, baitezpadakoa baita heriotzaren beldurraren sufrimenduan, iraganaren larriminean, geroaren hersturan eta orainaren frustrazioen ondoriozko oldarkortasun hutsean erori ez eta aukera alternatiboetarako bideak irekitzeko.
  • Aldez aurreko baldintza bat: norberak egin behar du prozesua, besterenezina da-eta. Prozesua norberarena da, ezin du inork egin gure ordez. Pertsonak nahia, erabakia eta pazientzia behar ditu, berriz bere bizitzaren lema gobernatzeko. Inguruak eta elkartasunak lagundu egin dezakete –aldeko baldintzak sortuz–, baina ezin dute inoiz prozesua ordeztu. Sufritzen ari dena bere onera etortzeko baliabide nagusia elkartasuna dela pentsatzea espektatiba faltsua da, eta biktimizazioa gainditzeko prozesua geroratu besterik ez du egiten.

Kontakizunaren borroka

Gure gizartean bizi izan dugun bezalako gatazka suntsitzaile baten ostean, borroka edo gudu nagusietako bat, zentzu metaforikoan noski, kontakizunen arteko talkatik sortzen dena da, hau da, gertatu zenaz edo denaz ulertzen dugun horretatik sortzen dena.

Kontakizun bakoitzak du bere alde objektiboa, baina baita alde subjektiboa ere, eta azken honek ez dauka lehenak baino balio gutxiago, horren gainean eraiki baita gatazka bera, eta horren gainean eraiki beharko baita bizikidetza berria ere. Logikoki, kontakizun bakoitzak baditu bere jarraitzaileak eta bere arerioak ere.

Honen inguruan lasai hausnartuz eta gure bizitzaren eta gizartearen ibilbideari begiratuz, argi ikus dezakegu kontakizun batzuk gailentzen diren arren, besteak ez direla desagertzen. Are gehiago, kontakizun ez-hegemonikoak sakonago barneratzen dira eta gehiago transmititzen belaunaldiz belaunaldi.  Beraz, logikoena eta errespetuzkoena dirudi  kontakizun guztiek euren lekua izatea, eta onartzea ez dela posible izango, ez gaur, ez bihar, kontakizun bakar bat egotea. Honek esan nahi al du kontakizun guztiak direla etikoki onargarriak? Ez noski. Hori da agian gizarte bezala kontakizunaren inguruan izan behar dugun helburu nagusia: gure gizartean ideiak pertsonen aurretik jarri zirela eta horrelakorik ez dela errepikatu behar jasotzen duen kontakizun bat elkarbanatzea.

Egiaren ertzak bake jardunaldietan

Aurten bi ekimen antolatu dira Urnietako urteroko bake eta bizikidetza jardunaldietan: Paco Etxeberria mediku forentsearen hitzaldia 1960tik 2013ra bitartean Euskadin izandako torturaren inguruan  Eusko Jaurlaritzarentzat egiten ari den ikerketa proiektuaren gainean, eta “La mirada del otro” antzezlana, zeinak 2011 eta 2012 urteetan “via Nanclares” deitutakoaren barruan, ETAko kide ohiek eta biktimek, haien artean izandako bilerak jorratzen dituen.

Interes handia piztu zuten bi ekitaldiek, egiaren ertz ezberdinak eta, agian, itzaletan egon direnak erakutsi zituzten heinean. Egia horiek aurkezteko modua oso ezberdina izan zen bakoitzean ordea: lehenengoak, zientziak eskaintzen duen ziurtasun ia zalantzaezinaren bidez, (metodo zientifikoa definizioz ezeztagarria den arren) eta bigarrenak berriz, errealitatean oinarritutako fikzio antzeztuaren subjektibotasuna erabilita.

Noizbehinka, bolo-bolo ibiltzen den errelatoaren kontzeptu hori gertatutakoaren zatitxoek osatzen dute, perspektiba oso ezberdinetatik kontatuak, eta zati horiek ez dute zertan batak bestea baliogabetu. Tentagarria izan daiteke zatitxo bakoitzari bizipen edo ikuspegi gehiago falta zaizkiola seinalatzea, baina jada badugu esperientzia nahikoa konturatzeko ez dagoela errealitatea bere osotasunean barne hartuko duen kontakizunik.

Muga hori onartuz eta gertatutakoaren zatitxoetatik ikasiz hurbilduko gara bizikidetzarako behar dugun kontakizun osoago, eraldatzaile horretara.

 

Sufrimenduaren aspektu kritikoenak II

Oztopo nagusia: biktimismoa. Biktimismoaren menpe bizi denak biktima-izaera jarriko du bere errealitatearen beste edozein arloren gainetik. Har dezagun kontuan jokabide biktimista biktimaren baitatik sor daitekeela, baina inguruak edo elkartasun heldugabeak ere sustatu eta piztu dezaketela. Oztopo nagusia, sedukzio bihurtzen delako, atsekabearen kontrako alternatiba bakar eta hoberena delakoan. Biktimenganako elkartasun-esfortzu orok, hortaz, hori izan beharko du aintzat: biktimari biktimaziotik eta biktimismotik askatzen laguntzeko baldintzak sortu behar ditu.

Biktimismoaren larritasuna: lau arrazoi eta bost mezu. Lau arrazoik aski ongi adierazten dute biktimismoa hagitz fenomeno larria dela:

-Pertsona kapsula batean sartu, eta bizitzatik atera eta baztertzen du.

-Errealitateak pertsonari eskaintzen dizkion pizgarrietatik urruntzen du biktima.

-Bere onera etortzeko espektatiba faltsua ematen dio biktimari, eta horrek mendekotasuna sortzen dio.

-Autonomia kentzen dio pertsonari, bost mezu gaizto bidaltzen baitizkio behin eta berriz:

  • “Salbuetsia zaude bizitzan ahalegintzetik”.
  • “Deprimitua egoteko eskubidea duzu”.
  • “Baliatu zure abantailez erantzunkizunei itzuri, ihes eta izkin egiteko”.

Sufrimenduaren aspektu kritikoenak I

Sufrimenduaren sakonaz behar bezala jabetzeko, oinarrizko zenbait aspektu hartu behar dira kontuan, oinarrizko aspektuak, bai, baina kritikoak eta erabakigarriak fenomenoari egoki heltzeko.

  • Funtsezkoa: dolua onartzea. Sufrimenduak sentimendu hauek eragiten ditu: samindura, larrimina, herra, oroimina, gaitzondoa, mendeku-gosea… Edozein biktimak nahitaez esperimentatu behar ditu sentimendu horietako batzuk; erabat naturala da. Baina hori ez da problema; dolua pasatu behar da, eta ezaugarri horiek ditu. Sentimendu horiek pizten dira, eta haietako batzuk izatea ekidinezina bezain beharrezkoa da. Hortaz, onartu behar dira. Pertsonaren eta prozesuaren fase bat izan beharrean pertsonaren historiaren bizkarrezurra direnean da zinez problema.
  • Larriena biktimazioa da; garrantzitsuena, hura gainditzea. Sentimendu biktimistak agertzen direnean, biktimazioaz mintzo gara. Biktimarentzat, bizitza biktimizaziotik libratzea da garrantzitsuena. Biktimizazioa gaindituz gero, pertsona gauza izango da berriz bere bizitzaren jabe izateko, kolpeak kendu zion subiranotasuna berreskuratzeko. Azken batean, biktimak ulertu eta esperimentatu behar du sentitzen duen mina baino garrantzitsuagoa dela bizitza.

Sufrimendua

Genetikoki prestatuak gaude enpatiarako. Hari eskerrak, gurea balitz bezala sentitzen dugu, parte batean, lagun hurkoaren sufrimendua. Enpatia da, beraz, elkartasunerako eta altruismorako gaitasunaren oinarria. Gizartea eta bizikidetza, hain zuzen ere, horregatik dira posible.Edozein injustizia edo zoritxarren biktimen ondoan egotea erabaki dezakegu. Erabaki hori harturik, garatu egin behar da hurrengoak kontuan hartuz:

  • Mina eta prozesua. Latinezko patientia hitzak bi ideia biltzen ditu: batetik, sufrimendua, baina, bestetik, pazientzia, hau da, konformidadea, mina jasateko gaitasuna. Beraz, sufrimenduak biak ditu bere barrenean: mina eta mina eramateko gaitasuna. Kontraesana dirudi, baina jakinduriaz beteriko sintesia da.
  • Ez da ona, baina ezin dugu ekidin. Gizakiak berezkoa du osasunean eta zoriontasunean bizitzeko borrokatzea. Sufritzeko bizitzea edo dolorismoa bizitzaren zentzutzat hartzea, duda izpirik gabe, osasungaitza da.
  • Pertsona deuseztatzea eta hazteko aukera. Sufrikario, oinaze eta pena besterik ez bada, pertsona deusezta dezake. Baina, horrekin batera, pazientzia, konformidadea edo tolerantzia garatuz gero,hazteko aukera ere bihurtzen ahal zaio.
  • Jatorrizko sufrimendua. Sufrimenduak indibidualizatu egiten gaitu, bakoiztu. Horregatik, edozein sufrimenduk gure erroetako bakardadera garamatza, hots, amaieradun izatearen jatorrizko sufrimendura, finitutasunaren oinazera. Sufrimendu honek beste izen batzuk ere hartzen ditu: babes-gabezia, ezinegon existentziala.

Kontzientziari entzuteko gaitasuna

Pertsona guztiok dugu kontzientziari entzuteko gaitasuna. Eta gure kontzientziak beti du, edozein egoeratan, proposamen etiko bat gure zain. Beraz, erabaki etikoak hartu ahal izateko dugu kontzientzia.Etika garrantzitsua dela badakigu, baina etikoki jokatzea ez da hain erraza izaten. Erabaki bat hartu behar dugunean behin baino gehiagotan ataka beraren aurrean topatzen gara. Zer egin? Komeni zaiguna edo egin behar duguna. Badakigu zer den egin beharrekoa baina batzuetan hori ez da izaten egin nahi duguna eta horrelakoetan geure buruari tranpak egiteko joera izaten dugu. Egin nahi dugun hori egiteko argumentuak asmatzen ditugu, sinesten ditugu eta egin nahi duguna egiteko zilegitasuna dugula sentitzen dugu. Hori da kontzientzia-lasaitasuna sortzea. Horrela, etika geure neurriko jantzia bihurtzen dugu.Etika giza duintasunaren errespetuarekin oso lotua dago eta horrela definitu dezakegu: gure kontzientziak egin behar duen ahalegina giza duintasunaren errespetuak planteatzen dizkion eskakizunen aurrean.Beraz, gatazka egoeretan hartzen ditugun erabakien arabera, gatazka hori suntsitzailea edo eraikitzailea izan daiteke. Besteak beste, gatazka egoeretan erabaki behar duguna zera da, zer dagoen lehenago, neure helburua, proiektua…. edo giza duintasunaren errespetua. Eta erabaki hori kontzientziari entzunez hartu beharko genuke, tranparik gabe.

Esker onaren Ikaskuntza

Aurreko artikuluan gizaki guztion izaera mugatuaz hitz egiten genuen. Baina, pertsonak ez gara, zorionez, izaera mugatua bakarrik.

Izaera mugatuaren txanponaren beste aurpegia esker ona da edo gauza berdina dena, edozein egoeraren aurrean alde positiboa identifikatzeko ahalmena dugu.

Estimatzen dugun norbaitekin gatazka bat dugunean, une horretan, batez ere, bere alde negatiboa ikusten dugu. Baina, zergatik nahi izaten dugu harekin berradiskidetu? Haren mugen gainetik, esker ona merezi duen hura bilatzeko borondateak beregan dagoen on guztia aurkitzera garamatzalako.

Gatazketan zatitzen eta banatzen gaituenetik haratago, akordioak eta aukerak identifikatzen laguntzen du esker onak; adostasunen bat eta eraikitzailea dena bilatzen suntsitzailea denaren gainetik. Horregatik, esan dezakegu zailtasunen artean aukerak bultzatzea dela bizikidetza.

Esker onaren zentzuak bizitzan eta besteengan konfiantza jartzea ahalbidetzen du. Konfiantza jarri gabe bizitza gaixotu egiten da, bizikidetza ez da bideragarria eta berradiskidetzeak mesfidantzaren harresiarekin egiten du topo.

Gizakion izaera mugatuaren ikaskuntza

Geure eguneroko hainbat gertaeraz kontzientzia hartzen dugunean haietatik ikasi egiten dugu. Esperientziak ikaskuntza bihur ditzakegu. Gaurkoan, geure izaera mugatuari begiratuko diogu.

Pertsona guztiak aldi batez bakarrik bizi gara, inperfektuak gara, ez dakigu dena, eta ez gara ahalguztidunak. Baina gatazketan behin baino gehiagotan mugatuak izatearen kontzientzia hori galdu egiten dugu, guztia dakigula sinesten dugu, egiaren jabe garela eta dogmatismoaren bidetik jokatzen dugu. Dogmatismo horrek besteei min egitera eraman gaitzake, baita maite ditugun personei ere. Geure izaera mugatuaren kontzientzia galtzeak errealitatetik kanpora jartzen gaitu.

Neure izaera mugatuaz jabetzeak besteen izaera mugatua ulertzera narama. Horrela, besteek eragiten didaten mina ere bere izaera mugatuaren ondorio dela pentsatzera eta ulertzera eraman nazake. Honek ez du eragindako edo jasandako gaitza justifikatzen baina zerbait argitu dezake, hobeto ulertzen, erlatibizatzen eta bide batez adiskidetzearen bidea irekitzen lagundu nazake. Apaltasunetik jokatzera ahalbidetzen du; apaltasuna, norberaren mugak onartu eta horren arabera jokatzea bezala ulertuaz.

Etorkizunari begira prebentzio ikuspegia

Aurreko zenbakietan bizikidetzarako berradiskidetze-prozesu batek esan nahi duenari buruz aritu gara, eta esan dugu beharrezkoa ikusten dugula hiru epe aztertzea: iragana, oraina eta etorkizuna.

Etorkizunari begira, prebentzio-begirada partekatu behar dugu, gertatu zaiguna berriro ere gerta ez dadin. Etorkizunean, gatazkak edukitzen jarraituko dugu, gatazka gizakiari atxikia dagoen zerbait delako. Kontua ez da gatazkarik ez edukitzea, prebenitzea eta horiei modu eraikitzaile batean aurre egiten ikastea baizik. Horrenbestez, bizikidetza-kultura berri bat behar dugu. Eta garrantzitsua da hezkuntza-eremuan lan egitea.

Urnietan, ikastetxeekin ari gara lanean bizikidetza-kultura berri batera hurbiltzeko eta azkeneko urteetan ikastetxeetako irakasleentzat ikastaroak antolatu ziren Izan Proposamenaren inguruan, ˝pertsona izaten hezteko” helburuarekin. Eta pertsona izaten nola hezten da?

Baketik-ek mahai gainean jartzen duen teoriaren arabera, geure eskarmentutik eta norberaren esperientzietatik ikas dezakegu. Esperientzia horietaz jabetzen bagara, ikaskuntza bilaka ditzakegu.

Oinarrizkoak deitzen eta pertsona guztiak partekatzen ditugun lau ikaskuntza daude: izarea mugatua, esker ona, kontzientziari entzutea eta giza duintasuna. Pertsona guztiek dauzkagu horrelako esperientziak. Beste hiru ikaskuntza instrumentalak dira: elkarrizketa, enpatia, pazientzia; eta, azkenik, funtsezko ikaskuntza batek guztiak biltzen ditu: maitasunaren ikaskuntzak.

Zortzi ikaskuntza horien inguruan eratzen da Izan Proposamena eta hori da ikastetxeetan irakasleekin landu dena, ondoren ikasleekin landu dezaten. Aurrerantzean proposamen honetan sakontzen jarraituko dugu.

Oraina: humanizazioa (I)

Humanizazioa da orainari aurre egiteko moduan nagusitu behar den jarrera hobeto deskribatzen duen hitza. Hiru gako: erabakia, aldaketa eta enpatia.

1. Erabakia. Lehenengo, indarkeriaren amaiera ordenatua duen prozesua bideratzeko erabakia, bizikidetzaren helburuarentzat baliagarria izan dadin. Beharrezko oharrak:

  • Amaiera egiazkoa, itzulezina, adierazia eta data zehatz batean irudikatua da, kontrapartida politikorik gabe gauzatzen dena eta iraganaren berrikuspen kritikoa galerazten ez duena.
  • Indarkeriaren amaiera ordenatuak humanizazioaren eta bake sozialarekin konpromiso soziopolitikoa eta instituzionala dakar, bi irizpiderekin: (1) legeari exijentziarik, laidorik edo irainik gehitu gabe indarkeriarekin amaitu dutenentzat; eta (2) neurri legegileak, judizialak, eta presoentzat espetxe- eta indultu-neurriak artikulatzea.

2. Aldaketa. Pentsamolde- eta jarrera-aldaketa behar du orainak. Bizikidetza-kultura berria eraiki behar dugu. Aldaketa horrek zerikusi handia du iraganaren inertziaren desaktibazioarekin lengoaiaren erabilpenean edo desberdina aurkari bezala ikusteko esparruetan.

3. Enpatia. Aurretik ez bada egin, oraina biktima guztienganako enpatia konpartituaren garaia da: aitortzea, kalteak ordaintzea eta elkartasun eregainkorra eta afektiboa. Giza eskubideen bortxakeria pairatu duten biktimenganako enpatiaren eta elkartasun esplizituaren berehalakotasuna.

Iraganari begirada

Iraganera begiratzeak gertatutakoa elkarrekin aztertzea dakar, eta bi gauza eskatzen ditu. Lehenengoa, gertakariak argitzea, biktima guztiei egindako kaltea ezagutzea eta aitortzea dakarrena; eta bigarrena, gertakari hauek baloratzea. Geratutakoaren berrikuspen kritikoa, etikoa eta prepolitikoa egiteaz ari gara. Hiru zehaztapen egitea komeni da:

  • Gertakariak. Sufrimendu, biktimak eta giza eskubideen bortxaketa guztiak hartu behar dira aintzat. Biktima guztiei egindako kaltea ezagutu eta aitortu behar da, ez geure hurbileko sentitzen ditugunena bakarrik. Hortxe dago, hain zuzen ere, berradiskidetze-prozesu baten bideragarritasuna edo porrota eragin dezakeen gakoa.
  • Diagnostikoak. Gertatutakoa interpretatzeko modu bat baino gehiago egongo direla onartu beharra dago. Ezinezkoa da diagnostiko politiko partekatua egitea geure hurbileko historia osatzen duten gertakarien arrazoien eta sorrerari buruz.
  • Balorazioa. Balorazio etikoa eta prepolitikoa partekatzeko betebehar morala daukagu. Berriro inoiz gertatu behar ez duenaz («Inoiz gehiago ez») ados jar daitezke aldeak, eta jarri behar dute. Badago gutxieneko adostasun baterako lehengairik: «Giza duintasunaren aurretik beren kausa edo helburua jarri zuelako zenbaitek gertatu zen gertatu zena. Kalteak ordaintzeko konpromisoa eskatzen du horrek. Inongo kausa politikok, inongo alderdiren helburuk, inongo estatu-arrazoik ez dute balio absoluturik, gizakiari eta bizitzari zor zaion errespetuaren gainetik jartzeko modukorik».

Berradiskidetzearen helburuak eta estrategia

Berradiskidetzeak zauri pertsonalak sendatzeko, urratu sozialak konpontzeko eta zatiketa suntsitzaileak prebenitzeko balio du. Hainbat helburu uztartzen ditu berradiskidetze-prozesu batek, eragin-eremu desberdinekoak.

  • Biktimei dagokienez, ordaintzea da premiazko helburua. Biktimei eragindako kaltea aitortu, arindu eta ordaindu egin behar da.
  • Gizarteari dagokionez, humanizatzea da premiazko helburua. Gizartean sortutako hausturak eta zatiketak konpondu egin behar dira, gorrotoak eta aurreiritziak ezabatu, eta errespetua, elkarren onespena eta elkarrizketa sustatu.
  • Adiskidetzea da helburu politikoa eta estrategikoa. Bakezko bizikidetza sendotu behar da, printzipio demokratiko hauetan oinarritua: justizian, askatasunean, berdintasunean eta bakean.

Helburu hauek lortzeko bidea edo estrategia hau da: iraganarekin, orainarekin eta geroarekin jarduteko modu berri bat partekatzea. Hau da, ikuspegi kritikoarekin aztertzea iragana, ikuspegi konstruktiboarekin oraina, eta ikuspegi prebentiboarekin geroa. Hiru denbora horiek ditugu berradiskidetze-prozesuaren ardatzak.

Nor da berradiskidetzearen subjektua?

Berradiskidetzeaz hitz egiterakoan ohiko akatsa izaten da biktimei eta biktimarioei bakarrik dagokien eginkizuna dela pentsatzea. Hau ez da horrela inondik inora. Gizartea eta haren ordezkariak dira berradiskidetzearen subjektuak. Berradiskidetzea ez da biktimen eginkizuna, gizartearena baizik. Biktimek prozesu horren onuradun izan behar dute, ez erantzule. Horregatik diogu berradiskidetzea pertsona eta gizarte mailan konprometitzen gaituen prozesua dela. Honi lotuta, bi errealitate-irizpide azpimarratu behar dira:

  • Ardatza. Berradiskidetzeaz hitz egiten dugunean eremua mugatu egin behar dugu. Bizikidetzaren berradiskidetzearen eremu sozialaz ari gara, bere muina da. Berradiskidetzearen banakako eremua banakakoen erabaki askearen aukeren barruan kokatzen da.
  • Prozesua. Bere ehunean urradurak eta zatiketak jasan dituen gizarte batean bizikidetzaren berradiskidetzea prozesu konplexua eta zaila da, pazientzia eta prozesuzko eta aurrera egiteko mailaz mailako pentsamolde errealista behar dira. Urratsez urrats egin behar da aurrera.

Bizikidetzaren berradiskidetzearen erronka

Azken hamarkadetan, indarkeria, giza eskubideen urratzea, zatiketak eta krsipazioa etengabeak izan dira. Elaboratu eta bideratu behar den gizarte eta politika mailako bizipen traumatikoa da gizartean gaizki onartzeak etorkizunean erreakzio-fenomeno ez desiragarriak sorraraztea ekiditeko.

Horregatik, bakea sendotuko, geure oraina humanizatuko, iraganeko urratuak erreparatuko eta etorkizunean berriro ez errepikatzea prebenituko duen berradiskidetzerako eta bizikidetza-kultura berria bultzatzeko prozesu bat beharrezkoa da.

Bizikidetzaren berradiskidetzeari laguntzeko ahaleginaren zentzua oso galdera errezentzat erantzun zintzoa edukitzea esan nahi du:

  • Zer gertatu da eta zergatik?
  • Zer egin dezakegu orain?
  • Zer egin beharko litzateke berriro gertatu ez dadin?

Galdera hauen erantzunek ezaugarri oso zehatzak eduki behar dituzte: argiak, errazak eta egiarekiko leialak izan behar dute, ezin dute gorrotora eraman baizik eta bizikidetzara eta antzeko gertakariak errepikatzea prebenitu behar dute.

Zer den eta zer ez den berradiskidetzea

Berradiskidetze hitzak mesfidantzak eta gaizki ulertuak sortzen ditu. Berradiskidetzearen ideia desberdinak ditugu. Hori dela eta, berradiskidetzea zer den eta zer ez den argitzea komeni da. Zabaldua dagoen berradiskidetzearen irudi bat honakoa da: gatazka bat izan ondoren besarkatzen diren bi pertsona. Eta guk bizi izan dugun gatazka suntsitzaile baten ondoren irudi horrek beldurra sorrarazten digu.

Pertsona batzuk beldur dira berradiskidetzeak, amnesia eta ahaztea esan nahi izatea, berez, gogoratzea eta memoria kritikoa izan behar duenean. Beste batzuk berradiskidetzea mendekua eta kontu hartzea izango denaren beldur dira, eskuzabaltasuna eta apaltasuna izan behar duenean.

Indarkeriak, zatiketak eta gatazka suntsitzaileak kolpatutako garai baten ostean, berradiskidetzearen bidez berreraikitzen da bizikidetza, elkarrenganako errespetua eta onespena oinarri direla. Horrek ez du esan nahi lehen aurkari zirenak orain adiskide izango direnik, baizik eta elkar errespetatuko eta onartuko dutela berriro. Geure gizarteari dagozkion gatazken eta desberdintasunen kudeaketa baketsuaren eta demokratikoaren aldeko baldintzarik gabeko apustua esan nahi du.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika