Albisteak

Iker Hernandez: “Boliviako eta Hego Amerikako talde onenetariko batera noa eta ilusio handiarekin nago”.

Iker Hernandezek abentura berri bati ekingo dio Boliviako futbolean Bolivar taldearekin sinatu ostean, herrialdeko talderik indartsuenarekin. Realeko eta Athleticeko bigarren taldeetan jokatu ostean eta David Moyes entrenatzailearen eskutik talde txuri-urdinarekin Kopako partida batean debuta egin eta gero, aurrelari urnietarra Barakaldo, Burgos eta Holandako bigarren mailako Den Bosch taldeetatik igaro da.

Hain zuzen, Holandatik iritsi zen Gabonak familiarekin batera ospatzeko eta guk egun horiek aprobetxatu genituen berarekin hitz egiteko, baina futbolaren kontuak, urtarrilaren 2an hegazkina hartu behar izan zuen berriro, oraingo honetan Boliviaruntz.

Aukera paregabea da zuretzat.

Boliviako eta Hego Amerikako talde onenetariko batera noa, eta egia esateko ilusio handiarekin nago. Libertadores Koparako sailkatzeko aukera dugu, Europako Txapeldunen Ligaren baliokidea dena.

Aldaketa handia izango da maila guztietan.

Altitudearen arazoa izango dut han, izan ere, Bolivian 3.700 metrora jokatzen dira partidak. Beraz, helburua lehenbailehen baldintza horietara egokitzea izango da, %100ean egoteko eta nire mailarik onena eskaintzeko.

Txapelketen formatua ere desberdina da Bolivian.

Bi titulu jokatzen dira han, Apertura urtarrilaren amaieran hasten da eta maiatzaren amaierara bitarte jokatzen da, eta ondoren hasten da Clausura.

Abendura arte Holandan jokatu zenuen, nolako esperientzia izan da?

Kanpora joan nahi nuen gauza berriak probatzeko, konfort egoeratik irteteko eta bizipen desberdin bat izateko. Egia esateko gutxi jokatu dut. Laugarren jardunaldian iritsi nintzen, taldeak liga bikain hasi zuen eta ez dut aukera asko izan hamaikakoan sartzeko. Ordutik 8 partida irabazi genituen eta beste 2 berdindu, eta bolada on horrekin entrenatzaileak apenas egiten zuen aldaketarik. Aukera gehiago nahi nituen, baina halere, esperientzia positiboa izan da eta gustura joan naiz.

Nolako maila dago Holandako bigarren mailan?

Esperotakoa baino altuagoa. Hemengo Bigarren B mailako goiko parteko edo Bigarren mailako azpiko parteko maila dagoela esango nuke.

Bolivian gaztelania hitz egiten da, baina Holandan ez dakit nola moldatuko zinen.

Nik ez nuen ezer ulertzen nederlandeses, baina entrenatzailearen hitzaldiak ingelesez ziren, eta beraz, ondo jarraitzen nituen. Arlo hori gainera, primeran etorri zait nire ingeles maila hobetzeko.

Atzerritar asko zeuden taldean?

Bi argentinar, italiar bat, bi estoniar, finlandiar bat eta bulgariar bat. Gure artean giro paregabea genuen eta zerbait hartzeko eta afaltzera joateko elkartzen ginen. Gure emazteek ere harreman bikaina egin zuten, gu entrenamenduetan geunden bitartean haien artean geratzen ziren kirola eta beste gauza batzuk egiteko. Garrantzitsua da elkar babestea eta laguntzea.

Nolakoa zen zure egunerokoa?

Taldearen kirol instalazioetan egiten genuen bizitza. Goizeko 8:30ean gosaltzen genuen, 10:00etan entrenamendua, 12:00etan bazkaldu eta 14:00etan berriro entrenatzen genuen. Gero, 16:00etatik aurrera denbora librea.

Realarekin debuta egin zenuen Kopan David Moyes entrenatzaile zela, baina ezin izan zenuen jauzia eman, arantza hori geratu zaizu?

Arantzarik ez, ez ziren eman horretarako baldintzak. Pena ematen du hor ez egotea beste batzuk dauden bezala, baina azkenean baikoitzak bere ibilbidea dauka eta ate batzuk ixten direnean beste batzuk irekitzen dira. Egia esateko gustura nago egiten ari naizenarekin eta gustura ez nagoen eguna iristen bada utzi egingo dut, izan futbolean edo izan beste edozein gauzetan, gauzarik garrantzitsuena zoriontsu izatea da.

Boliviako aukera bultzada berri bat izan daiteke zure ibilbidean.

Oraindik denetarako denbora daukat eta gauzak ondo egiten direnean oihartzuna izaten dute. Nire helburua taldearentzat lan on bat egitea da eta gero etorriko da etorri behar duena. Dena den, esaten dizudan moduan niretzat funtsezkoena zoriontsu izatea da eta hori da lortzen saiatzen naizena. Gero bakoitza iritsi behar duen lekura iristen da eta gailurrera iristen ez bazara ere ez da ezer pasatzen.

Kontatu beharko diguzu zein berezitasun duen Berrasoetako parkeak, izan ere, Urnietako bi futbolari garrantzitsuenak handik irten zarete (Nahikari Garcia bestea).

Besterik gabe parkean jokatzea. Gaur egun ohiturak aldatu egin dira. Nik denbora guztia parkean jolasten pasatzen nuen, gurasoek nire bila etorri behar izaten zuten etxera eramateko. Orain berriz, ume asko bideo-jokoetan jokatzen geratzen dira eta kalera atera behar dituzte. Nire ikuspuntutik askoz hobea da parkean jokatzea.

Iker Hernandezen izena oso indartsu entzun zen oso gaztetatik, baina zuk beti mantendu dituzu oinak lurrean.

Nire ustez irakasleak edo medikuak futbolariak baino garrantzitsuagoak dira, bi adibide jartzearren. Eta gainera, futbolarien ibilbidea urte gutxiren buruan amaitzen da. Azkenean bizitzan ikasi egin behar da, baloreak eduki behar dira eta gure ingurukoei laguntzen saiatu behar gara. Ni irakasle-ikasketak egiten hasi nintzen eta ahal dudanean amaitzea gustatuko litzaidake, baita turismoarekin erlazionaturiko zerbait ikastea ere.

Ikasketa horien barruan praktikak egin zenituen Egape ikastolan.

Oso esperientzia polita izan zen. Irakasleek oso harrera ona egin zidaten eta askatasun handia izan nuen klaseak emateko eta etxeko lanak zuzentzeko aukera edukiz. Hori bai, klaseak ematea entrenatzea eta jokatzea baino askoz gogorragoa da kar, kar, kar.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika