Albisteak

Jose Ramon Jauregi: ”munduko leku guztietatik eskatzen dizkidate aizkorak”

Jose Ramon Jauregi da Euskal Herrian aizkorak egiten dituen pertsona bakarra bere familiako lanbideari jarraipena emanez. Duela 94 urte inguru iritsi ziren Urnietara bere aiton-amonak Amezketatik. Orduan aizkorez gain atxurrak, kateak eta gurpilak egiten zituen aitonak Eroski supermerkatuaren ondoan. Horretaz gain, ”idiak perratzen ere aritzen zen” gogoratzen du Jose Ramonek. Gerora ordea, herria handitzen joan zen, eta ”gaur egungo eraikinera (Erratzu industrigunea 1) lekualdatu ginen Udalak proposatuta”.

Eraikin berrian ere lan berdinekin jarraitu zuen Jose Ramonen aitonak, aitak bere lekukoa hartu zuen arte. Duela 50 urte inguru ostera, gainerako lanak utzi eta aizkorak soilik egitea erabaki zuen.

Zure aitonaren eta aitaren lanbideari eta enpresari jarraipena eman diozu.

Ni 10 urterekin hasi nintzen aitari laguntzen eta lanbidea ikasten. Dena den, ikasketak egin nituen Salesiarretan. 20 urte nituela, soldaduskatik bueltan, inflexio puntua iritsi zen. Beste leku batean lanean nenbilen, baina lan hura utzi eta aitarekin lanean hastea erabaki nuen. Ez naiz damutzen bide hau hartu izanaz.

Zertan aritzen zinen hasieran?

Enpresan bertan lan egiteaz gain, berezo berriak lortzeko asmoz kanpora irteten hasi nintzen, Santander aldera nagusiki. Izan ere, ordura arte aizkora gehienak ohiko bezeroei eta Hernaniko eta Ordiziako ferietan saltzen genituen.

Aizkorak egiten hasi zinenetik gaur egun arte garapen handia izan da?

Lan egiteko modua ikaragarri aldatu da. Orain askoz errazago egiten dira aizkorak, nahiz eta lan gogorra izaten jarraitzen duen. Hasieran ordubeten 4 aizkora egiten ziren, gero 8, aurrerago 12 eta gaur egun 40 inguru.

Zein teknikarekin egiten dituzu aizkorak?

Fundituta egiten ditut. Esan daiteke aizkorak orain dela 2.000 urte bezala egiten ditudala, erromatarrek egiten zituzten moduan, alegia. Hori bai, badago desberdintasun garrantzitsu bat, lehen kobrearekin egiten zirela, eta orain berriz, burniarekin. Garai hartan ez zekiten burnia fundintzen, horretarako tenperatura oso altuak behar direlako.

Aizkorak egiteko moduaz gain saltzekoa ere aldatu da?

Nik orain dela 40-50 urteko berezoak ditut: Nafarroakoak, Arabakoak, Bizkaiakoak, Gipuzkoak eta Iparraldekoak. Gero baditugu Santanderrekoak eta Burgosekoak ere. Berriak oso gutxi hartzen ditut, aurretik salduta ditudan aizkorak egiten baititut nagusiki. Dena den, internetekin mundu berri bat ireki zait azken bizpahiru urteetan.

Nondik jasotzen dituzu eskaerak?

Munduko leku guztietatik: Hego Amerikatik, Estatu Batuetatik eta Europako leku desberdinetatik, besteak beste.

Nola ezagutzen dute tailerra munduko txoko horietatik?

Aizkorari buruzko blog batzuk daude eta guri buruzko albisteak eta komentario onak jarten dituzte. Jendearentzat gainera sorpresa izaten da, izan ere, nire aizkorak probatu arte marka suediar eta amerikarrak soilik ezagutzen dituzte gehienek, eta bat-batean, deskubritzen dute Euskal Herriko txoko batean ere egiten ditugula. Nik gainera aizkorak Urnieta markarekin saltzen ditut.

Beraz, Urnietaren izena ezagutzera ematen da aizkoren bitartez.

Jendeak interneten Urnieta jartzean uste du marka edo enpresa bat izango dela, eta gero konturatzen dira herri bat dela. Aizkorei esker Euskal Herria eta Urnieta deskubritzen dituzte. Hego Amerikako jende askok deitzen dit jatorri euskalduna duela esanez.

Euskal Herrian badago beste aizkora enpresarik?

Euskal Herrian aizkorak egiten ditugun leku bakarra gara. Ni hasi nintzenean beste 4 enpresa ezagutu nituen, baina gainerakoak desagertu egin dira eta ziurrenik ni izango naizela azkena, ez dudalako inor ikusten atzetik jarraipena emateko. Halere, asko maite dut lanbide hau eta fisikoki ahal dudan bitartean jarraituko dut.

Zein bereizgarri dute zure aizkorek?

Euskal aizkora dela. Mundu guztian egiten dira aizkorak baina modelo hau hemen bakarrik egiten da. Aizkora hau oso ondo sartzen da eta hori funtsezkoa da, zenbat eta gehiago sartu orduan eta ezpala handiagoa askatzen duelako, eta ondorioz, kolpe gutxiago eman behar direlako. Gero aizkora libratzea ere garrantzitsua da, eta honek duen formarekin oso erraz ateratzen da.

Lan desberdinetarako erabiltzen diren aizkorak egiten dituzu, baita lehiaketakoak ere, eta hain zuzen, zure aizkora batekin irabazi berri du Aitzol Atutxak Euskal Herriko txapelketa.

Orain dela 40 urte arte aizkolari guztiek gure aizkorak edo Leitzan egindako batzuk erabiltzen zituzten lehiaketetan, Australiarrek aizkora hobeak ekarri zituzten arte. Orain dela bi urte nire buruari apustuko aizkora onak egiteko erronka jarri nion, eta uste dut lortu dudala. Horretan beste urnietar batek lagundu dit, Juan Mari Yurramendik. Programa baten bidez garatu ditu formak eta angeluak, eta horrela lortu dugu aizkora guztiak berdinak eta onak egitea.

Poza emango du egindako lanak fruituak eman dituela ikusteak ezta?

Poz handia bai. Jauzi hori emateko ikerkuntza lan handiak eta froga asko egiten ditut, baina azkenean lortu dut. Ea pixkanaka gero eta aizkolari gehiago animatzen diren gure aizkorak erabiltzera.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika