Albisteak

2019.urterako ordenantza fiskalak onartu dira, batez besteko %0,69ko igoerarekin, %2,2koa den KPI-ren azpitik

2019.urteko ordenantza fiskalak onartu ziren urriaren 29an ospaturiko udalbatzarrean. Aurtengoekin alderatuta, %0,69ko batez besteko igoera emango da, baina EAJ-ko bozeramaile den Maribel Vaquerok azaldu zuen moduan, proposatzen den igoerarekin ez da beteko KPI-ren (kontsumoko prezioen indizea) igoera, izan ere, %2,2koa baita KPI-a (2017ko abuztutik 2018ko abuztura bitarteko datuekin kalkulatzen da). Horrela, guztira, ordenantza fiskaletan planteatzen den igoera, KPI-ren azpikoa izanik, Udalak bere gastuak doitu beharko ditu. “Saiatu gara presio fiskala apenas igotzen, hobariak handitzen, eta egoera ekonomiko okerrenean daudenei laguntzen, eta hori guztia Udalak zerbitzuak emateko behar dituen gutxienekoak bermatuz egin da”. Hala ere, Urnietako familia “ohiko” baten presio fiskala 623 eurotakoa bazen 2018.urtean, 2019an 629 eurotakoa izango da. Presio fiskalaren kalkulua herritar guztiek erabiltzen dituzten ohiko zerbitzuen baitan egiten da (ura, zaborra, IBI-a eta ibilgailuen zerga).

Bozketa 12 blokeetan zatituta egin zen eta ia erabateko adostasuna egon zen EAJ eta EH Bilduren artean. EAJ-k bloke guztietan baiezkoa eman zuen eta EH Bildu bere aldetik, batean soilik abstenitu zen, gainerako guztietan alde agertu zelarik. PSE ostera, 7 blokeetan alde agertuagatik, beste lauretan aurka izan zen, eta beste batean abstentziora jo zuen. Ezezko botoak azaltzeko sozialistek erabili zuten argudioa zergen igoeren aurka zeudela izan zen, baina Vaquerok erantzun zien, diru-bilketa ezinbestekoa dela Udalak kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko eta hobariak aplikatzen segitzeko, eta gainera, igoera bizitzak izan duen gorakada baino txikiagoa izango dela.

Zerbitzu batzuen prezioetan ez da aldaketarik izango,  uraren kontsumoagatik ordaintzen den kantitatean, esaterako. Hondakinei dagokienean ere, birziklatzen duten familiek diru kantitate berdina ordaintzen jarraituko dute, hiru hilabetero 25 euro. Halaber, auto-konposta egiten dutenek jaitsiera bat izango dute, hiru hilez behin 25 euro ordaindu beharrean 22 euro ordainduko dituztelako aurrerantzean.

Beste zerga batzuetan igoera txikiak izango dira. Igoera horiek KPI-a aintzat hartuta gauzatu dira. Estolderian adibidez, %2ko igoera izango da. Trakzio mekanikoko ibilgailuen kasuan berriz, %2,2ko igoera izango da, baina era berean, hainbat hobari aplikatuko dira: auto elektrikoa dutenentzat hobaria %75ekoa izango da, auto hibridoa dutenen kasuan %50ekoa, 5 plaza baino gehiagoko ibilgailua duten familia ugarien kasuan %20koa, eta familia ugari eta berezia bada ordea, %50ekoa.

Horretaz gain, Udalak antolaturiko ikastaroetan ere hobariak izango dituzte familia ugariek, izena ematen duen familiako kide bakoitzeko %20koa, zehazki.

Igogailuaren obraren lizitazioa irekita

Ordenantza fiskalez aparte Eteneta-San Juan igogailua eraikitzeko egin beharreko obraren pleguak onartu ziren bilkuran, eta ondorioz, gero eta gertuago dago eraikuntza lanak hasteko eguna. Orain arte jarraitutako bideari dagokionean, plan berezia garatu eta proiektua onartu ostean, proiektuak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda onartu zen, ondoren Udalak lur horien jabetza eskuratzeko. Dagoeneko sinatu dira desjabetzeen okupazio aktak, eta aipatu moduan urriaren 29ko udalbatzarrean, igogailua eraikitzeko gauzatu beharreko obraren pleguak onartu ziren. Onarpena EAJ eta EH Bilduren aldeko botoekin gauzatu zen. PSE-k berriz, aurkako bozka eman zuen.

Beraz, lizitazioa irekita dago eta epe barruan aurkezten den enpresetako bati esleituko zaizkio lanak, lehenbailehen eraikuntzarekin has dadin. 898.671,58 euro + BEZ-eko diru kantitatea bideratuko da lan horietara.

Kiroldegiaren erreformarako lehen urratsa

Egun horretan bertan ospatu zen Gobernu batzarrean bestalde, kiroldegia eraberritzeko bidean beste pauso garrantzitsu bat eman zen, izan ere, erreformarekin hasi aurretik lekualdatu egin behar da igerilekuko uraren birzirkulaziorako makineria, gaur egun, instalazio hori epe laburrean eraitsi beharko den eraikinaren barruan aurkitzen delako nagusiki. Hain zuzen, lan horiek gauzatzeko egin beharreko obraren pleguak onartu ziren EAJ eta EH Bilduren baiezko bozkarekin. PSE bere aldetik, abstenitu egin zen. Beraz, kiroldegia eraberritzeko bidean obra hau lehenengo pausoa dela esan daiteke, ezinbestean aurretik egin beharreko lan bat da eta.

Instalazio gehigarri bat eraikitzean datzan obra hori gainera, lehenbailehen gauzatu behar da herritarrek udaran igerilekua erabili ahal izateko. Irailaren 25ean ospaturiko udalbatzarrean 347.000 euroko kreditu aldaketa onartu zen lan horiek sortuko dituzten gastuei aurre egiteko, eta orain, obra hori egiteko pleguak onartu dira. Hortaz, enpresek proposamenak aurkezteko epea dute, eta epea ixtean, jasotako proposamenak aztertu eta obra esleituko da segidan lanei hasiera emateko. Helburua udararako amaituta egotea da.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Google Plus Email

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika
Cookie Politika