Albisteak

Organikoaren edukiontzira botatzen diren hondakinen %5,26 desegokia da

Zaborren bilketa sistema berria martxan jarri zenetik urtebete beteta, Urnieta Udalak epe horretan bilketa selektiboaren tasak izandako bilakaera ezagutzera emateko datuak argitaratu zituen aurreko hilabetan, eta berauek argi eta garbi erakusten dute aurrerapauso handia eman dela. Izan ere, 2017.urteko urtarriletik abuztura bitartean, bilketa selektiboaren tasaren batez bestekoa %51,5ekoa izan zen, eta 2018ko urtarriletik abuztura bitartean berriz %69,2koa izan da. Beraz, urte batetik bestera %17,7ko igoera eman da aipaturiko epean.

Dena den, oraindik badaude gauzak hobetzeko, organikoaren edukiontzira botatzen diren hondakin desegokiak esaterako.

Organikoaren edukiontzira botatzen diren hondakinetan arreta gehiago

San Markos zabortegian Urnietako organikoaren zabor edukiontzietatik zuzenean jasotako hondakinen karakterizazio azterketa bat gauzatu zen urriaren 5ean, organikoaren edukiontzira botatzen diren edukietatik zeintzuk diren zuzenak eta zeintzuk diren desegokiak ezagutzeko.

Organikoaren edukiontziko 250 kg-ko lagin bat hartu zen horretarako eta bertako osagaiak sailkatu ziren bakoitzaren pisua eta ehunekoa kalkulatzeko. Ondorengo taulan ikus daitezke eduki bakoitzari dagozkion datuak, baina ondorio nagusia ondorengoa da: organikoaren edukiontzira botatzen den edukien %94,74 zuzena den arren, gainerako %5,26 ez dagokio edukiontzi horri. Hondakin desegoki horien zati handi bat plastikozko poltsa desegokiak erabiltzeagatik sortzen da. Zentzu horretan gogorarazi, doan jaso daitezkeela organikoarentzako poltsa egokiak herritarren arreta zerbitzurako Bertan bulegoan.

Gauzak horrela, Udalak alor horretan arreta gehiago jartzeko eskatu nahi die herritarrei, izan ere, hondakinak ondo sailkatzea eta bilketa selektiboaren tasak igotzea guztion onurarako izango da.

Udalak birziklapen gida bat banatu zuen herriko etxe guztietara, herritarrek izan ditzaketen zalantza guztiak argitze aldera, zein hondakin bota behar diren edukiontzi bakoitzera, esate baterako.

Herritarren batek gida galdu edo topatzen ez badu, Bertan bulegoan eska dezake beste bat.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika