Albisteak

Bidez-Bide zerbitzuko ibilgailu berria aurkeztu da

Bidez-Bide zerbitzua duela 10 urte jarri zen martxan Urnietako, Hernaniko eta Andoaingo Udalen arteko lankidetzari esker eta landa-gunean bizi diren adineko pertsonei (65 urtetik gorakoak) edota mugikortasun arazo handiak dituztenei furgoneta egokitu baten doako zerbitzua eskaintzen die haien eginkizunak egin ditzaten: medikuarenera joan eta erosketak egin, besteak beste.

Zerbitzua Behemendi elkartearen bitartez eskaintzen da astelehenetik ostiralera, goizeko 8:00etatik 12:00etara eta hainbat helburu ditu bere baitan: hala nola, landaguneko pertsonak herriko zerbitzu publikoetara hurbiltzea, erabiltzaileen autonomia sustatzea, gizarte bazterketa saihestea eta hiri eta landa eremuko harremanak eta loturak bultzatzea.

Furgoneta berria

Bidez-Bide zerbitzuko erabiltzaileek furgoneta berri bat izango dute aurrerantzean eta hain zuzen, gaur eguerdian aurkeztu da Urnietako San Juan plazan. Bertan izan dira Behemendiko Juan Cruz Alberdi, furgonetaren gidari den Begoña Berastegi, Mikel Pagola Urnietako alkatea, Ane Carrere Andoaingo alkatesa eta Xabier Lertxundi Hernaniko Udaleko zinegotzia. 45.000 euro inguruko kostua izan du ibilgailuak eta zehaztu dute kopuru horren erdia egokitzapen lanetara bideratu dela. Gidariaz aparte 7 erabiltzailerentzako lekua dauka ibilgailuak.

Hiru Udaletako ordezkariek bat egin dute zerbitzuaren garrantzia nabarmentzean. Halaber, adierazi dute oso ondo baloraturiko zerbitzua dela eta zentzu horretan, oraindik erabiltzen ez duten pertsonak erabiltzeko pausoa ematera animatu dituzte. Bestalde, hiru herrien arteko kolaborazioaren garrantzia goraipatu dute.

Behemendiko Alberdik bere aldetik, hiru Udalei eskerrak eman nahi izan dizkie, beraiek baitira zerbitzuaren kostua eta ibilgailuaren mantenua ordaintzen dutenak. Esker oneko hitzak izan ditu baita, ibilgailua ordaintzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapenko departamenduarentzat ere.

Bestalde, Begoña Berastegi gidariaren lana goraipatu nahi izan du Alberdik, azaldu duen moduan, gidari lanak egiteaz gain, laguntzaile lana ere egiten duelako zerbitzu osoa eskainiz. Berastegik bere aldetik, erabiltzaileekin antolatzeko primeran moldatzen dela kontatu du.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika