Albisteak

Bilketa selektiboaren tasa %17,7 igo da Urnietan

Urriaren 16an urtebete bete zen zaborren bilketa sitema berria martxan jarri zenetik eta ordutik hona nabarmena izan da bilketa selektiboaren tasaren garapena. 2017ko irailean, sistema berria martxan jarri aurretik, %53,9koa izan zen tasa. Urrian berriz, sistema berria abiatzearekin bat %61,1era igo zen, eta azaroan ostera, %68,8ra. Lehen hilabete horietako aurreikuspen baikorrak baieztatu egin dira hilabeteek aurrera egin ahala, eta datuek argi eta garbi erakusten dute sistema berria emaitzak ematen ari dela.

2017.urteko urtarriletik abuztura bitartean, organikoaren edukiontzi marroia giltzarekin eta bolondreski irekitzen zela, bilketa selektiboaren tasaren batez bestekoa %51,5ekoa izan zen. 2018ko urtarriletik abuztura bitartean berriz, organikoaren eta errefusaren edukiontziei sarraila elektronikoa jarrita eta errefusaren irekiera astean bi egunetara mugatuta, tasaren batez bestekoa %69,2koa izan da. Beraz, urte batetik bestera %17,7ko igoera eman da aipaturiko epean.

Sistema berriarekin izandako hobekuntza isladatzen du baita, urte batean eta bestean epe horretan jasotako organikoaren eta errefusaren kilo kopuruak ere. 2017an 216.640 kg organiko jaso ziren eta 2018an 333.390 kg. Errefusari dagokionean aldiz, 2017an 950.808 kg izan ziren eta 2018an 599.506 kg. Hortaz, organikoak dezente egin du gora eta errefusak ikaragarri behera.

Horrek guztiak esan nahi du herritarrak sistema berrira egokitzeko ahalegin berezia egin dutela eta Urnieta bide egoki bat egiten ari dela arlo horretan. Horrenbestez, Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei, baina era berean, jarrera horri jarraipena emateko eta ez erlaxatzeko eskatzen die, oraindik badaudelako gauzak hobetzeko, organikoaren edukiontzira botatzen diren hondakin desegokiak esaterako.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika